Antxoaren kanpaina ona izaten ari da, prezioek behera egin arren

Iaz garai honetarako arrantzatutakoa halako bi porturatu dute. Nabarmen handitu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako salmentak, bertako eta kanpoko ontzienak.

ANTXOA
Arrantzale bat antxoak deskargatzen Getariako portuan (Gipuzkoa), ostiral honetan. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 3a
15:00
Entzun

Aurtengo lehenengo bi arrantza kanpaina nagusiak lortzen ari diren emaitzekin, «pozik» daude Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleak. Ohi bezala, martxoan berdelarekin hasi ziren, eta, dagoeneko, inguraketako ontziek kuota osoa agortu dute. Berdelaren kanpainaren ostean etorri ohi da antxoarena, eta orain artekoa «oso ona» izaten ari dela azpimarratu dute. Iaz garai honetarako arrantzatutakoa halako bi porturatu dute, eta maiatz osoa dute aurretik, hegaluze kanpainari ekin baino lehen.

Datu on horiek, baina, badute beren ifrentzua: arrain gehiago lonjetan, prezio txikiagoa merkatuan. Hori hala izanik ere, berdelaren eta antxoaren kanpainak aurreko urteetakok baino errentagarriagoak izango diren susmoa daukate kofradietan. Arrazoi batengatik: aurten Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetatik gertuago arrantzatu dituzte bi espezieak. Hala azpimarratu du kofradietako arduradunek Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin Getarian (Gipuzkoa) egindako agerraldian.

Iaz, antxoatan bereziki, Kantabriako eta Asturiasko kostan (Espainia) aritu ziren. Arrantza egun gehiago egin behar izan zituzten, eta urrutiago joan behar izan zuten, produkzio kostuak garestituz. Gainera, antxoa arrain «delikatua» denez, hango lonjetan saldu behar izan zuten, garraioan kaltetu ez zedin, eta horrek Bizkaiko eta Gipuzkoakoen salmentei eragin zien. Aurten, Euskal Herriko portuetako salmentak nabarmen handitu dituzte, bai bertako ontzienak, bai kanpokoenak. «Eta hori oso garrantzitsua da. Gure portuei ez bazaie arraina ematen, ez dugu kate komertziala elikatzen, eta gure portuetatik alde egiten du», azpimarratu du Miren Garmendia Gipuzkoako kofradietako idazkariak.

«Bertako produktua eta freskoa nahi dugula esaten badugu, preziatzen badugu, garestiago ordaintzeko prest egon behar dugu».

 ARANTXA TAPIAEusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua

Maiatzaren 1era arte, 6.700 tona antxoa deskargatu dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz data berean porturatukoa halako bi: horren guztiaren %39 bertako ontziek egin dute. Batez beste 1,51 eurotan ordaindu da kiloa; iaz, 1,97 eurotan. Jaitsieraren arrazoi nagusia antxoaren tamaina izan da, eta ez bereziki gaztea delako; horretan ere itsasoaren uren berotzeak zerikusia izan dezakeela ondorioztatu dute lehen ikerketetan. 

Prezioari dagokionez, kontserben industriak nahiago izaten du handiagoa, eta horrek garestitzen du lonjetan, freskoan gutxiago ordaindu ohi delako, kontsumoa txikiagoa delako. Hori bultzatzeko kanpainak abiatu ditu Jaurlaritzak, baina arrakasta handirik gabe. «Bertako produktua eta freskoa nahi dugula esaten badugu, preziatzen badugu, garestiago ordaintzeko prest egon behar dugu», adierazi du Tapia sailburuak.

Kuotekin lehian

Arrantzaleek nahiko luketenetik oso urrun daude gaur egungo prezioak, Garmendiak adierazi duenez. Haren ustez, antxoaren tamainaz gain, arrantza kuoten banaketak ere zerikusia du horretan: gaur egun, bakarra dago Espainiako banderarekin Kantauriko itsas eremua deiturikoan aritzen diren barku guztientzat, eta «oso zaila» izaten da haien artean ados jartzea arrantzara noiz atera erabaki eta merkatuan eragiteko. 

Antxoa asko eta gertu topatzen ari direnez, deskargak handiak izaten ari dira. Dena den, kuota horren %38 baino ez dute arrantzatu oraindik, eta Garmendiak espero du geratzen denarekin bestela jokatuko dutela. Hala ere, zuhur mintzo da, eta kexu. «Lehia handia dago. Guk ez dugu gehiago arrantzatu ala ez erabakitzeko tresna bat, berdelarekin dugun bezala».

Berdelarekin, arrantza tekniken arabera banatzen da Espainiako kuota, eta hori, gero, barkuen artean. Inguraketa teknika erabiltzen dutenek jada amaitu dute berea, eta arrastekoek ia (%87). Amuarekin aritzen direnek, aldiz, %21 baino ez. Berdelaren kanpainaren «puntu grisa» da hori, Tapiak nabarmendu duenez. Iaz ere gauza bera gertatu zen, eta ikerketa bat abiatu zuten. Horren lehen hipotesiek diote itsasoko uren tenperaturek eragina izan dezaketela: berdela iparraldetik sartzen da, eta oso azkar alde egiten du, eta ohi baino sakonago egoten da, amua erabiltzen dutenen arrantza zailduz.

Gaur egun teknika hori 80 ontzi inguruk erabiltzen dute, eta 60 inguru Bizkaikoak dira, lurralde horretako kofradietako presidente Eusebio Arantzamendik azaldu duenez. Barku txikiak dira, bost kide ingurukoak. Baina berdelarena urteko kanpainarik garrantzitsuenetarikoa izaten da haientzat. «Kolpe gogorra jasaten ari dira».

Prezioari dagokionez, antxoarenak ez bezala, berdelarenak gora egin du: batez beste 1,33 eurotan ordaindu da berdel kiloa; iaz, 1,05 eurotan, gutxiago arrantzatu zelako, %18 gutxiago. Guztira, 9.100 tona deskargatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, %64 bertako ontziek. 

ANTXOA
Kazetari grafikoak antxoa kaxa baten irudiak hartzen, Getarian, gaur. IREKIA

Kaxarik gabe geratu dira Ondarroako portuan

Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan egiten ari diren antxoa deskarga handiak bestelako ondorio batzuk ere baditu. Arrain hori gorde eta garraiatzeko kaxarik gabe geratzen ari dira portuetan. Hala gertatu da Ondarroan gaur. Ontziak ez dira arrantzara atera, eta ez dute enkanterik egin. 300.000 kaxa ditu kofradiak. Datozen egunetan itzuliko dizkiote erosleek, eta beste 30.000 erosi ditu, astelehenean jardunera itzuli ahal izateko. Beste portuetan ere arazoak dituzte horrekin. Gero eta ohikoagoa da Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan erosten diren antxoak nazioarteko merkatuetara eramatea, izozteko bereziki, eta hori kutxak garaiz itzultzea oztopatzen ari da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.