Gaztak nonahi Idiazabalen

Idiazabalgo Gazta Azoka egingo dute etzi. Bi eguneko programazioa osatu dute; tailerrak, hitzaldiak, txapelketak eta dastaketak izango dira. Herri bazkaria ere larunbatean egingo dute.

Haur bat, Idiazabalgo Gazta Azokan, artxiboko irudian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Haur bat, Idiazabalgo Gazta Azokan, artxiboko irudian. GOTZON ARANBURU / FOKU
urko iridoy alzelai
Idiazabal
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Gazta da Idiazabalgo (Gipuzkoa) protagonista handienetariko bat. 1998. urtean egin zen lehen aldiz Idiazabalgo Gazta Azoka, eta ohiturak gaur egun arte iraun du. Etzi hasiko da aurtengoa, eta asteburu osoko programazioa antolatu du Idiazabalgo Udalak larunbaterako eta iganderako. Euskal Herriko artzainen eta gaztagileen garrantzia nabarmentzeko eta tokiko produktua sustatzeko helburuarekin sortu zen duela 26 urte, eta antolakuntzak ideia berarekin jarraitzen du lanean.

Goizean hasiko da azoka, 11:00etan zehazki. June Iza Idiazabalgo Udaleko landa teknikariak azaldu du 23 artzain eta gaztagile joango direla aurtengo azokara, eta haien gazta batzuk dastatzeko aukera izango dela. «11:15ean mami txapelketa izango dugu. Bertako hainbat gaztagilek beren mamiak aurkeztuko dituzte epaimahai baten aurrean, eta azkenean irabazle bat aukeratuko da», zehaztu du Izak. Mamiarekin jarraituz, eguerdi aldera, 12:45ean, tailer bat egingo da, mamiaren prozesua eta egiteko modua irakasteko.

Baina tailerra baino lehen dastaketa bat egingo dute herriko plaza nagusian. «European Cheese Route elkartearekin batera, dastaketa bat egingo dugu. Euskal Herriko gaztez gain, kanpoko gaztak edukiko ditugu, hala nola Cacereskoak, Valladolidekoak [Espainia], Gironakoak [Herrialde Katalanak]... Gazta horiek egindako gaztagileek aurkeztuko dituzte», azaldu du Izak. Aurten, dastaketak desberdintasun bat izan zezan nahi zuten antolatzaileek, eta, lehen aldiz, gazta sagardoarekin nahastuko dute. «Beti ardorarekin lagundu izan dugu gazta, baina aurten sagardoa erabiliko dugu. Honen arrazoia gure produktuen sustapena da, gure sagardoari ere balioa eman nahi diogulako, eta Idiazabal inguruan ere sagar asko dugulako». Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak eta Iban Mate sukaldariak gidatuko dute saio hori.

14:30ean herri bazkaria egingo dute, frontoian, baina eguna ez da horrela bukatuko. «Arratsaldean, Idiazabal inguruko larreak ikusiko ditugu Aritz Ganboa artzainarekin. Hitzaldi bat izango da, baina bisita moduan, larrez larre. Harekin artzaintzak dituen sekretuak ikasteko aukera izango da». 17:00etan, plaza nagusian, show cooking bat egingo dute, Iker Markinez, Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariek bideratuta. Azken biak Ama jatetxeko sukaldariak dira, eta Markinez Kaxola dendaren jabea da.

Igandean 10:00etan irekiko da azoka, eta 11:30ean emango diote hasiera herriko gazta txapelketari. «Bertaratutako edonork baloratuko ditu gaztak; hau da, erabat irekia eta librea da iritzia ematea. Artzai Gazta elkarteak antolatu du txapelketa, eta parte hartuko duten gazta guztiak aurtengo denboraldikoak izango dira», esan du Izak. Ia ordu berean, 11:45ean, erakustaldi bat egingo dute Mikel Deunaren plazan: gazta egiteko eta ketzeko erakustaldia. «12:30ean, artaldea pasatuko da herritik, eta ile mozketa egingo da, bertaratutakoek ikus dezaten».

Sari banaketa

Sari banaketarekin amaituko da eguna. 14:00etan izango da, eta goizean egindako herri txapelketarekin emaitzak jakingo dira momentu horretan. «Sari banaketaz gain, urtero sari berezi bat banatzen da, pertsona bat omentzeko asmoarekin. Aurten, Ixidro Sukia izango da omendua. 2019. urtean erretiroa hartu zuen artzaina da Sukia, ataundarra. Haren familian, laugarren artzain belaunaldia da, eta, orain, semeak jaso du testigua». 

Idiazabalen gaztak duen garrantzia nabarmendu du Izak: «Larrez eta mendiz inguratutako parajea da Idiazabal, eta hemen, abeltzaintzak eta nekazaritzak beti izan dute nagusitasuna. Gaur egun, lehen sektoreak asko sufritzen duen arren, herri honetan ardatz nagusia izan da historikoki. Gaztak nagusitasun handia du herri honetan». Izak gehitu du gaztaren denboraldiko lehen azoketakoa dela Idiazabalgoa, eta aurten Euskal Herriko hainbat gazta dastatzeko aukera izango dela, hala nola Ossau-Irati sor markako gaztak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.