Irisarriko Ospitalearen arduraduna

Anna Ruiz-Delval: «Euskal kultura museoetatik atera behar da, bizitzen baita pentsatua izan baino lehen»

Hiru hilabeteko obren ondotik, Irisarriko Ospitaleak ateak berriz zabaldu ditu joan den astelehenean.

Anna Ruiz-Delval, Irisarriko Ospitalean, astearte arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Anna Ruiz-Delval, Irisarriko Ospitalean, astearte arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Irisarri
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Baigura mendiaren oinean da Ospitalea, Irisarrin (Nafarroa Beherea) den departamenduko ondare hezkuntzarako zentroa. XII. mendeko Maltako ordenako zaldunen komanderia bat zen jatorriz, eta 2002an Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak berriz erosi zuen leku kultural bat bilakatzeko. Anna Ruiz-Delvalek (Auch, Okzitania, 1989) badu sei urte Ospitalearen ardura duela. Bost urtez Montpellierko (Frantzia) Fabre museoan lan egin ondotik, Euskal Herrira iritsi zen, proiektuekin eta publikoarekin hurbiltasuna lortzeko. Ospitaleak ateak berriz zabaldu ditu astelehenean, hiru hilabeteko obren ondotik, Duplanier-ren marrazkiak: Baxenabarreko etxeak beste begirada batez erakusketarekin.

Astelehenean Ospitalearen ateak berriz ireki zenituzten. Nola sentitzen zara?

Biziki kontent gara ekipo osoarekin! Isolatze arazo batzuengatik teilatua zaharberritu behar izan genuen, eta, anartean, Ospitalea eraikineko erakusketa gela hetsirik egon zen. Baina, hala ere, bitxiki, eskoletako haurrak errezibitzen segitzen ahal izan genuen. Harreman hori atxikitzeak on egin zigun. Nahiz eta erakusketa gela itxia izan, Pazko garaian, aktibitateak antolatu genituen irekitze ofizialaren aurretik: tailerrak, emanaldiak, hitzaldiak, Escape Game-ak [ihes gelak]... Oso arrakastatsua izan zen. Horrek frogatzen du publikoa beti prest dela proposatzen ditugun proiektuetan parte hartzeko!

Auchen handitu zinen, Okzitania eskualdean. Nolatan Ospitalearen arduraduna bilakatu zinen?

Ibilbide aski klasikoa ukan nuen. Ikasketak bukatu eta gero, Montpellierreko museo handi batean lan egin nuen bost urtez, Fabre museoan. Bertan administrazioaz arduratzen nintzen gehienbat; mezenasgo eta partaidetzak xerkatzen nituen. Tartean, funtzio publikoen konkurtsoak pasatu nituen, eta kontserbazio arduradunarena lortu nuen. Arrazoi pertsonalengatik, Euskal Herrira hurbildu nahi genuen senarrarekin, eta, kasualitatez, Ospitalearen lan eskaintza bat atzeman nuen Interneten. Postu hori anitz interesatzen zitzaidan, aspaldi abiatu zen estruktura ttipi batean lan egiteko parada eskaintzen baitzuen. Hurbiltasun horrek ninduen erakartzen, publikoaz eta proiektu kulturaletatik hurbil izateak.

Bost urtez Montpellierko museo handi batean lan egin zenuela aipatu duzu...

Lanbide oso aberasgarria izan zen, baina, egun dudanarekin, desberdina zen. Montepellierko museoa estruktura erraldoia zen, ekipo handiarekin... Nire lanbidea biziki interesgarria izan zen, baina polibalentzia eskasa nuen, bereziki publikoarekin harremana falta nuen. Egun, Ospitalean, denarekin hurbiltasuna dut, eta kulturak, historiak eta ondareak lurraldean duten eragina zuzenki ikus dezaket; bikaina da!

Euskal ondarea sustatzen duen leku batean lan egiten duzu, baina jatorriz ez zara Euskal Herrikoa. Hasieran, nola kudeatu zenuen ezagutzen ez zenuen leku batean lan egitea?

Ospitalean talde handi bat dugu, eta, azkenean, proiektuen koordinazioaz arduratzen naiz ni. Baina inguruan dudan taldeak bikainki ezagutzen ditu Euskal Herriko ondarea eta kultura. Haiei esker, egokitzea lortu nuen. Gai edo proiektu bakoitza ikasteko parada da, lanbide oso aberasgarria da. Eta kanpokoa izateak zenbait abantaila ditu, kanpoko begirada bat ekar dezaket, adibidez.

Ospitalean euskal historia, ondarea eta kultura sustatzea duzue helburu.

Bi helburu nagusi ditugu: lehena, eskoletako haurrei euskal ondarea transmititzea da. Horrentzat murgiltze egonaldiak proposatzen ditugu gai bati lotuta; aktibitateak, tailerrak... Ikasleei zuzenduriko denbora irailetik ekainera iragaten da. Eta ber gaiari lotua, publiko zabalarentzat erakusketa klasikoak antolatzen ditugu, hiru urtean, martxotik abendura. Erakusketaren inguruan konferentziak, hitzaldiak, tailerrak haur zein helduentzat... egiten ditugu. Euskal kultura bizitzen den kultura bat da; dantzatzen dugu, kantatzen dugu, inauteriak ospatzen ditugu... Eta euskal kultura museoetatik atera behar da, bizitzen baita pentsatua izan baino lehen. Ospitalearen helburua da dugun kultura honi ikuspena eta azalpena ekartzea, folklorizaziotik ateratzeko. Adituak eta eragileak ere argitan eman nahi ditugu. Euskal dantzan zergatik urrats hori egiten dugu? Zergatik Nafarroa Beherea horrela deitzen dugu? Mitologia zer da? Gure helburua ez da gure erantzuna inposatzea, baina ikusleari erakustea etnologo edo historialari batek galdera horri erantzuna landu eta atzeman zuela.

Irisarrin nola lortzen da holako leku bat erakargarria bilakaraztea?

Oreka bat lortu behar da, bai bertako biztanleak bai pasaiako pertsonak erakartzeko. Garrantzitsuena da kalitatezko proiektuak proposatzea, etengabe gure burua zalantzan emanez, beti hobe egiteko. Egia da usu bertako jendeak pentsatzen duela horrelako lekuak elitistak direla, edo ez diela deus berririk ekarriko. Beraz, gure lana da zentzu gehien duten proiektuak antolatzea aurreiritziak eta klixeak deseraikitzeko, errealitateari deslotu gabe.

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.