BBVA berriro saiatuko da Sabadell erosten

Bat egitearen aukera aztertzeko BBVAren proposamena jaso duela baieztatu du Sabadellek. Duela lau urte bi astez izan ziren negoziatzen, baina ez ziren ados jarri. Erosketa gauzatuko balitz, taldeak 70.000 milioi euroko ondarea luke.

(ID_13548234) ESPAÑA BBVA RESULTADOS
BBVA bankuko agintariak, urtarrilean, 2023ko emaitzen aurkezpenean, Madrilen. JP GANDUL
joxerra senar
2024ko apirilaren 30a
15:45
Entzun

Aurretik ere ahalegindu zen, baina, azkenean, ez zen akordiorik izan BBVAren eta Sabadellen artean, salerosketaren prezioa dela eta. Ikusirik Sky News Erresuma Batuko telebista kateak horri buruzko informazioa zabaldu duela, BBVAk baieztatu du berriro ere saiatuko dela Sabadell bereganatzen. CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari igorritako prentsa oharrean, berretsi du operazioa aztertzeko adituak kontratatu dituela.

Oharra kaleratu eta ordu erdira, «astearteko 13:43an» bat egite baten aukera aztertzeko proposamena jaso duela baieztatu du Sabadell berak. «Administrazio Kontseiluak behar bezala aztertuko ditu proposamen honen alderdi guztiak», adierazi du Gonzalo Barettino bankuko idazkari nagusiak.

Albistea baieztatu eta berehala, Ibex-35 indizean Sabadell bankuaren kotizazioa %7tik gora igo da, baina, arratsaldeak aurrera egin ahala, beherantz egin dute. Merkatua ixteko garaian eta atzoko balioarekin alderatuta, %3,37koa zen igoera. Alderantziz, BBVAren akzioak %6,65 merkatu dira.

BBVAk CNMVra igorritako oharrak azaltzen duenez, «prentsak kaleratutako informazioak» bultzatu du operazioaren berri ematera. Bankuak adierazi du aholkulariak kontratatu dituela. Sky Newsek zabaldutakoaren arabera, kontratatutako finantza erakundeen artean JP Morgan estatubatuarra dago.  

Operazioak ustekabean hartu du finantza sektorea. Tamaina ertaineko banku bat beretzeko aukeraz hitz egin da, eta horietako bat Unicaja izan zitekeen. Lehen hiruhilekoko emaitzak kaleratu osteko egunean etorri da albistea. BBVAk urtarriletik martxora 2.200 milioi euro garbi irabazi zituen, iaz epe berean baino %19 gehiago. 

Bilioi bat euroko balantzea

Abiapuntuan baino ez daude bi erakundeak, eta ikusiko da operazioa burutuko ote duen. Hala balitz, are handiago egingo litzateke BBVA taldea. Egun, Sabadellek burtsan dituen akzioen balorazioa aintzat hartuz gero, ia 10.000 milioi euroko kapitalizazioa du —9.900 milioi eurokoa—-. BBVA beraren kapitalizazioa gehituta, 70.000 milioi euro inguruko ondarea luke. Aktiboei dagokienez, bilioi bat euroko langa gaindituko luke, Europako finantza erakunde handienen pare —betiere lehiaren inguruko agintaritzak har ditzakeen neurrien menpe—. 

Duela lau urte, bi asteko negoziazioen ostean, Sabadell bankuko arduradunek ez zuten onartu BBVAren eskaintza. Operazioaren prezioa izan zen oztopoetako bat. Unean uneko argazkiaz gain etorkizuneko bilakaera baloratzerako orduan ez ziren ados jarri. Sabadellen arabera, BBVAk ez zuen kontuan izan «negozioaren potentziala eta bankuaren independentziaren galera». Hain justu, hori izan zen beste oztopoa: BBVAren asmoa zen banku berria kontrolatzen jarraitzea.

Saio berri honetan ikusiko da bi aldeak gai ote diren korapilo horiek askatzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.