Udako proposamenak

Gorlizko arte fusioa

Bosgarren aldiz ospatuko dute aurten gastronomia eta kultura uztartzen dituen Dastatuarte Food & Art jaialdia.

Gorlizko Dastatuarte jaialdiaren 2023ko ekitaldia. DASTATUARTE
Gorlizko Dastatuarte jaialdiaren 2023ko ekitaldia. DASTATUARTE
2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Kaleak kultur ekitaldiz eta eskaintza gastronomikoz bete dituzte, hala eskatzen zuen-eta Gorlizko (Bizkaia) Dastatuarte jaialdiaren aurtengo aldiak. Asteburua solidarioa izanen da, gainera: urtero paella solidarioa egiten da, eta etekinak irabazi-asmorik gabeko elkarte bati ematen dizkiote. Aurten, Autismo Euskadiren alde prestatuko dute paella: irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek autismoa dutenen eta haien familien bizi kalitatea hobetzea du helburu. Bertzalde, aurpegiak margotzeko tailerrak eta zentzumen tailer inklusiboak ere eginen dituzte. 

Atzo hasi zen besta, eta bihar arte iraunen du jai giroak, ia 50 jarduera borobildu ondotik: pintxoak, janari furgonetak, postu gastronomikoak, artisauak, tailerrak, antzerkiak, zuzeneko musika, dastaketak eta erakusketak, bertzeak bertze. Dastatuartek, dena den, Gorlizen lehendik egiten ziren bertze bi jaialdi ditu oinarri: Umore Gauak eta Dastatu Gorliz. Gorlizko Udala arduratzen da antolaketaz. 

Gaur ere askotarikoak izan daitezke egitekoak, jatekoak batzuk eta ikus-entzunezkoak bertzeak. Erraterako: zuzeneko musika, ipuin kontalariak, azukrerik gabeko bonboi tailerrak, Izarren hartza antzezlana, taloak eta Kriss DJa. Horrez gain, Traste eskolako irakaslea zuzenean musika jotzen arituko da, baina laguntzaileak ere izanen ditu. «Ikasleekin joko dut, urte osoan nirekin izaten direnekin», azaldu du Kristina Idarragak. «Abesti ezagunen zerrenda bat egiten dugu, eta horiek prestatzen aritzen gara»; hala, bertaratzen direnek aukera izanen dute haiekin kantatzeko. 

(ID_17199232610945) Dastatuarte jaialdiaren 2023ko antzerki bat.
Gorlizko Dastatuarte jaialdiko antzerki bat, 2023an. DASTATUARTE

Irakaslearen ustez, jaialdi «plurala» eta «jendetsua» da asteburukoa, eta, hortaz, «urtero» parte hartu du. Eragile bakoitzak hobekien datorkion ordutegia aukeratzen du, eta, ahal denean, gainerakoen lanak ikustera joaten da. «Herria oso bizi egoten da asteburuan», kontatu du Idarragak. 

Kale bakoitzean eskaintza desberdina egonen da; Itsasbide kalean, adibidez, artisautza eta gastronomia postuen azoka izanen dute: Artegune eta Gastrogune. 

Pintxo lehiaketa

Jaialdiko ekitaldi nagusia, alabaina, pintxo lehiaketa izanen da. Hamar taberna arituko dira kozinatzen, eta bezeroek hautetsontzi batean sartu beharko dute pintxo gustukoenaren txartela. Pintxo txartelari gutienez lau zigilu jarriz gero, zozketarako bidea irekiko da: lehendabiziko saria 300 euroko saski gastronomiko bat da. Bertaratuek gaur eta bihar izanen dute pintxoak dastatzeko aukera: eguerdian, 12:30etik 15:30era; arratsaldean, berriz, 19:00etatik 23:00etara gaur, eta 22:00etara bihar.

Hauek dira, hurrenez hurren, parte hartuko duten tabernak: Portalena, Argintxe, New Tavern, Okela, Olaxka, Jubis Gorliz, Bizkarletti, Txispas, Iberre eta Jamonostruck. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.