Itsasmuseum

Itsas kulturaz gozatu Itsasmuseumen

Bilboko Itsasmuseum bisitatzea ezinbestekoa da itsasoa maite dutenentzat. Itsas kulturaren historiarekin liluratuko dira.

Itsasmuseum
Haur batzuk, bisita gidatu batean, Itsasmuseumen. ITSASMUSEUM
2024ko uztailaren 6a
05:25
Entzun

Bilboko Itsasmuseum Bilboko erdigunetik hurbil dago, Euskalduna ontziola zegoen tokian. Bisitariak Bilboko itsasadarretik Bizkaiko golkoraino zabaltzen den itsas unibertsoa ezagutuko du, museoko bildumen, erakusketen eta jende ororentzat antolatzen diren jardueren bidez.

Kanpoaldean, 1868an eraiki ziren dikeak daude, Carola garabi ospetsua eta Ponpa Etxea. Goi mailako ondare multzo bat osatzen dute, eta iraganeko itsas industriaren adierazgarri historiko bat dira. Dikeetan dauden itsasontziak ere ikusteko modukoak dira. Besteak beste, Portu gangila, 1902an Euskalduna ontziolan eraiki zen lehen itsasontzia, eta zaharberritzen ari diren Nuevo Anchustegui arrantzontzia.

Erakusketa iraunkorrak Bilboko itsasadarretik Bizkaiko golkoraino zabaltzen den itsas kulturaren historia azaltzen du. Besteak beste, Bilboren sorrera 1300. urtean izan zela jakinarazten du, eta hiribildua izan aurretik portu bat izan zela.

Halaber, aipagarria da jasangarritasuna eta ingurumena eta ozeanoak babestea ere azpimarratzen dela museoan. Horrela, erakusketa iraunkorrean azaltzen da azken urteetan itsasadarra berreskuratzeko martxan jarri diren egitasmoak eta gaur egun itsasadarrean egin daitezkeen ur kirolak, besteak beste piraguan, traineruan edo belaontzian ibiltzea.

Itsasmuseum
Selma Huxleyri buruzko erakusketa Itsasmuseumen zabalik dago. ITSASMUSEUM

Selma Huxleyren erakusketa

Selma Huxley: euskaldunen aztarnen bila Terra Novan. XVI. mendea erakusketak Selma Huxley ingelesaren (1927–2020), zientzialarien artean aitzindaria eta nazioarteko historialaria izandako emakumearen bizitza ezagutzeko ibilbidea proposatzen du. Haren lana oso garrantzitsua izan zen Euskal Herriko eta Kanadako itsas historiarako. Euskaldunek XVI. eta XVII. mendean Ternuan, egungo Kanadako kostalde atlantikoan, egindako euskal espedizioak aztertu zituen, oso datu gutxi baitzeuden garai historiko horri buruz. Erakusketak Ternuako euskal balea-industria Selma Huxleyren bidez ezagutzeko aukera ematen du.

Erakusketa lau multzo tematikoz osatua dago. Lehenengo multzoa, Selma Huxley eta euskaldunak Kanadan deritzona, haren bizitza markatu zuten eta harengan Kanadako euskaldunen historiarenganako interesa piztu zuten gertaeretan oinarritzen da. Bigarrenak, Artxiboetan barna deritzonak, Huxleyren ikerketa-lan zorrotza eta lanean erakutsi zuen iraunkortasuna azaltzen ditu. Hirugarren multzoa, Berreraikuntza historikoa deritzona, haren ikerketaren emaitza da, euskaldunek Ternuan izan zuten presentziari buruzko kapitulu historikoa. Azkenik, laugarren multzoan, Aurkikuntza arkeologikoak izenekoak, ondorengo espedizioetan, berak gidatutako edo sustatutako espedizioetan, egindako aurkikuntzak aurkezten dira: XVI. mendeko euskal balea baseen aztarna arkeologikoak eta han hondoratutako euskal galeoiak; besteak beste, San Juan, 1565. urtean.

Itsasmuseum
Athleticen gabarra Itsasmuseumeko dikean. ITSASMUSEUM

Gabarra

Athleticen gabarra Itsasmuseumeko dikera itzuli da, eta hainbat jarduera antolatu dira ontzira igo eta familian edo lagunartean tarte gogoangarri bat bizitzeko. Gabarra ezagutzeko bisita gidatuak egin daitezke, eta umeentzako itsas tailerrak ere bai. Jarduera guztietan itsasontzi berezi horren jatorria kontatzen da: ontzi mota horiek sortu ziren garai historikoa, haien ezaugarri teknikoak, eta nola 1980ko hamarkadan Athletic futbol taldearen tituluak ospatzeko erabiltzen hasi zen. Halaber, Ingalaterrarekiko merkataritzaren garrantziaz, futbolaz, burdinaz, ontziolez, kargategiez eta, jakina, Euskal Herriko itsas kulturaz ere hitz egiten da.

Itsasmuseum
Greenpeaceren Artic Sunrise itsasontzia. ITSASMUSEUM

Belaontzi handien programa

Belaontzi Handien Programa aitzindaria da, eta ontzi eskolak, belaontzi klasiko handiak eta beste ontzi enblematiko batzuk Bilbon porturatzea du helburu. Programa 2000ko ekainean hasi zen, museoak ateak ofizialki ireki baino hiru urte lehenago, Sagres Portugalgo ontzi eskolaren bisitarekin, eta 70 ontzi inguruk hartu dute parte programan. Itsasontzi horietako askok, egonaldian, ikuspegi didaktikoa eta kontzientziazioa eskaintzen dute iraunkortasunaren arloan, eta ontzira igotzeko eta bertako proiektuak ezagutzeko aukera ematen dute. Greenpeaceren Artic Sunrise eta itsas salbamendu humanitarioko Aita Mari itsasontziak museoan egon dira udaberrian, eta Mater eta Guayas ontziak udan iritsiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.