Auto elektrikoak erosteko laguntzak luzatu ditu Madrilek

Beste 200 milioi euro jarri ditu autoetarako, eta 50 milioi kamioietarako eta autobusetarako.

Auto elektrikoaren kargaleku bat. JIM LO SCALZO / EFE
Auto elektrikoaren kargaleku bat. JIM LO SCALZO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko ekainaren 25a
17:30
Entzun

Auto elektriko bat erosi nahi duen Hegoaldeko herritarrak gutxienez abenduaren 31 arteko astia izango du laguntza publiko bat jasotzeko. Laguntzak arautzen duen plana uztailaren 31n zen bukatzekoa, baina Espainiako Gobernuak bost hilabetez luzatu du, eta diru gehiago jarri du hura finantzatzeko. Diru hori etxeetan kargalekuak jartzeko ere erabili ahal da.

Moves III plana 2021ean onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta 400 milioi euro jarri zituen auto elektriko bat edo hibrido entxufagarri bat erosi nahi zutenei laguntzeko. Gutxienez 2.500 euro dira, eta gehienez 7.000 euro —auto zaharra bota eta elektriko berria erosiz gero—.

Orduz gero bi aldiz luzatu du plana Madrilek, eta orotara 1.200 milioi euro jarri ditu, Europako Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuta. Diru horretatik 130 milioi euro inguru geratzen ziren banatzeko, baina Maria Jesus Montero Ogasun ministroak jakinarazi du beste 200 milioi jarriko dituztela, urte amaiera arteko erosketak finantzatu ahal izateko. Gainera, 50 milioi gehiago izango dira kamioi eta autobus elektrikoak erosi nahi dituztenentzat (450 milioi, guztira).

Erdipurdiko emaitza

Moves III planaren emaitza erdipurdikoa izan da. Izan ere, auto elektrikoen kuota %5ekoa baizik ez da Espainian, Europako Batasuneko batezbestekoaren azpitik (%12) eta Europa iparraldean ohikoak diren kopuruetatik are urrutiago —%30 dira Herbehereetan, eta hortik gora Eskandinavian—. Hego Euskal Herrian, auto elektriko hutsen merkatu kuota Espainiakoa baino pixka bat handiagoa da (%7, aurten), batez ere Nafarroari esker (%12).

Emaitza uste baino apalagoa izan arren, autoen sektoreak txalotu egin du Moves plana luzatzea, hura gabe elektrikoen salmenta apaldu egingo dela uste baitu. Hori gertatu da Alemanian: laguntzak 2023an bukatu ziren, eta iaz baino %18 elektriko gutxiago saltzen ari dira aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.