Iker Aranburu.

Liz Truss, gogoan zaitugu

2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Oroitzen Liz Truss? Downing Streeteko gela guztiak bisitatzeko ia astirik gabe, 2022ko urrian Erresuma Batuko lehen ministro kargua utzi zuen, 49 eguneko agintaldiaren ondoren. Ez zuen oposizio laboristak bota, ezta toryen barne xextra amaiezinek ere: finantza merkatuek kanporatu zuten, haientzat ere ez hankarik ez bururik ez zuen plan bat aurkeztu zuelako. Zerga jaitsiera orokor bat aurkeztu zuen, baina hori nola ordainduko zuen azaldu gabe. Merkatuek berek ez zioten barkatu neoliberalismo gordina, eta burtsak amildu eta Erresuma Batuko zorraren prezioa izugarri handitu zenean, Trussek dimisioa eman zuen, kalte handiagorik izan ez zedin.

Bada, Trussen itzala azaldu da berriro azken asteetan, baina Frantzian. Emmanuel Macronek hauteskundeak aurreratuko zituela jakinarazi ondoren, 50etik 80 puntura igo zen arrisku saria, eta Parisko burtsak astindu txiki bat izan zuen. Zergatik? Boz horiek irabazteko faborito nagusia RN Batasun Nazionala delako.

Zeren beldur dira merkatuak? RN boterera iristearen eta oposizioan zegoela esaten zituen gauza guztiak indarrean jartzearen beldur. Hala nola erretiro adina berriro 62 urtetan ezartzea, zergak jaistea, sektore publikoaren atal batzuk pribatizatzea eta autobideak publiko egitea, energiaren eta elikagai askoren BEZa apaltzea, neurri protekzionistak hartzea, tokiko erakundeak kentzea...

Orain arte oposizioan zegoenez eta boterea ukitzeko aukera gutxi zituenez, eskuin muturrak orokorkeriekin erantzun du galdetu diotenean neurri horiek nola finantzatuko dituen. Ohiko formula aipatu izan du —zerga iruzurra gutxitzea—, eta indarrean jarrita ere —eta hori oso zalantzazkoa da—, ezer gutxi ekarriko luketen neurriak aipatu ditu: etorkinen laguntza publikoak gutxitzea eta EBri egindako ekarpena txikitzea.

jordan bardella
Jordan Bardella RN Batasun Nazionaleko burua, hauteskunde kanpainan. TERESA SUAREZ / EFE

Merkatuen lehen erreakzioak balio izan dio eskuin muturrari ohartzeko suarekin ari dela jolasean, eta Jordan Bardella RNko hautagaia suhiltzaile lanetan aritu da azken egunotan. Telebistaz telebista, egunkariz egunkari joan da, lasaitasun mezua ematen merkatuei eta eskuin moderatuagoari. Lehentasuna dauka erregaiaren, argindarraren eta gasaren BEZa %20tik %5,5era jaisteak, baina gainontzeko neurriak hartu aurretik begirada bat eman nahi die kontu publikoei, esan duenez, «errealitate ekonomikoa aintzat hartu behar delako».

Kontu horiek adieraziko diote tentuz jokatu beharko duela, Frantziak arazo serioa baitu bere kontu publikoekin. Iaz, azken 50 urteetan bezalaxe, defizita izan zuen Frantziak: bere BPGaren %5,5, gobernuak kalkulatu baino sei hamarren gehiago. Defizit hori zorrera doa,  eta dagoeneko 3,1 bilioi euro zor ditu, BPGaren %110. EBn, soilik Greziak, Italiak eta Portugalek dute zulo handiagoa. Aste honetan, Europako Batzordeak jakinarazi dio prozedura irekiko diola gehiegizko defizita izateagatik.

Ezkerra: gastua eta zergak aberatsentzat

Baina eskuin muturrarekin ez ezik, ezkerrarekin ere kezkatuta dagoela azaldu du botere ekonomikoak. «RNren programa arriskutsua da Frantziako ekonomiarentzat; Fronte Popular Berriarena, are gehiago», esan du Patrick Martin Medef patronaleko buruak, ezin ezkutatuz nor nahiko lukeen gobernuan.

Ezkerraren batasunaren programak gastu publikoa handitzea proposatzen du Frantziaren arazo ekonomiko eta sozialei erantzuteko: hark ere eten nahi du pentsioen erreforma, handitu egin nahi ditu langile publikoen sariak eta pentsio txikiak, gutxieneko soldata 1.600 eurora emendatu nahi du, 200.000 etxebizitza sozial eraiki, haurtzaindegiak zabaldu, industria kutsagarrien zerga beherapenak kendu, oinarrizko produktu batzuei gehienezko prezioak jarri...

Fronte Popular Berria
Fronte Popular Berriaren afitxa bat, Montreuil hirian. TERESA SUAREZ / EFE

Gastu horiek guztiak ordaintzeko aberatsen patriketara begira jarri da ezkerra: berriro jarri nahi du indarrean Macronek indargabetutako ISF aberastasunaren gaineko zerga, eta errenta zerga eta Gizarte Segurantzarako kontribuzioak handituko lizkieke. Enpresa handien «gehiegizko mozkinak» ere zergapetu nahi ditu Fronte Popularrak, eta haien zerga kenkari batzuk kendu.

Nola erantzungo liokete merkatuek proposamen horiei? Zer eragin izango dute Frantziaren hurrengo gobernuaren jardunean? Uztailetik aurrera erantzun beharreko galderak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.