Udako proposamenak

Gasteizko plazak kulturaz bete

Kultura Plazara kultur proposamenaren barruan, hainbat egitasmo antolatuko dituzte udan Gasteizko plaza eta gizarte etxeetan: Markeliñe, Rojo Telon, Larrua eta Tutik Clownsen lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Kultura Plazara egitasmoko saio bat, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
Kultura Plazara egitasmoko saio bat, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
unai etxenausia
2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Uda honetan, Gasteiz kulturaz beteko da, Kultura Plazara kultur proposamenaren itzulerari esker. Uztaileko, abuztuko eta iraileko arratsaldeak hartzen ditu programak, eta helburutzat du hiriko hainbat plaza eta gizarte etxetan adin guztietako herritarrentzat kultura esperientzia askotarikoa eskaintzea. Irailaren 5era bitarte, doako hamahiru ikuskizun programatu dituzte guztira, dantza, txotxongiloa, magia, zirkua, antzerkia eta musika barne hartzen dituzten diziplina artistiko anitz tarteko.

Kultura Plazara egitasmoaren helburua da «topagune hurbila» eskaintzea. Euskal Herriko bertako artista eta konpainien sormen lana ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematea du xede, bai eta nazioarteko beste herrialde batzuetakoa ere, hala nola Herrialde Katalanak eta Asturias (Espainia); bi horiek ekitaldian parte hartzeko gonbidapena onartu dute. Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak antolatzen du jaialdia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Diziplina askotako ekitaldi aipagarriak biltzen ditu egitarauak. Lehen ekitaldi gisa, Capitan Maravilla Productions konpainiak Non Cras aurkeztuko du bihar, Konstituzio plazan. Ondoren, uztailaren 9an, Zabalgana gizarte etxean POI ikusi ahal izango da, D'es Tro konpainiaren zirku proposamen liluragarria. Zirkuarekin jarraituz, uztailaren 11n, Lakua gizarte etxean Rojo Telon konpainiaren Transir izango da ikusgai, zirkua eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizuna.

Uztailaren 16an, txikienek Tutik Clowns konpainiaren Txaplin-az gozatu ahal izango dute Ibaiondo gizarte etxean, pailazoen euskarazko proposamen dibertigarri eta parte hartzailea. Magiaren zaleentzat ere egongo da tartea; izan ere, uztailaren 18an, Adrian Condek Check-out aurkeztuko du Hegoalde gizarte etxean, magiaren eta keinu antzerkiaren arteko konbinazioa. Azkenik, uztaila amaitzeko, Eidabe konpainiak Gora bihotzak eskainiko du Judimendi gizarte etxean, uztailaren 23an, euskaraz eta familian dantzatzeko jaia izango da.

Ikuskizunek ez dute etenik izango abuztuan. Hil horren 22an, M & A Swing Machinek helduentzako kontzertu bat eskainiko du Arriagako parkeko anfiteatroan. Ondoren, Proyecto Larrua Hojarasca Danza konpainiaren Shoot the Target eta Le Petite Voiture 2.0 dantza garaikideko proposamenak izango dira abuztuaren 25ean, Judimendi parkean.

Programazioa irailean amaituko da, bi ikuskizun nagusirekin. Festuc konpainiaren Adios a Peter Pan ikuskizuna izango da irailaren 3an, Salburua gizarte etxean; familia osoarentzako txotxongilo ikuskizun bat da. Azkenik, Gasteizko TwoMuch Circus konpainiaren Double Bill ikusi ahal izango da, irailaren 5ean; Abetxukuko kiroldegiko plazan egingo dute zirku eta antzerki proposamen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.