Euskal kulturaren ondarea, itsasoz bestaldera

Goierrin dira jada Ateak Ireki egitasmoko 32 euskal estatubatuarrak. Motibazio nagusia, Euskal Herriko tradizioen ondarea dokumentatu eta diasporan ere hari eustea.

Ateak Ireki egitasmoko partaideak, asteartean, Ezkioko (Gipuzkoa) Igartubeiti baserria bisitatzen. AMAIUR ASURMENDI
Lazkao
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

«Etxeko ateak ireki dizkidan goierritar familiari esker, duela bizpahiru egun herenaitona-amonekin amaitzen zen zuhaitz genealogikoa osatzea lortu dut», dio Zoie Harmerrek (Nevada, AEB), Ateak Ireki egitasmoaren bigarren aldiko partaide euskal estatubatuarrak. «Aita historiazale amorratua da, eta hainbat jaiotza erregistro arakatuz, lortu du XVII. mendera arte atzera egitea; inoiz entzun gabeko euskal arbasoen izenak ezagutzea egin dit opari», adierazi du, hunkituta. Aurpegian distira berezia nabari zaio. Ez da harritzekoa, nortasunaren osatze prozesuan pauso garrantzitsua eman berri baitu.

Milaka dira Harmerren moduan euskal jatorria duten estatubatuarrak —60.000 inguru, IAEE Ipar Ameriketako Euskal Elkartearen datuen arabera—, munduko diasporaren parte diren heldu eta gazteak. Oro har, AEBetako mendebaldeko estatuetan bizi dira, batik bat Kalifornian, Idahon, Nevadan eta Utahn, eta XX. mendean artzain aritzera joandakoen ondorengoak dira. Euskal Herritik milaka kilometrora egonagatik, kultur ondareari eusteko modua ematen dieten zenbait komunitatetan parte hartzen dute askok, euskal etxeetan bereziki —haiek Basque Club esaten diete—. Batzuentzat, hala IAEEk urtero antolatzen duen Udaleku ekinaldia nola bost urtez behin egiten duen Jaialdia ezinbestekoak dira euskal kulturaren inguruan duten ezagutza zabaltzeko. Beste batzuek, baina, beste pauso bat eman nahi izaten dute, Euskal Herriko errealitatearekin harreman zuzenagoa izateko ametsak bultzatuta, eta behar horri erantzuteko helburuarekin sortu da, hain zuzen ere, Ateak Ireki ekinaldia.

(ID_17200789959015) (/EZEZAGUNA) Ateak Ireki ekimenaren bigarren edizioko estatubatuarrak, Maizpide euskaltegi-barnetegian euskara ikasta...
Estatubatuar gazte batzuk, aste honetan, Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian, euskara ikasten. AMAIUR ASURMENDI

2020. urtean abiatu zen Ateak Ireki, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien, eta Goieki eta IAEE erakundeen babesarekin. Nagusiki, euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko loturak ezartzea du xede, bi herrialdeetako gazteen arteko harreman pertsonalak sortu eta sendotzeko. Bigarren aldi honetan, 17 eta 25 urte bitarteko 32 estatubatuar, denak euskal jatorrikoak, hasiak dira hiru asteko egonaldia egiten, Gipuzkoako 28 familiatan banatuta. Astelehenetik ostiralera, hainbat ekintzatan parte har dezakete: euskara eskolak izaten dituzte goizean, Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian, eta hainbat tailer eta txango arratsaldean, tartean direla mendira irteerak, euskal abestien jaialdiak eta euskal dantzen ikastaroak. Asteburua, berriz, egokitu zaien euskal familiarekin pasatzen dituzte.

Familia batekin bizitzen

Joan den asteburuan, aitona-amonen edota bestelako senideen baserriak ikustera joan ziren hainbat, harrera familiek lagunduta. Amaya Fischerrek (Idaho, AEB) gogora ekarri du herenamonaren Amaiurko (Nafarroa) baserrira bigarrenez bisitatzeak eragindako zirrara: «6 urterekin etorri nintzen lehen aldiz, Kalifornian jaiotako aitona-amonak artean bizirik zeudela. Hamahiru urte geroago bueltatu izanak ikaragarri asebete nau. Gauzak aldatu eta ni hazita ere historiak hor jarraitzen duela ikustea eta, gainera, dena berriro bizi ahal izatea... zorte handia da!». Fischerren amonak, Grace Mainvilek, Lapurdikoa zuen ama, eta Baztangoa aita; IAEEko diruzaina izan zen 28 urtez, eta euskal kultura babesteko ahalegin handiak egin zituen. «Amonaren jatorrizko lurraldea hura gabe ikustea desberdina izan da, baina ikusita jendea eta niretzat eraiki zituen zubiak oraindik hemen daudela, egindako lanarengatik eskerrak eman besterik ezin dut egin», dio, hunkituta.

Maizpidera etorri direnen artean, euskara maila apala da oro har. Ohikoa izaten da hori, euskal jatorriko emigrante familia gehienetan zaila baita oso hizkuntzari eustea hirugarren belaunaldietatik aurrera. Euskal nortasunaren oinarri da euskara, eta, luzaz, askok sentitu izan dute euskaraz ez jakiteak sinesgarritasuna kentzen diela, edo euskaltasuna ahuldu. Horiek horrela, euskal dantzak bihurtu dira egoera horri aurre egiteko bidea, euskal nortasun horrekin bat egiteko modua. «Estatu Batuetan izugarrizko arraza, kultura eta erlijio nahasketa dago; geuk, zuriak izanda, ez dugu gainontzekoengandik berehala bereizten gaituen azaleko ezaugarririk, eta, beraz, erronka bat da euskal nortasuna publiko egitea», dio Jenna Rassmussenek (Kalifornia, AEB). «Hala, euskal dantzak euskal diaspora ahalduntzeko tresna dira». Rassmussenek eta Ateak Irekiko kide beste askok hainbatetan izan dute Euskal Herrira dantza egitera etortzeko aukera. «Aurreko udan lehendakariaren aurrean dantza egin genuen Idahoko Oinkari euskal dantza taldearekin», azaldu du Amaya Fischerrek, harro. 

«Euskal dantzak euskal diaspora ahalduntzeko tresna dira» JENNA RASSMUSSEN Ateak Ireki egitasmoko partaidea

Parte hartzaile askorentzat,Ateak Ireki bizitzan behin bakarrik sortzen diren aukera horietako bat da. «Gure zereginetako bat, hemen gauden bitartean, esperientzia dokumentatzea da; bizipenak eta ikasketak bildu ahala, horiek orri imajinario batean idazten ari gara, euskal kultura zabaldu eta gorde ahal izateko», azaldu du Rassmussenek. «Bere lekua aurkitu ezinik dabilen jendez betetako belaunaldi honetan, egia eta gezurra bereizteko zailtasunak dituen honetan, halako komunitateek oinak lurrean jartzen laguntzen digute, eta euskal tradizioen ondareari eusteko bidea eman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.