Trixerta guztiak eskura

BERRIAk hamar urteotan euskal sortzaileen eskutik egindako trixerta guztiak eskuratzeko aukera egongo da gaurtik uztailaren 7ra bitarte. Ziklo bat amaituko da horrela.

Albisteetan oinarrituta elastikoak egin dituzte euskal sortzaileek. Hamar urteotan 102 trixerta sortu dituzte. BERRIA
Albisteetan oinarrituta elastikoak egin dituzte euskal sortzaileek. Hamar urteotan 102 trixerta sortu dituzte. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Guka izan da trixerta batera eramandako azken albistea. Bilboko euskaltzaleek plaza aske bat izango dute aurrerantzean, eta topagune horren sorrera bazen kamiseta batera eramateko moduko albistea. Trixerten egitasmoa, azken batean, horixe izan baita, albisteak beste euskarri batera eramateko manera bat, paperetik edo pantailetatik haratago, eta, banan-banan, hamar urteren ostean, ehun albisteren kontakizun grafikoa osatu du BERRIAk. Aitzindaria izan da proiektu eder hau, albisteak irudi bilakatzearena, baina iritsi da ziklo honi amaiera emateko ordua, eta amaiera ez da nolanahikoa izango: gaurtik uztailaren 7ra bitarte urte hauetan guztietan 33 euskal sortzailek egindako trixerta guztiak eskuratzeko aukera egongo da; 102 trixerta, hain zuzen ere.

«Polita izango da guztiak elkarren ondoan ikustea. Denbora lerro baten nolabaiteko kontakizun grafikoa osatu dute trixertek». Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunaren hitzetan, ibilbidea oso oparoa izan da, eta azken ekintza ere biribila izango da: «Pentsatu dugu artean egongo dela baten bat trixertaren bat eskuratu nahiko lukeena, begia bota eta momentu hartan ez zuelako erosi, edo, akaso, duela zortzi urte erosi zuen kamisetak jada kolorea galdu duelako eta berri bat nahi duelako, edo beste kolore batean eskuratu nahi duelako». Bada, horretarako aukera egongo da gaurtik aurrera. BERRIA dendan eskura izango dira kamiseta guzti-guztiak; 22,95 euroan BERRIAlagunentzat, eta 24,95 euroan gainerakoentzat.

Milaka eta milaka elastiko saldu dira urteotan, eta badira trixerta bat, bi eta hiru baino gehiago dituztenak. Helios Del Santok (Donostia, 1976) dauka marka: «Ez ditut zenbatu, baina hogei bat izango ditut. Hasieratik oso ideia polita iruditu zitzaidan, oso erakargarria, bai diseinuak estetikoki ederrak direlako, eta baita askotan aldarri bat egiten dutelako ere». De Santos AEK-ko komunikazio eta marketin arduraduna da, eta aitortu du lankideen artean ere arrakasta izan duela egitasmoak: «Ostegunetan trixerta noiz aterako zain egoten ginen. Gustukoa banuen, berehala erosten nuen, baina fitxatuta nuen baten batek ihes egin zidan; beraz, orain erosiko dut». 

«Hogei bat izango ditut. Hasieratik oso ideia polita iruditu zitzaidan, oso erakargarria, bai estetikoki, eta baita aldarri bat dagoelako ere».

HELIOS DEL SANTOTrixerten eroslea

De Santosek BERRIAko proiektua bera babesteko ere erosi ditu trixertak: «BERRIAren zalea naiz, harpideduna naiz sorreratik, eta uste dut egitasmo hau sostengatzeko modu bat ere badela; gainera, euskal sortzaileak daude tartean, eta haiei ere babesa ematea dakar». Euskarazko egunkariak ideiarekin bete-betean asmatu duela dio: «Ideia oso originala da, albiste bat irudi bihurtzearena». Aitortzen duenez, ez da dendetan arropa erostekoa: «Kamiseten zalea naiz. Egun dotoreetan ere eramaten ditut soinean. Korrikako kamisetak ere baditut». Trixerten artean bereziki bat dauka kuttunen: Angela Davis Euskal Herrira etorri zenean egindakoa. Jalgi hadi plazara jartzen du aurrenetako kamisetetako bat izan zen horretan.

Hamar urte hauek oso emankorrak izan dira, baina bazen garaia zikloa amaitzeko. Lasak argi dauka hasierako helburua bete dela: «Albisteak soinean eramateko aukera eman digu proiektu honek, eta balorazioa oso ona da, ikusgaitasuna lortu dugulako, baina, bereziki, euskal sortzaileekin elkarlan sendo bat sortu dugulako: harremana oso naturala izan da, oso aberasgarria, eta lortu dugu sorkuntzaren bidez kazetaritzari beste leiho bat zabaltzea».

«Balorazioa oso ona da, ikusgaitasuna lortu dugulako eta, bereziki, euskal sortzaileekin elkarlan sendo bat sortu dugulako».

AINARA LASABERRIAko marketin arduraduna

Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1994) izan da azken txanpa honetan trixertak sortu dituzten ilustratzaileetako bat. Txakur Gorria kolektiboarekin hiru kamiseta ilustratu zituen, eta, bere kabuz, beste hiru egin ditu. Azkenekoa Nakbaren urtemugaren harira egindako trixerta izan da. Israelek 1948ko maiatzaren 15ean milaka eta milaka palestinar kanporatu zituen euren etxeetatik. Gazan orain egiten ari den genozidioaren harira egun hura gogoratzeko protestak egin zituzten joan den maiatzean hainbat hiriburutan. Amenabarrentzat zailtasun handiko lana izan zen, baina pozik geratu da emaitzarekin: «Ez nuen panfletismoan erori nahi; betiko iruditeriatik atera nahi nuen, eta, formekin, koloreekin eta testurekin jolastuz, suntsipen hori islatzea lortu nuela uste dut». Nakbaren sinbolo den giltza bat agertzen da marrazkian, baita txoria, etxea, zuhaitza, herria..., dena koloretan, baina tragedia irudikatzen duen kolore beltzari lekua emanez. 

Amenabarrek hitz politak baino ez ditu egitasmoarentzat: «BERRIAn sinesten dut, proiektu ederra eta beharrezkoa da, eta berezia izan da gure lana beste euskarri batera eramateko aukera izatea, albisteen interpretazio bat egitea eta mezu bat zabaltzea».

«Berezia izan da gure lana beste euskarri batera eramateko aukera izatea, albisteen interpretazio bat egitea eta mezu bat zabaltzea».

MALEN AMENABARIlustratzailea

Joseba Beramendirentzat ere (Iruñea, 1973) ederra izan da egitasmo honen parte izatea: «BERRIAren gisako proiektu baten alde zerbait egitea polita izan da, eta, era berean, oso dibertigarria; izan ere, oso epe laburrean egin behar izan dugu lan, presaka. Kazetaritza ere halakoa da». Exprai markarekin egiten du lan sortzaileak, eta, nahiz eta bestelako kamisetak ere egin izan dituen, trixertak bitxiak direla dio: «Albiste bat dute abiapuntua, eta beste kontzeptu bat da. Egunerokoari lotuta egon behar dute, baina, aldi berean, erakargarria izan behar du, eta, estetikatik harago, iraunkorra izan behar du; beraz, zoragarria izan behar du». Beramendik Gernikako bonbardaketen 80. urtemugaren harira egindako trixerta dauka gogoan: «Pablo Picassoren Gernika koadroaren irudi bat erabili nuen; beraz, sormenaren ikuspuntutik abiapuntua pixka bat tranpatia izan zen, baina gustura geratu nintzen. Errefuxiatu guztien aldeko mezua bat dauka, eta, zoritzarrez, gaurkotasuna du oraindik ere». Munduko hainbat eta hainbat iheslariren omenezko kamiseta ere bada Gernikakoa.

«BERRIAren gisako proiektu baten alde zerbait egitea polita izan da, eta, era berean, oso dibertigarria».

JOSEBA BERAMENDIIlustratzailea

Trixertak munduko hainbat gatazkari begira jarri dira, baina bereziki gertukoetara: feminismoa, euskara eta ingurumena askotan izan dira marrazkien ardatzak. Euskal Herriko azken hamar urteotako gertaera esanguratsuenen hemeroteka grafikoa bihurtu da. Ideia zoro samar bat izan zen, baina ibilbide luzea izan du, eta euskal sortzaileentzat plaza bat izan da. Udaberrian jartzen zen martxa egitasmoa, eta, hamar astez, txandakatuz joaten ziren sortzaileak. Lesakako (Nafarroa) Oninart enpresak ekoitzi ditu trixertak horretarako propio erositako inpresio zuzeneko makina bati esker. Erronka azkar egitea zen. Editoreek astelehenetan aukeratzen zuten albistea, eta sortzaileek bi egun baino ez zituzten diseinua egiteko. Trixertak ostegunerako zeuden prest. 

Udaberriko erreferente bilakatu zen, baina izan dira ohiko garaitik kanpo ere sortutako kamiseta bereziak. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak eragin zuen zirrara aparteko trixerta bat eskatzen zuen. Eta BERRIAren hogeigarren urtemugak elastiko sorta bat ekarri zuen: Aldi hau kontatzeko leloarekin lau aldaera egin zituzten sortzaileek. 

Azken txanpa honetan trixertak eskuratzeko azken aukera egongo da, eta, proiektua amaitutzat ematen bada ere, ez da baztertzen tarteka, momentu puntualetan, aparteko albisteren bat sortzean, edo efemeride konkretu baten abaroan, trixerta bereziren bat egitea. BERRIAko lantaldea, hala ere, beste egitasmo berrietara begira dago jada, beste zerumuga batzuetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.