Agur t'erdi, Polo

Gaur egin dute azken Poloa Volkswagenen Iruñeko lantegian. Modelo hori ekoizten uztea beste urrats bat da Landabenen auto elektrikoen produkziorako bidean.

Azken Polo autoa, gaur Landabenen. NAFARROAKO VOLKSWAGEN
Azken Polo autoa, gaur Landabenen. NAFARROAKO VOLKSWAGEN
Irune Lasa.
2024ko uztailaren 2a
17:30
Entzun

Landabenen agur esan diote Polo auto modeloari. 40 urteren ostean, gaur irten da fabrikatik han egingo den mota horretako azken alea, eta, hala, beste mugarri bat ezarri da Iruñeko lantegiak auto elektrikoetara derrigorrez egin beharreko bidean.

Azken Poloa Nafarroan egindako 8.422.161. alea izan da. Volkswagenen arabera, Espainian salduko da 95 ZP-ko 1.0 TSi motorra eta eskuzko abiadura kaxadun polo urdina.

VWk, dena den, jarraituko du errekuntza motorreko poloak egiten, baina haien produkzioa Hego Afrikara aldatuko du, Kariegako fabrikara. Handik salduko dira orain Polo autoak, besteak beste, Europara.

Bitartean, Iruñean T-Crossak eta Taigoak ekoizten jarraituko dute, baita fabrika egokitzen ere, Poloak utziko duen tokia baliatuz. Izan ere, Alemaniako taldearen plangintzan 5.000 langile inguru dituen Nafarroako fabrikari bi auto elektriko eredu ekoiztea esleitu diote, Skoda markakoa bata eta Volkswagenena bestea. Asmoa da biak 2026. urtean merkaturatzen hastea.

Ikonikoa

Polo autoa, ezbairik gabe, garrantzitsua izan da Landabenentzat. Volkswagen Golfaren senide txikia izan behar zuenaren arrakastari erabat lotua joan da fabrikaren beraren ibilbidea ere, krisi eta gorabehera guztien gainetik.

Ez da soilik 40 urte egin dituztela autoaren belaunaldi guztiak ekoizten —1984ko martxoren 20an egin zuten lehena—; Poloa izan zen VWeko lantegian egiten zuten auto bakarra, 2018. urtean T-Crossa iritsi zen arte. Gero, 2021ean etorri zen Taigoa. Poloak Iruñeko lantegiarentzat zuen garrantziaren erakusle, 1992. urtean, tarte batez, bakarrik Landabenen egin ziren Polo autoak merkaturatu ziren munduan.

«Poloak guztia eman digu, iragan eta orain sendoa, eta horrek ahalbidetzen digu etorkizun elektrikoari konfiantzaz begiratzea». MICHAEL HOBUSCH Nafarroako Volskwageneko presidentea

Ideia hori azpimarratu nahi izan nahi du Nafarroako Volkswageneko presidente Michael Hobuschek: «Poloak guztia eman digu, iragan eta orain sendoa, eta horrek ahalbidetzen digu etorkizun elektrikoari konfiantzaz begiratzea».

Poloak egiten jardun diren langileez ere gogoratu da Hobusch, eta eskertu egin die Nafarroako Volkswagenen aritu diren eta ari diren milaka eta milaka langileei 40 urtean egin duten lana: «ezinbestekoa izan da Nafarroako Volkswagen erreferentziazko fabrika bilakatzeko, ez soilik marka gisa, baita taldean ere».

Etorkizunak eta auto elektrikoak dakartzan erronkak izan dituzte gogoan langileen ordezkariek ere. Enpresa batzordeko presidente Alfredo Moralesek azaldu du Poloa Nafarroarentzako eredu ikonikoa izan dela. «Ekarri digu fabrika gisa haztea, eta, langile talde osoaren ahalegin jarraituari esker, oinarri sendoak ezarri ahal izatea, baikortasunez begiratzeko etorkizun elektrikoari».

Azken urteetan, Polo autoaren ekoizpenak Iruñeko fabrikaren %20 soilik hartu du. Produkzioaren erdia T-Cross-ak betetzen du, eta gainerako %30, Taigoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.