Gozokiari kirtena

Karamelu makiladuna ez zuen hark asmatu, baina Enric Bernaten chupa-chupsa unibertsala bilakatu da, pop artearen ikono izateraino. Hainbeste, ezen markaren izenak produktua identifikatzea lortu baitu.

Haur bat chupa-chups gozoki bat jaten. BERRIA
Haur bat chupa-chups gozoki bat jaten. BERRIA
inaki rubio
2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Borobila da, eta makilatxo bat du itsatsirik. Plastikozko estalki ikusgarri batek biltzen du, maiz kentzeko nahikoa arazo ematen dituena: behin lortutakoan —kostata bada ere—, mihia atera eta zurrupada ederra ematea baino goxoagorik ez da: zurrup! Asmakizun sinplea dirudike, eta bada, hein batean: goxoki bati makilatxo bat jartzea bezainbertze. Chupa Chups markakoak dira ezagunenak, eta hari atxiki ohi zaio formatuaren sorrera. Izan ere, gozokien industriaren erreferentea izan zen, eta, hartan horretan, marka unibertsal bilakatu da. Hainbeste, ezen firma orok amesturikoa erdietsi baitu: haren izenak produktua identifikatzeko balio du, bertze marka batzuek ekoitzi badute ere. Donuts, Kleenex edota Klip dira metonimia horren adibiderik entzutetsuenak. 

Arrakasta hori, ordea, ez da ausazkoa izan. Chupa Chups markako chupa-chups gozokiak Enric Bernat enpresari kataluniarrak asmatu zituen, eta hari esker bilakatu zen formatua ospetsu. Aitarekin galletak saltzen ibili ostean, Massanes i Grau gaztandegian hasi zen lanean, baina zerbitzu militarra amaitu eta gozotegi propioa ireki zuen, Nuria Serra emaztearekin batera. Abentura hark, ordea, ez zuen luzaroan iraun: gaztandegiko nagusi ohiak proposamena egin zion Granja Asturias lantegiaren agintea hartzeko, eta fabrika hura sagarren ekoizpenean aritzen zen. Bernatek onartu egin zuen.

Inperio baten sorrera

Behin Asturiasen (Espainia) kokaturik, sagarrak baztertu eta gozogile sustraiei heldu zien berriz ere. Enpresan zituen baliabideak probestuz, frantziar aholkulari bat kontratatu zuen, gozokien kontsumoaren ohiturak ezagutzearren. Emaitzak erabakigarriak izan ziren: kontsumitzaileen %67k 16 urte baino gutxiago zituzten, eta, gozokiak jaterakoan, eskuak sistematikoki zikintzen zituzten, ahotik etengabe ateratzen zituztenez gero. Beraz, ideia bikain bezain praktikoa otu zitzaion kataluniarrari: gozokiari egurrezko euskarri bat jartzea, haurrek eskuak zikindu ez zitzaten. «Gozoki bat sardexkaz jatea bezala da», zioen Bernatek. 1958an sortu zen Chupa Chups. 

«‘Kojak’ telesaileko tenienteak beti zeraman chupa-chups bat ahoan; izugarrizko arrakasta izan zuen»RUFINO RIVEROGozoki saltzailea

Baina, egiazki, ez zuen ezer berririk asmatu. Gozoki makiladunak Erdi Arotik existitzen dira, eta antzinako Egipton jada iltzatzen zituzten makilatxoak gozoetan. Lehen gizakiek ere antzekoa egiten omen zuten, eztia makiletan zurrupatuz. Baina bada adibide gertukoagorik: Frantzian, esaterako, 1924an jada Pierrot Gourmand gozokiak saltzen zituen Georges Evrardek, eta, Espainian, Jose Segura gozogileak patentaturik zuen ordurako gozoki makiladun bat. AEBetan ere, Dums Dums chupa-chupsak saltzen zituzten jada. Rufino Rivero 1965ean hasi zen gozokiak —besteak beste— saltzen, Altsasuko (Nafarroa) zenbait kioskotan. Hark ere gogoan du nola txikia zelarik gozoki makiladunak saltzen zituzten: «Piruliak jaten genituen; gozokiz beteriko kukurutxo formako barkillo batzuk ziren, eta makila batekin eusten zieten». 

«Gerraostea zen, eta gerratik eta gosetik irteteko desira horren ikur bilakatu zen gozokia».

KOLDO EDORTA ATXAGA Publizista eta diseinatzailea

Koldo Edorta Atxaga publizista eta diseinatzailea da, eta orotariko marken nondik norakoak aztertu izan ditu. Haren aburuz, Bernaten enpresa ikuspegiak eta produktua merkaturatzeko erak gailendu zuen nagusiki Chupa Chups: «Espainian ziren patente guztiak erosi zituen Bernatek, AEBetan Lolly Popek egin zuen gisan». Publizistak esan duenez, asmakizunak gutxitan izaten dira guztiz originalak: «Batzuetan, momentu egokian agertzea da gakoa». Hain zuzen ere, faktore askok eragin zuten, eta ekaitz perfektua sortu zen. «Gerraostea zen, eta gerratik eta gosetik irteteko desira horren ikur bilakatu zen gozokia: produktu merke eta koloretsua zen, eta harrera hagitz ona izan zuen», esan du Atxagak. Pezeta bat balio zuen gozoki bakoitzak —0,006 euro—, eta kiosko, denda eta zinemetan saltzen hasi ziren. Riverok esan du «boom bat» izan zuela chupa-chupsak: «Zapore asko zituen, jendeari asko gustatzen zitzaion, eta asko saltzen zen; ohikoa zen 13-14 urteko gazteen ahoan gozokiaren makilatxoa ikustea». Zehazki, bortz chupa-chups zapore kaleratu zituen Kataluniako marka horrek: marrubia, kola, menta, limoia eta laranja.

Baina Bernatek ez zuen Chupa Chups izenarekin merkaturatu bere produktua. Gol izena jarri zion hasieran gozokiari: joko zelaiko atean, hots, ahoan sartzera zihoan baloi batekin erlazionatu zuen gozokiaren forma biribila, baina horrek ez zuen arrakastarik izan. Publizitate agentzia batek Pals eta Rols izenak proposatu zizkion, baina, azkenean, Chups deitzea erabaki zuen. Geroz eta ospe handiagoa hartu zuen gozokiak, bereziki irratirako egin zuen iragarki baten abestiaren kariaz: «'Chupa, chupa, chupa Chups!' zioen [zurrupatu, zurrupatu, zurrupatu Chups!], eta hainbestekoa izan zen oihartzuna, ezen jendeak chupa-chupsa eskatzen baitzuen dendetan», esan du Atxagak. Beraz, 1963an, izena eta logoa aldatu eta Chupa Chups deitu zion gozokiari.

«Pop mugimenduko artistarik nabarmenenekin harremantzen zen Dali; Warholekin, kasurako»JONE RUBIOArte historialaria eta ikerlaria

Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian fenomeno bilakatzerainoko sona izan zuen Chupa Chupsek. Halaber, produktua banatzeko estrategia eraginkorrak baliatu zituen Bernatek: esaterako, markaren logoa agerian zeramaten hamaika Seat 600 gozokiz fletatu zituen, produktua txoko guztietara irits zedin. Urteak igaro ahala, handitu egin ziren salmentak, eta, 1969an, markaren ospeari zegokion logo berri bat diseinatzea erabaki zuen enpresariak: «Izquierdo i Nogueras publizitate agentziara jo zuen, eta haiek Salvador Daliri eman zioten enkargua», esan du publizistak. Margolari surrealistak bitxilore hori bat pintatu zuen, eta, haren gainean, Coca Colaren estiloa imitatzen zuen tipografia idatzi. Taberna bateko ahozapi batean egin omen zuen zirriborroa, minutu eskas batzuetan. 

(ID_17138765449545) Chupa Chups markaren logoaren bilakaera.
Chupa Chups markaren logoa urteetan zehar. CHUPA CHUPS

Daliren esku hartzeak izugarri handitu zuen Chupa Chups gozokiaren fama, eta mundura salto egiteko modua eman zion. Geroztik, logoaren diseinuak aldaketa gutxi izan ditu. Halaber, nazioarteko pop kulturaren ikono bilakatu zela esan du Atxagak: «Kataluniak nazioarteko pop arteari eta kulturari eginiko ekarpenik aipagarriena da». Artea eta beste ditu ikergai Jone Rubio arte historialariak, eta anitz aztertu ditu artearen eta gizartearen arteko harremanak. Dali margolari surrealista zela baina pop artearekiko erlazio estua zuela baieztatu du Rubiok: «Logoa diseinatu zuen garaian superizar bat zen jadanik, eta pop mugimenduko artistarik nabarmenenekin harremantzen zen; Andy Warholekin, kasurako».

Logo berritzaile hura, halaber, katalanez sorturiko eslogan mitiko batekin kaleratu zuen enpresak: Es rodo i dura molt (borobila da eta asko irauten du). Urte hartan bertan, produkzioa internazionalizatzeari ekin zion Bernatek, eta fabrika bat ezarri zuen Baionan. Chupa Chupsen arrakasta ikusirik, hamaika izan ziren formatua imitatu nahi izan zutenak, eta konpetentzia andana sortu zitzaion. «Gero, piruleta sortu zuten; borobila zen, marrubiduna eta esne gainduna», esan du Altsasuko saltzaileak. Halaber, Chupa Chupsi konpetentzia gogorra egin ziola esan du, eta iragarki baten abestia ekarri du gogora: «¡Si tienes mil pesetas, comprate mil piruletas! [Mila pezeta badituzu, erosi mila piruleta!]». Testuinguru horretan jaio zen Fiesta gozoki marka ospetsua, eta lehia handia izan zuen Bernaten enpresarekin. «Txikleak, pipitak, bestelako chupa-chupsak… hamaika produktu berri merkaturatu zituzten, baina, benetan, ez zegoen marka edo produkturik Chupa Chupsi gailentzen zitzaionik; zoramena izan zen marka horrena», esan du Rufino Riverok.

«Hamaika produktu berri merkaturatu zituzten, baina, benetan, ez zegoen Chupa Chupsi gailentzen zitzaionik» RUFINO RIVEROGozoki saltzailea

«Sinpletasuna bertute bat da diseinuan», dio Atxagak. Izan ere, horixe da produktuaren ospearen gakoetako bat. Makilatxoaren materiala besterik ez da aldatu: hasieran, egurrezkoak ziren, baina, plastikoaren hedatu zenean, material horretakoak egin zituzten. Ekologia arrazoiengatik, ordea, paperezkoak fabrikatzen hasi ziren. «Baina txuarekin desegin egiten ziren, eta desatsegina zen; azkenaldian, plastikozkoak dira», esan du publizistak. Makila txilibitu gisa ere erabil zitekeen: zulotxo bat zuen puntan, gozokiari ondo eutsi eta kontsumitzailea ez itotzeko; esfera urtutakoan, zulotxotik putz eginez sortzen zen soinua. Egun jada ez da halakorik. «Bertze gozokiekin ez bezala, beti nabari da chupa-chupsa ahoan daramazunean; gauzarik okerrena da oharkabean pasatzea, eta makilatxoa bistara eramateak are ikusgarriagoa egiten du produktua», erantsi du Atxagak.

Fenomeno globala

Masa hedabideak ere hartu zituen Chupa Chupsek. «Kojak izeneko telesail bat eman zuten 70eko hamarkadan, eta protagonistak, Kojak tenienteak, beti zeraman chupa-chups bat ahoan; izugarrizko arrakasta izan zuen», azaldu du Riverok. Horren adibide da Fiesta markak sortu zuen Kojak chupa-chupsa. Urteak igaro ahala, ikusgaitasun handiagoa lortu zuen gozokiak. Spice Girls, Mariah Carey, Esther Cañadas eta bestelako izarrek hartu zuten parte markaren publizitate kanpainetan, eta, 90eko hamarkadaren hasieran, 164 herrialdetan jan zitekeen gozoki hura jada. 1995ean, espaziora ere iritsi zen. Halaber, erretzeari uzteko hainbat kanpaina egin zituen Chupa Chupsek. «Erretzeari uzteko, Johan Cruyff Bartzelona futbol taldeko entrenatzaile izandakoak chupa-chupsarekin aldatu zuen zigarreta, eta ohikoa bilakatu zen futbol partidetan gozokia eskuan zuela aginduak ematen ikustea», erantsi du Atxagak. Iragarki bat egin zuen markarendako.

Susperraldi orok etena duen gisan, Chupa Chupsek ere izan zuen berea. Galera handiak izan zituen  XXI. mendea iristean, eta, 2003an, Baionako fabrika itxi zuen. Urte hartan hil zen Enric Bernat, bere oinordekoei utzita enpresaren lema. Egoera ekonomikoak, ordea, ez zuen hobera egin, eta Perfetti Van Melle enpresari saldu zioten marka 2006an. Mentos eta Smint gozokiak ere egiten ditu enpresa horrek. Ia 70 urteren ostean, zutik mantentzea lortu du enpresak, baina haren zorrek ez dute etenik izan. Bitxiloreak bizirik dirau, zimeltzen ez den bitartean.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.