Musikagilea

Haizea Huegun: «Musika konposatu baino lehen, argi izan behar dut zein den istorioa»

Inspirazioaren «tranpaz» aritu da Huegun, baita soinu bandak eratzeko prozesuaz ere: «Prozesua desberdina da, musikak pelikulan kontatzen den istorioaren laguntzailea izan behar duelako».

Haizea Huegun musikagilea, bere Donostiako estudioan ateratako irudian
Haizea Huegun musikagilea, bere Donostiako estudioan ateratako irudian. GORKA IPIÑAZAR
itsaso jauregi 2
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Musika barrutik ateratzen zaio Haizea Huegun musikagileari (Zarautz, Gipuzkoa, 1996). Ikus-entzunezko lanen soinu bandak konposatu ohi ditu, eta hutsik dauden partiturak musikarekin apaintzen ditu; pianoa lagun duela sortzen ditu bere konposizioak. Gainera, Ahaire musika akademia ireki zuen, 2020an, Donostian. Proiektu berri bat aurkeztu zuen atzo, Portugalgo Westway Lab jaialdian.

Nondik sortu zitzaizun musikarako grina?

Nire etxean beti musika entzun izan da, eta musikaren funtzionamendua ulertu nahi nuen. Horregatik, pianoa jo nahi nuela esan nuen; gurasoek hasieran uste zuten kapritxo bat zela, baina, behin eta berriz esan nuenez, azkenean irakasle batekin hasi nintzen pianoa ikasten.

Hutsetik hasi zinen, beraz?

Bai, solfeoa jakin gabe. Nahiko berandu hasi nintzen musika ikasten, 12 urterekin. Hasieran, pianorako gradua egin nahi nuen; hori zen nire ametsa. Baina 15 urterekin beste irakasle batek musika aztertzen irakatsi zidan. Orduan ohartu nintzen konposizioa ikasi nahi nuela.

Noiz sortu zenuen zure lehendabiziko konposizioa?

15 urte nituenean. Garai horretan hari kuartetoen musika entzuten nuen batez ere, eta irakaslearengana joan nintzen, partitura bat eskuetan nuela. 

Hutsik dagoen partituraren aurrean, zer egiten duzu?

Lehendabizi, izenburua pentsatzen dut. Ez naiz zuzenean pianoaren aurrean esertzen: eskema bat egiten dut egitura zehazteko. Musika konposatu baino lehen, argi izan behar dut zein den istorioa.

Eta hortik aurrera, inspirazioa?

Inspirazioa tranpa da. Uste dugu guztia inspiraziotik ateratzen dela, baina lana da. Paseatzen ari zara, eta, agian, ideia bat bururatzen zaizu, baina, normalean, lanean ari zarenean gertatzen da hori. Artistak ametsetan gaudela dirudi, baina ez da horrela.

Ikus-entzunezko lanen soinu bandak sortu izan dituzu. Kasu horretan, prozesua asko aldatzen da?

Bai. Prozesua desberdina da, musikak kontatzen den istorioaren laguntzailea izan behar duelako. Prozesu polita da.

Gidoiak zehazten du soinu bandak izan behar dituen ezaugarriak?

Bai. Zuzendariak gidoia erakusten dit eta erreferentzia batzuk proposatzen dizkit, imajinatzen duen musikaren ezaugarriekin.

Soinu banda aurkezteko orduan, zer esaten dizute zuzendariek?

Nahi izaten dute zerbait tristea izatea, baita misteriotsua ere. Edo esaten dute pieza bat gustatzen zaiela, baina alaiagoa izatea nahi dutela. Hori musikan islatzea ez da hain erraza; abestia guztiz aldatuko delako, ezin delako berdina izan.

Soinu bandak ongi baloratuta daudela uste duzu?

Ez. Proiektuaren azken atala da soinu banda; lau urtez aritzen dira proiektuan lanean, eta lehenbailehen bukatu nahi izaten dute.  Askotan, bi hilabete izaten ditugu konposatzeko eta grabatzeko. Lan polita da, baina gogorra. Prozesu horrek denbora behar du, eta, askotan, osagai moduan ikusten dute.

Musikaren historia genero ikuspegitik ikertu duzu?

Bai. Ez dugu emakume konpositorerik ia ezagutzen. Emakume konpositoreen lanak ikertzen hasi nintzen; bestela, kontserbatorioan ez nuelako hori ikasiko.

Erreferente falta sumatu duzu?

Bai. Askotan ez gara konturatzen ez dugula erreferenterik. Instrumentua aukeratzean islatzen da hori: umetan uste nuen neskek ezin genuela tronpeta jo.

Zer prestatu duzu Portugalgo Westway Lab jaialdirako?

Oso proiektu interesgarria da. Zortzi artista gara, eta bikoteka lan egiten dugu. Uste dut oso interesgarria dela ikustea beste musikariek nola egiten duten lan. Musikarien lana oso bakartia da batzuetan, baina kolaborazioan oinarritzen da proiektua. Oraindik ez dakit zer aterako den.

LOTSABAKO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.