Filosofian graduatua eta doktoregaia

Laida Arbizu Agirre: «Negazionismo batzuetan, pisu handia du talde baten parte izatearen sentimenduak»

Negazionismo zientifikoa ikertzen ari da Arbizu bere doktore tesian. Askotariko motak daude, baina uste du denek dituztela ezaugarri komun batzuk: besteak beste, egoera aldakorretan ziurtasuna lortzeko premia.

Laida Arbizu EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearen inguruan, Donostian, herenegun. GORKA RUBIO / FOKU
Laida Arbizu EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearen inguruan, Donostian, herenegun. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Donostia
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Esparru zientifikoan erabili ohi diren kontzeptuak dira objektibotasuna, egia, zalantza eta jarrera eszeptikoa, besteak beste; baina, paradoxikoki, negazionistek ere baliatu dituzte berbok, «haien interesen arabera berrinterpretatuta», Laida Arbizu Agirre ikerlariaren (Ordizia, Gipuzkoa, 2000) irudiko. Filosofian graduatua da Arbizu, eta negazionismo zientifikoaren inguruko doktore tesia egiten ari da EHUn. Funtsean, adostasun zientifikoa ukatzen duen pentsamoldea da negazionismoa: hala zientziatik nola filosofiatik ikertuko ditu haren xehetasunak, batasunak, eta aurre egiteko estrategiak.

Aurreikuspen bat eginda, non egiten dute bat askotariko negazionismoek?

Zalantza erabiltzen dute denek, adostasun zientifikoaren inguruan gatazka sortzea baita haien helburua. Ziurgabetasunarekiko ezinegon moduko bat ere badute: uste dut jarrera negazionistak sortzen direla errealitatearekiko ezinegon batetik, edo deserosoa zaien egia bat saihesteko nahitik.

Pentsamendu negazionista egokitu egiten da garaian garaiko joeretara?

Badauka ahalmen hori, bai. Eta hori da bere arriskua: izan ere, aldatzeko hainbesteko ahalmena du, ezen ez dakizun nondik joko duen. Adibidez, orain dela gutxi, BERRIAn argitaratutako Negazionista klimatikoen habia artikuluan, Ana Galarragak aipatzen du hasieran klima aldaketa ukatzen zutela, baina, ikusita ebidentziak eta adostasun zientifikoa oso sendoak direla, orain esaten dutela hari aurre egiteko estrategiak ez direla eraginkorrak, edo ez dutela ezertarako balioko. Adibide horretan ikus daiteke nola saihesten dituzten haien aurkako erasoak, baita ere nola erreproduzitzen duten euren mezua, baina beste forma batean.

Zer lotura du konspirazioaren ideiak negazionismoarekin?

Alderdi zentral bat da euren pentsamoldean. Horren bidez, mundu ikuskera berri bat sortzen dute, euren egia propio moduko bat, eta konspirazioaren teoria horiek eskaintzen die oinarri ziur bat, haien ezinegona baretzeko modu bat, ziurtasunik gabeko errealitate batean.

«Klima larrialdiaren auzian, ezin gara behin-behineko erantzun batekin geratu, denboran eraginkorrak izango diren erabakiak behar ditugulako»

Lasaigarria da etsai identifikagarri bat edukitzea, eta ez erantzule abstraktuago bat, hala nola birus bat edo sistema ekonomiko bat?

Uste dut behin-behineko lasaitasuna eskaintzen duela. Lagungarriagoa izan daiteke itu jakin bat edukitzea eta horren aurka egitea. Izan ere, hitz egiten dugunean birusari edo klima aldaketari buruz, kontzeptu abstraktuak diren heinean, agian ez ditugu ulertzen edo ez ditugu ulertu ere egin nahi. Estrategia heuristikoa deitzen dena hartzen dugu: hau da, ahalegintzen gara ahalik eta azalpen errazenera jotzen, edo ulergarrienera. Baina epe luzera —adibidez, klima larrialdia bezalako auzi batean—, ezin gara behin-behineko erantzun batekin geratu, denboran eraginkorrak egingo zaizkigun erabakiak hartu behar ditugulako; jarraipena izango duen zerbait behar dugu.

Autoritatearen ikuspuntutik ere hel dakioke eztabaidari? Haientzat, zientziak autoritatea galdu du, eta, aldiz, mezu negazionistak zabaltzen dituzten banako batzuek irabazi egin dute, nahiz eta sarri ezagutza zientifikorik ere ez duten.

Bai. Askotan, negazionismoaren erasoak zientziaren irudi oker batean oinarritzen dira: esaterako, zientzia ikusten dute huts egiten duen diziplina bat balitz bezala. Hipotesi batzuk planteatzen direnean, baina ikusten denean ez dela horrela eta zuzentzen direnean, akatsa irizten diote, onartezina den egoera bat; nolabait, esaten dute zientzia ez dela diziplina legitimo bat, edo ezin zaiela jaramonik egin haren baieztapenei. Era berean, zientziari izaera autoritarioa egozten diote, ia-ia elite moduko bat moduan ikusten dute; horren aurrean oldartzeko, esaten dute: «Zuek zuen ezagutza sortzen duzue; bada, guk geure ezagutza sortuko dugu». Iritzia-ezagutza, egia-gezurra eta halako dikotomiak apurtzen edo lausotzen dituzte; orduan, dena da posible.

Batez ere eskuin muturrari lotutako fenomeno bat da?

Egia da eskuin muturra agertzen dela publikoki negazionismotik gertuago, euren bozgorailua altuagoa dela beste talde politikoena baino, baina espektro politiko guztian du presentzia. Alde horretatik, pandemiaren negazionismoa adibide interesgarria da, nabarmen ikusten delako askotariko ideologia, adin eta abarreko jendeak hartu zuela jarrera negazionista bat. Guztiok nahi dugu ziurtasuna, lasaitasuna eta dena kontrolpean edukitzea.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Uste duzu hobe dela negazionistei aurre egitea, kasurik ez egitea baino. Zergatik?

Ikerketa batzuen arabera, negazionista bati aurre egiten badiozu, agian ez duzu haren jarrera aldatuko, baina eztabaida horren entzuleei —ez dutenak zertan jarrera negazionista izan— ikusaraziko diezu zergatik jarrera hori ez den egokia, eta aberasgarriagoa dela pentsamendu kritikoari lotzea. Negazionista bati aurre egiten ez badiozu, haren mezuek hedatzen jarraituko dute, eta are gehiago sare sozialetan edo eremu digitalean.

Negazionismo batzuk zeharo sinesgaitzak dira. Esaterako, zenbaitek uste dute txoriak ez direla existitzen, droneak direla egiaz. Halako negazionismoek ere arrakasta izaten dute?

Negazionismo ulergarriagoak egon litezke, baita absurdora jotzen dutenak ere: txorien hori, terraplanismoa... Nire tesia zuzentzen duen Agustin Arrietak meganegazionismo-ez hitz egiten du Bidez bide hausnarrean liburuan [EHU eta UEU, 2023]; negazionismoak dira, baina, kasu horietan, pisu handia du identitateak eta talde baten parte izatearen sentimenduak. Adibidez, terraplanismoak AEBetan presentzia handia dauka, egiten dituzte kongresuak, hitzaldiak... Badago ia-ia komunitate sentimendu bat. Eta uste dut arrakasta duela hein handi batean horregatik, zure mundu ikuskera duten beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen zarelako. Gizakia izaki soziala da, eta beste pertsonekin erlazionatzea gure bizitzako parte garrantzitsu eta handi bat da.

Batzuetan, negazionista bati ahotsa ematen zaio —hedabideren batean, adibidez—, gero erridikulutzat jotzeko. Estrategia hori arriskutsua izan daiteke?

Uste dut baietz. Askotan, negazionismoa deskribatzen da erokeria bat balitz bezala, eta badaude negazionismo zoro batzuk, baina denak ez dira meganegazionismo-en zakuan sartzen. Eztabaidatu beharra daukagu, eta are gehiago gaur egungo egoera antzaldatu honetan. Baina uste dut eztabaida errespetutik abiatu beharko genukeela, kontran etor daitekeelako: negazionista bat erridikulizatzen baduzu, bere ikuspuntua gehiago sendotu dezakezu, eta oraindik gehiago ixten duzu harekin eztabaidatzeko aukera.

«Negazionista bati aurre egiten ez badiozu, haren mezuek hedatzen jarraituko dute, eta are gehiago sare sozialetan edo eremu digitalean»

Pentsamendu kritikoa aldarrikatu duzu. Zein dira haren gakoak?

Gakoetako bat da eztabaidatzeko prest egotea, ez ipintzea mugarik, ze negazionistek sarri mugatu egiten dute zeri buruz hitz egin eta zeri buruz ez. Cherry picking deritzo horri: ondo datozkien ebidentziak aukeratzen dituzte, eta besteak, saihestu. Pentsamendu kritikoak defendatzen du prestasuna edukitzea gai bati buruz hitz egiteko, zehaztea ondo zeri buruz nahi dugun hitz egin, eta ondorioak onartzea.

Sare sozialak dira zientziaz informatzeko erabiltzen diren bide nagusiak, ezta?

Sare sozialek alde positibo bat dute: eskuragarri ipintzen digute informazio mordo bat. Baina, aldi berean, mugarik ez dutenez, mezu negazionistak sar daitezke. Orain arte, zientziaren dibulgazioa aldizkarien, dokumentalen eta abarren bidez egin da, baina jauzi bat egon da formatu fisikotik digitalera, eta jakin behar da kudeatzen. Uste dut interesgarria dela jakitea zientzian lan egiten duten pertsonek nola erreakzionatzen duten mezu negazionista bat aurkitzen dutenean. Hori erakutsi beharko litzateke.

Beraz, errealistagoa da erabiltzaileak heztea, sare sozialetan galbaheak ezartzea baino?

Galbahea ipintzea ondo dago, baina segun eta nolako zuloak dituen. Korporazio batek neurriak ipin ditzake, baina horren atzean interes ekonomiko jakin batzuk daude, eta ez dakizu galbahe hori nork ipini duen, edo zeren arabera. Elon Muskek Twitter erosi zuenetik, hango mezu negazionistak bikoiztu egin dira, Muskek galbahearen zuloak handitu dituelako. Uste dut erabiltzaile bakoitzak eragin handiagoa izan dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.