Iker Aranburu.

Dublinek ez daki zer egin diruarekin

2024ko irailaren 10a
17:45
Entzun

Bada, itxura batean, zerbait ulertezina Irlandaren eta Appleren arteko zergaren kasuan: Dublingo gobernua AEBetako konpainiarekin lerratu zen, eta helegitea jarri zion Europako Batzordearen ebazpenari. Hau da, bazirudien Irlandako Gobernuak 13.000 milioi euro oparitu nahi zizkiola munduko konpainia errentagarrienetako bati.

Errealitatea, noski, hori baino konplexuagoa da, eta kalkulu ekonomiko batean oinarritzen da: Dublingo agintariek uste izan dute gehiago irabazi dezaketela multinazionalekin bigun jokatzen, haien irabazien arabera dagokiena ordainarazten baino. Gobernu aldaketek ez dute politika hori aldatu, funtsean familia liskar batek —1922-23ko gerra zibilak— banandutako anaia bikiak direlako Irlandako Errepublika bere ehun urteko historian gidatu duten bi alderdi kontserbadoreak, Fine Gael eta Fianna Fail.

Egiari zor, esan behar da politika horrek funtzionatu egin diola Irlandari, neurri handi batean EBko beste kideen kaltetan izan bada ere. 1990eko hamarkadan iristen hasi ziren AEBetako multinazional teknologikoak (Intel, Meta, Apple, Alphabet-Google, Microsoft, Amazon...), farmazeutikoak (Pfizer, Johnson&Johnson) eta beste batzuk. Irlandak langile gazteak, formatuak eta ingeles hiztunak zituela nabarmendu ohi zuten denek, baina horrek nekez ezkutatu zezakeen zein zen uhartearen erakargarritasunik handiena: %12,5eko sozietate zerga bat, eta, orain egiaztatu denez, trikimailuen bitartez gauzak are gehiago errazteko prest zegoen gobernu bat.

Gaur egun, AEBetako Irlandako Merkataritza Ganberaren arabera, AEBetako 970 konpainia daude Irlandan, 378.000 lagun enplegatzen dituzte zuzenean eta zeharka, eta urtero 41.000 milioi euroren ekarpena egiten diote Irlandako ekonomiari. Haien eskutik, Irlandak EBko kide pobreenetako bat izateari utzi dio, eta aberatsen artean bigarrena da orain, biztanleko BPGaren arabera neurtuta. Hori bai, multinazional horiek ekonomian daukaten pisu neurrigabe horren ondorioz, BPGa ez da Irlandaren aberastasun ekonomikoa neurtzeko modurik egokiena, diruaren zati handi batek AEBetan bukatzen baitu.

Baina hori gabe ere, argi dago Irlandak aspaldi utzi ziola etorkinak esportatu behar zituen herrialde pobre hori izateari. Orain, beste arazo bat du Dublingo gobernuak: ez daki zertan gastatu bere kutxetan sartzen den diru guztia. Edo, hobeto esanda, ez daki orain erabili behar duen ala zati bat gordetzea komeni ote zaion.

Ezohiko irabaziak

Azken urteetan, eurogunea atzeraldiarekin lehian aritu denean, Irlanda sendo hazi da, eta Dublingo gobernuak superabit handiak bildu ditu: 8.600 milioi 2022an, 8.300 milioi iaz, eta aurten beste 8.600 milioi espero ditu. Hau da, 25.000 milioi eurotik gora ditu gastatzeko: Euskal Herriko gobernuen urte osorako aurrekontua. 

Diru horren zati handi-handi bat sozietate zergaren emaitza ikusgarrien ondorio da —multinazionalak, berriro ere—, eta, ezohiko irabaziak direlakoan, gobernuak zuhur jokatzea erabaki du: bi funts subirano sortu ditu, etorkizuneko beharrei erantzuteko, hala nola pentsioei, klima aldaketari eta azpiegiturei. Erabaki horretan pisu handia izan du duela hamarkada bateko Tigre Zeltiarraren erorikoak, 67.500 milioi euroren erreskate bat eskatu behar izan zuenekoak, baina baita gastuaren bitartez inflazioa ez berpizteko ahalgin batek ere. 2035erako 100.000 milioi izan nahi lituzke funts horietan.

Baina, noski, ahots kritikoak sortu dira: zertarako gorde orain non gastatu baldin badago? Izan ere, Irlandaren arrakasta ekonomikoari ez zaizkio argi-ilunak falta. Ia 700.000 herritar bizi dira pobrezia mailatik behera, eta ospitaleetako itxaron zerrendak luzeak dira.

Inkesten arabera, ordea, etxebizitza da irlandarren kezka nagusia. Hazkunde ekonomikoak biztanleria handitu du, baina etxeen falta gero eta nabarmenagoa da, hirietan nagusiki. Iaz 33.000 etxebizitza amaitu zituzten, baina hori halako hamar behar dira. Eskasiak prezioak leherrarazi ditu: Dublinen, bi gelako apartamentu baten alokairua hilean 2.000 eurotik gorakoa da batez beste. 2010eko hamarkadaz geroztik inbertsio funtsek alokairurako etxebizitzak pilatzeak egoera okertu besterik ez du egin.

etxegabeak

Etxegabeen kanpadendak, Dublingo Grand Canal ubidean. TOLGA AKMEN / EFE

Azpiegiturak hobetzea ere ez da motz geratzen lehentasunen artean, oso eskasak baitziren duela gutxi arte.

XXI. mendearen hasieran autobide bakarra zegoen uhartean, Belfast eta Dublin artean, baina osoki ez zuten bukatu 2007 arte. Poliki bada ere, azken urteetan gehiago egin dituzte, eta gaur egun posible da Dublindik bizkor joatea Errepublikako beste hiri nagusietara (Cork, Galway, Waterford, Limerick), baina, zentralismoaren ajeengatik, hirien artekoak falta dira, eta oraindik ohikoa da kamioiek herri koskorretako erdiguneak zeharkatu behar izatea.  

Dublingo aireportuak, kontinentean bidaiari gehien garraiatzen dituztenetan hamahirugarrena izan arren —33 milioi, Bilbokoak halako bost—, ez du tren loturarik hiriburuarekin; proiektua atzeratuz joan da, eta lanak ez dira hasi ere egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.