Global Humanitaria gobernuz kanpoko erakundearen bidez hamar herrialde baino gehiagotan elikagaien segurtasunaren alde egindako lanarengatik eta hainbat krisi egoeratan egindako esku hartzeengatik eman diote Basque Culinary World Prize saria Andres Torresi (Bartzelona, 1968). Casa Nova jatetxearen jabea da, eta kontzientzia-sortzailea, gastronomiaren bidez.
Zer balio ematen diozu sariari?
Sariak daukan hedapena da gehien baloratzen dudana. Lortzen duelako kanpoan gertatzen ari den horrekin jende asko sentsibilizatzea. Hori oso inportantea da niretzat. Ikusten dudan hori kontatzea oso zaila egiten baitzait askotan. Libanon izan naiz, eta Gaza gainean hegan ibili naiz milaka tona janari botatzen... Bidaietan sekulako eskarmentua neukalakoan nengoen, baina geroz eta gehiago kostatzen zait ikusten dudana asimilatzea.
Zer egingo duzu diruarekin?
Peruko goi lautadetako jangela sozialen proiektua indartuko dugu, eta Libiara janari gehiago bidali, hegoaldetik hiriburura ihesi doazenei jaten emateko.
Libanotik bueltan misil batekin itzuli zarela egia da?
[Barrez] La Vanguardia egunkariaren sari banaketa batean izan nintzen. Dena inprobisatu egiten dudanez, emazteari esan nion: «Emadazu sagar bat». Iritsi nintzen prentsaurrekora eta esan nuen: «Misil batekin nator». Eta denak zuri-zuri eginda gelditu ziren. «Sagar bat da. Honekin elikatu egiten gara, baina, hau desagerrarazten badugu, gosea bihurtzen dugu dagoen armarik hilgarriena». Askotan entzun dut hitz hori: «Gosea, gosea eta gosea». Baina Libanon adina ez dut aspaldian ikusi.
Zeuk galdetu zenion behin artikulu batean zeure buruari: «Gosea ote da gatazka modernoetako arma hilgarriena?».
Eta halaxe da: gosea da dagoen armarik hilgarriena. Benetako armak egiteari utz diezaiokegu, edo erosteari utzi, baina nola konpon dezakezu gosea arma gisa erabiltzeak sortzen duena? Jaten emanda bakarrik. Oso gogorra da hori guztia ikustea; zirrara eragiten du.
Eta gerra korrespontsal bat nola bihurtzen da sukaldari?
[Barrez] Egia esanda, neuk ere ez dakit. Beti kozinatu izan dut etxekoentzat, lagunentzat... Egiten nituen bidaietatik eta sortu nuen erakundetik atseden hartzeko, Penedes inguruan [Katalunia] etxalde txiki bat erosi nuen. Jendea jatera etortzen hasi zen, eta ezaguna egiten hasi zen. Pentsatu nuen modu profesionalean ekitea. Bost mahai bakarrik ditugu, eta hogei laguni ematen diegu jaten. Asko lantzen dugu jasangarritasuna, eta artisauen moduan egiten dugu lana, hori baita nik ikasi dudana egon naizen komunitate indigenetan. 2022an Michelin Izar Berdea eman ziguten. «Nola da hau posible?». Bada, orain, egunero kozinatzea tokatzen zait, eta datorren jendea kontzientziatzen saiatzen naiz.
Beraz, eragin liteke gastronomiaren bidez?
Erabat. Oso garrantzitsua da jendea sentsibilizatzeko. Kanpoan gertatzen ari dena alde batera utzita bizi gara askotan. Zu nire etxera zatozenean, kontatuko dizut kanpoan zer ikusi dudan, eta jendeari jaten ematen aritu naizela esan.
Aldatu dira gauzak urteotan?
Batere ez. Hildakoak eta gosea baldin badaude, zer aldatu da? Ezertxo ere ez. Duela 30 urteko gerrak eta oraingoak berdin-berdinak dira: hildakoak daude, goseteak daude, eta interes politikoak daude.
Nola egiten duzu halakoetan itzulera jasateko?
Arazo bat daukat orain. 28 urterekin mundua jaten duzu, eta 30ekin ere bai; orain, 56 dauzkat, eta psikologoarenean nabil. Lehen, etxera itzultzen nintzen, eta ez nuen arazorik. Orain, etxera itzultzen naiz, eta urduri egoten naiz astebetez, eta ez dut ongi lo egiten. Motxila kargatu egiten da. Gazatik eta Libanotik duela bi aste bueltatu nintzen, eta duela bi egun hasi naiz lo egiten.
LOTSABAKO
Sukaldari bat?
Magnus Nilsson suediarra.Txunditzen zaituen produktu bat?
Patata.Paisaia bat?
Ezagutzen dudan hondartza bakarti bat, Salahondan, Kolonbian.