Sanferminen sinfonia berezia

Iruñeko kaleak zalapartaz bete dira, azken prestaketak amaitzen dituzten bitartean. Banatzaileen furgonetak, biraka doazen maletak eta jai giroko oihuak nahastuz doaz; Duguna Iruñeko dantza taldeak botako duen txupinazoak markatuko du sanferminen hasiera.

(ID_14040514) Langile bat prestaketa lanetan, eta atzean udaletxea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Langile bat prestaketa lanetan, eta atzean udaletxea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñea
2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Ordu guti falta dira suziria zeruan lehertzeko, Duguna Iruñeko dantza taldearen eskutik oraingoan. Ailegatu da zapi zuri-gorria armairutik atera eta lepoan janzteko ordua. Alde Zaharreko giroan begiak itxita ere nabaritu daiteke gaurkoak guti duela ohikotik. 

Izan ere, sinfonia berezia antzematen da Nafarroako hiriburuan, sanferminak ate joka baitaude. Banatzaileen furgonetak presaka dabiltza Alde Zaharreko karriketan barrena. Maletek hartu dituzte kaleak. Bestetarat datozen kanpotarrenak dira gehienak; bertze guti batzuk, aldiz, zalapartatik ihes egitea nahiago duten bizilagunenak. Gurpilek talka egiten dute lurreko harrien kontra, joan-etorrian dabiltzan oinezkoen barre eta elkarrizketekin nahastuz. Kaleko musikariak hasi dira dagoeneko kaleak alaitzen eta hizkuntza anitz sumatzen dira, baita «Gora Sanfermin!» bat edo bertze ere.

«Betiko bezeroek nahiago dute astegunetan etorri. Gainera, frantsesak Olinpiar Jokoetara eta Baionako festetara joan direla sumatu dugu aurten». 

LEIRE ALEMAN Maissonave hoteleko zuzendaria

Begiak irekiz gero ere, edonork asmatuko luke bere burua kokatzen, kaleak kolore zuri-gorriz gainezka baitaude. Jendearen ibilkerari erreparatuta, berriz, aise antzematen da bakoitzaren jatorria. Iruindarrak irmo eta seguru doaz, turistak trebeki saihestuz. Beren aurpegietan datorrenarekiko etxekotasun sentipena islatzen da. Turisten begitarteak, telefonoen dirdiraz argiztatuak, harriduraren eta nahasmenaren arteko nahasketa iradokitzen dute. Eskuak fite mugitzen dituzte, noranzkoa bilatzeko ahaleginetan.

Tabernariak, ordea, buru-belarri dabiltza azkeneko gauzak antolatzen. David Baztan Meson de la Nabarreria tabernako kideak aitortu du urduri dagoela: «Laboralki eta pertsonalki asterik estresagarrienak dira». Baina txupinazoa iristeko deseatzen dago, egunak pasatu ahala, «dena konpontzen» omen baita. Handik metro gutirat dago Aldapa taberna, eta bertan ere jo eta ke dabiltzala dio Carlos Betancourt langileak. Hilabete bat lehenago hasi ziren prestaketa lanetan.

Arrano elkartean, berriz, zerbitzari lanetan dabilen Beñatek erran du bertako sukaldariak dezente hilabete lehenago hasten direla jakiak prestatzen. Hiru langileak bat datoz egunik jendetsuena aukeratzerako orduan: txupinazo eguna. «Uztailaren 6an berdin du zenbat jende datorren, ez dira gehiago kabitzen Meson de la Nabarrerian», dio barre artean Baztanek.

Maisonnave hotelean kontrakoa gertatu da aurten. Bertako zuzendari Leire Alemanek aitortu du, astegunetan %90eko okupazioa eduki arren, lehen bi egunetan zertxobait beherat egiten duela kopuruak: «Betiko bezeroek nahiago dute astegunetan etorri. Gainera, frantsesak Olinpiar Jokoetara eta Baionako festetara joan direla sumatu dugu aurten». Anitzek bestak akitu bezain fite hurrengo urterako hartu nahi izaten dute; «erreserba beroak» izena paratu diote fenomeno honi. Plaza Catedral aterperat abenduan hasi ziren erreserbatzeko deitzen, eta jada beteta dagoela dio Reyes bertako harreragileak.

Udaletxe alboan dagoen Turismo Bulegoan jendea sartu eta atera ari da. Herritarrak zuzenean bestetako programaren bila doaz. Atzerritarren kasuan, Ainhoa Garces langileak azaldu du entzierroei eta erraldoiei buruzko galderak bakarrik izan ohi dituztela buruan: «Guk erraten diegu sanferminak ez direla entzierroak bakarrik, askoz ere gehiago direla». Besta hauek «xarma berezia» daukatela uste du Garcesek, eta hori deskubritzeko Alde Zaharrean «pixka bat galtzea» gomendatzen die. 

«Guk erraten diegu sanferminak ez direla entzierroak bakarrik, askoz ere gehiago direla».

AINHOA GARCES Iruñeko Turismo Bulegoko langilea

Seguruenik Estafeta kalea izanen da Iruñeko kalerik ospetsuena. Paseoan dabilen jende andana ikusita hori dirudi, behintzat. Kalea zapaldu eta segituan dago El Churrero de Lerin. Goiz da, eta lokala hutsik dago, baina Luis txurrogileak atzerriko jende pila bat hurbiltzea espero du datozen egunetan: «Entzierroak amaitzean dator jende gehien, eta txokolatea eta txurroak eskatzen dituzte denek».

Zezenek egunero egiten duten bideari jarraiki, Eh Toro oroigarrien denda dago. Zapi eta kamiseta zuri-gorria eskuratzerat hurbiltzen dira gehienak, Adriana bertako langileak azaldu duenez. Egun berezi hauetan munduko hainbat bazterretatik doaz dendarat, ingelesak eta frantsesak batik bat, eta alemaniar, italiar eta portugaldar bat edo bertze ere bai. Hala ere, gehienak espainiarrak izan ohi direla aitortu du. 

Kalearen bukaeran jende pilaketa antzematen da. Denak puntu bati begira daude, telefonoa eskuan: Kukuxumusuko dendaren goian dagoen erlojuari, hain zuzen. Erlojuak ez du ordua markatzen, atzerako kontaketa baizik, eta suziria aireratzearekin batera ailegatuko da kontagailua zerorat. Maite Kukuxumuxuko dendaria ilusioz beterik dago: «Bezero gehienak aurreko urtetan etorritakoak izaten dira, baina guretzat poza da aurpegi berriekin topo egitea ere».

 
Herri Sanferminak, bueltan

Lau urteren ondoren bueltan dira Herri Sanferminak. Uztailaren 6tik 14rat txosnagunea, herri bazkariak eta kontzertuak egonen dira O plazan. 2019ko sanferminak izan ziren azkenak; izan ere, hurrengo urtean Enrique Maya buru zuen udalak eragotzi egin zien Alde Zaharrean kokatzea besta gunea, Arrotxapeko Runa parkera bazterreratuta. 

Herri Sanferminak hamazazpi eragileren artean antolatzen dituzte, eta horietako biren izenean jarduten du Maider Franciscoeneak. Lanean gogotik ari direla dio. «Urtarril-otsailetik gabiltza guztia prestatzen, eta muntaketa lanei azkeneko astean ekin diogu», adierazi du Franciscoeneak. Jende anitz animatzea nahi dute: «Espero dugu jende asko etortzea, ondo pasatzea eta eremu segurua izatea». Bederatzi egunetan egitarau «oparoa» izanen dela hitzeman du Franciscoeneak, suziria zeruan lehertzen denetik, Gaixoa ni abestu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.