Iker Aranburu.

Demografia egoskorra da

2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

Ertz askoko gaia immigrazioarena, eta, sinplekeriak alde batera uzteko gai izanez gero, eztabaida interesgarri ugarirako ematen dute immigrazioaren ondorio sozialek, kulturalek eta linguistikoek. Baina, ondorio ekonomikoei dagokienez —eta Europako ikuspuntu batetik begiratuta—, eztabaida esaldi bakarrean laburbildu daiteke: etorkinak derrigorrezkoak dira gaur egun. Haiek gabe, ekonomiak ezingo lioke eutsi. 

Hala ere, immigrazioak gero eta pisu handiagoa du Europako hauteskundeetan, eta ez onerako. Hori argi ikusi zen Europako Parlamenturako azken hauteskundeetan, eta hala ikusiko da gaur Alemania ekialdeko bi landerretan egingo dituzten hauteskundeetan. Inkestak betetzen badira, botoen %30 inguru lortuko ditu eskuin muturreko AfDk Turingian eta Saxonian, neurri handi batean etorkinen aurkako mezuen bandera astintzen ari delako.

Errefuxiatu batzuk kanporatuz eta gogor plantak eginez erantzun du Olaf Scholz kantzilerrak, nahiz eta ongi dakien Alemaniaren ekonomiaren motorrak etorkinen beharra duela martxan jarraitzeko. BERRIAk Alemaniaren arazo ekonomikoei buruz duela hilabete batzuk egindako erreportajean, adituek garbi izan zuten: demografia da arazo handiena. Zahartzen ari da Alemaniako biztanleria —urtero 400.000 langilek hartzen dute erretiroa—, eta jaiotze tasak handitzeko politikek ez dute estaliko zulo hori, funtzionatzeari utzi diotelako, inoiz funtzionatu bazuten. 

sajonia
AfDren aurkako manifestazio bat, atzo, Dresdenen. FILIP SINGER / EFE

Azken urteetan 20-64 urte arteko bi milioi lagun galdu ditu Alemaniak, eta litekeena da hurrengo hamarkadan beste bost milioi galtzea, hau da, lanerako daudenen %10. Ondorioa ikusten da jada: analisi ekonomikorako institutuen arabera, 1,6 milioi lanpostu bete gabe daude Alemanian, eta ingeniarien, garraiolarien eta osasun arloko langileen eskasia da larriena. 

Eta zulo hori are handiagoa zatekeen baldin eta 2015ean Angela Merkelek ausart jokatu eta Siriako gerratik ihesi zebiltzan 900.000 errefuxiaturi atea ireki ez balie. Gizatasunak bultzatutako erabakia izan ote zen? Neurri batean bai, baina nekez izan zitekeen hori arrazoi bakarra, orduko kantzilerrak ere bazekielako erabaki horrek zein arrisku politiko zituen. 

Argudia daiteke biztanleria gutxitzea ez dela berez txarra, eta gutxiago Alemaniaren moduko herrialde populatu batean, baina, biztanleriaren zahartzearekin uztartzen ari denez, arazo latzak sor ditzake ehun produktiboan eta zerbitzu publikoen finantzaketan. Batez ere, haren galera bizkortzen bada, eta, immigrazioa geratuz gero, hala gertatuko da.

EBren pisu demografikoa

Arazoa antzekoa da Europako Batasuneko herrialde guztietan, eta bereziki Mediterraneo aldekoetan, haietan eduki baitituzte jaiotze tasarik txikienak 1980ko hamarkadaz geroztik. Gaur egun, EBk munduko biztanleriaren %6 baizik ez dauka, duela hamarkada gutxi batzuk zuenaren erdia baino gutxiago.  2011n jo zuen goia lanerako adinean zeuden biztanleen kopuruak, 270 milioi lagun baitzeuden, eta aurten, Asiako, Hego Amerikako eta Afrikako milioika etorkin jaso arren, 162 milioi ditu. 

Hego Euskal Herrian, azken hamar urteetan iritsitako 220.000 lagunek konpentsatu dute 'bertakoak' 255.000 gutxitu izana

Lan egiteko adinean daudenak %62 ziren EBn 2000ko hamarkadaren amaieran, eta %58 dira orain. Kopuru horiek ditu gutxi gorabehera Euskal Herriak ere. INEren datu berrien arabera, azken hamar urteetan 105.000 handitu da biztanle kopurua Hego Euskal Herrian, baina 20-64 urte artekoen kopuruak jaitsiera txiki bat izan du (2.200). Tarte horretan, 246.000tik 436.000ra igaro da Hegoaldetik eta Espainiatik kanpo jaiotakoen kopurua; %8,7 ziren 2014ko uztailean, eta %15 2024an. Eta haiei esker ez da amildu lan egiteko adinean daudenen kopurua: iritsitako 222.000 lagunek konpentsatu dute bertakoak 225.000 gutxitu izana.

Immigrazioaren eztabaida oso kutsatuta dagoenez, Europako gobernuak mantra batekin erantzun nahian dabiltza: immigrazioa bai, baina kontrolatua. Horretan aritu da aste honetan Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Afrika ipar-mendebaldean. Ziur aski alferrikako ahalegina izango da, errealitatea egoskorra delako, eta immigrazio fluxuak kontrolagaitzak direlako. Miseriatik eta jazarpen politiko, sozial eta sexualetik ihesi dabiltzanak erabat geratzerik ez dago, eta —dena ez dela urre jakinda ere—, ikuspuntu ekonomiko huts batetik, ezta komenigarria ere.

Itsasoan erreskatatutako migrante afrikarrak, aste honetan, Kanariar Uharteetan. GELMERT FINOL / EFE
Itsasoan erreskatatutako migrante afrikarrak, aste honetan, Kanariar Uharteetan. GELMERT FINOL / EFE
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.