Udako proposamenak

Haritzen eta banbuen arteko akordeak

Barakaldoko Lorategi Botanikoan lehen aldiz musika jaialdi bat egingo dute gaur: Botanikofest. Herriko taldeek osatu dute programazioa, hamaika taldek zehazki. Eguerditik 20:30ak arte iraungo du musikak.

The Ribbons taldeko kideak. ALBERTO GOROSTIAGA
The Ribbons taldeko kideak. ALBERTO GOROSTIAGA
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

65.000 hektarea ditu Barakaldoko (Bizkaia) Lorategi Botanikoak. Haietatik 40.000 inguru berdeguneak dira, eta, gaur, musika guneak gehituko dituzte. Haritzak, akaziak eta atzerritik ekarritako landareak dauden toki berean  arituko dira mikrofono, gitarra eta bozgorailuekin. 2002an 20 urte bete zituen Ramon Ruibal politikariaren izena darama lorategiak, eta gaur, lehenengo aldiz, musika jaialdi baten kokapen bihurtuko da: Botanikofest. 12:00etan hasi eta 22:00etan bukatuko da musika. 11 talde igoko dira oholtzara, Barakaldokoak denak.

Helburu argia du jaialdiak: lorategiari balioa ematea. Nerea Cantero Barakaldoko kultur zinegotziak argi du «luxuzko» kokapen bat dela lorategia, eta Botanikofest«aukera paregabea» dela herriko taldeek euren musika bizilagunen aurrean aurkezteko. Bestalde, hiriko kultur agendari «freskotasuna» eman nahi dio antolakuntzak, aisialdiaz musu truk disfrutatzeko aukera bat emanez. Rock eta punk doinuak gailenduko dira lorategiko oholtzan, eta 45 minutuko kontzertuak izango dira.

Bizilagunen eskariek eragindako ekitaldi bat da Botanikofest. Aurreko hauteskundeetako proposamen ugari lorategira zuzendutakoak izan ziren, bizilagun askoren ustez eskaintza kultural handia har baitezake leku horrek. Gaur egun, lorategi botanikoan bisita gidatuak egiten dituzte eskualdeko eskolekin edo bertaratutako taldeekin, baina kultur ekintzak oso urriak izan dira azken urteetan.

Toni Metralla y Los Antibalas izango da eguneko lehen taldea: 12:00etan ariko da. Eskarmentu handiko laukotea da, Euskal Herriko punk eta rock munduko talde askotan ibilitakoa, hala nola MCDn, Parabellumen eta Mundo Mataderon. Hiru disko eta EP bat kaleratu dituzte azken urteetan, eta ehundaka kontzertu eman dituzte.

12:50ean Kagando Melodias taldearen txanda izango da, eta 13:40an, Aupa Hi-rena. Hurrengoak 14:30ean izango dira: Los Men Tio. Hortik aurrera, hauek igoko dira oholtzara: 15:20an, Etxando Pestes; 16:10ean, Replikantes; 17:00etan, Dr. Hyde; 17:50ean, Jardin Infierno; eta 18:40ean, The Ribbons.

Eguneko azken notak

Lorreine taldeak emango du azken-aurreko kontzertua. Punk akorde gogorrak atzean utzi, eta poparen txanda izango da, 19:30ean zehazki. Musika «alai» gisa deskribatzen du taldeak, eta azken urteetan lehiaketa bat baino gehiago irabazitakoak dira. Sari horien artean, aurreko urtean, Barakaldoko talde onenarena bereganatu zuten. Bi disko kaleratu dituzte: Regreso al buen rollo eta Haters.

Azken kontzertua El Capitan Elefante taldeak emandakoa izango da, 20:30ean. 2013. urtean sortu zen laukotea, eta indie rock estiloan murgildu zen hasieratik. Aurreragotik Arde Asia taldeko musikariak izan ziren kide gehienak, eta azken urteetan ehunka oholtza zapaldutakoak dira. Kontzertuak alde batera utzita, jateko eta edateko aukera ere izango da. Janari furgoneta bat eta txosna bat ezarriko ditu antolakuntzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.