Udako proposamenak

Oroimenaren bideetatik

1936ko gerrak Donostian utzi zituen arrastoetatik ibilbide antzeztua egingo dute bihar, goizez eta arratsaldez. Euskarazko beste saioa urriaren 5ean egingo da.

Donostian gerran fusilatu zituztenen aldeko eskultura, Ijentea kalean. Amaia Mateosek eta Tomas Villanuevak egina da. BERRIA
Donostian gerran fusilatu zituztenen aldeko eskultura, Ijentea kalean. Amaia Mateosek eta Tomas Villanuevak egina da. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

1936ko uztail hartatik aurrera ezer ez zen berdin izango. Donostiak ere gerra aldia bizi izan zuen uda hartan. Irailaren 13an egin zuten ihes hirian geratzen ziren azken gudariek. Errepublikaren aurka matxinatutako tropa militarren aurrerapena geldiezina zen. Uda ankerra izan zen, eta artean oraindik ere suma daitezke haren arrastoak. Maria Cristina hotelaren paretetan, esaterako, bala zuloak topatu daitezke. Errepublikanoak Viktoria Eugenia antzokian babestu ziren, eta, bi egun iraun zuen gudu hartan, hotelean zeuden nazionalak garaitu zituzten.

Oroimenaren bidea egitasmoak aztarna horiek bertatik bertara ikusteko aukera emango du. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen atalak ibilbide antzeztuak antolatu ditu beste urte batez donostiarren arbasoek bizi izan zituzten gertaerak ezagutzeko. Bihar bertan izango da aurrenekoa, baina urriaren 5era arte larunbat guztietan egingo dira ibilbideak, aurrenekoa eta azkena euskaraz, eta tarteko biak gazteleraz. Eguneko bi ibilbide egingo dira, bata 12:00etan eta bestea 18:00etan. 36ko gerraren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat izango dira, eta, doakoak badira ere, bertan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena www.komazk.com/eu/erreserbak/ atarian, edo 943-45 60 00 telefonoan. Saio bakoitzerako gehienez hogei lagunek eman ahalko dute izena.

Aurten Easo plazako kioskoa izango da abiapuntua. Amara Zaharreko Arroka kalean bortxazko lanak egitera behartu zituzten herritarrak. Antzezleak testuingu historikoa azaldu ostean, xehetasunekin azalduko dituzte halako gertaerak. San Jose ikastetxean egingo da lehenengo geldiunea, gerra garaian kartzela izan zen eraikinean. Suhiltzaileen eraikina izandakoa, berriz, babesgune bat izan zen. Ibilbidean, bonbardaketa lekuak ere azalduko dira. 

Fusilamendu lekua

Askatasunaren hiribidean komunikabideek gerran izan zuten garrantziaz arituko dira, propagandaz eta zentsuraz, alegia. Frente Popularra egunkariaren egoitza horretatik gertu zegoen; Garibai kaleko 32. zenbakian, hain zuzen ere. Okendo plazara zuzenduko dira ondoren, hotelean dauden zuloak ikustera, eta jarraian, Nautikora. Burdinazko pasarela fusilamendu lekua izan zen. 

Ordu eta erdiko ibilbidearen ostean udaletxearen parean egingo dute azken geldialdia. Donostiako Udalak hantxe ezarri zuen gerraren eta diktadura frankistaren bitartean fusilatuak izan zirenak omentzeko eskultura. Orotara 400 egun inguru fusilatu zituzten. Donostiako Memoria Historikoaren Mapan ikus daitezke, besteak beste, non zeuden fusilamentu lekuak, lurperatze lekuak, bonbardatutakoak, eta abar. 

Urtez urte garai berean egiten den ekitaldiaren asmoa da historiako gertakari triste hartako lekuak eta pertsonaiak gogoan izaten laguntzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.