Pintxo-potearen sortzailea Euskal Herrian

Victor Manuel Ibañez: «Euskal Herriko fenomeno soziokultural garrantzitsuenetakoa da pintxo-potea»

Ibañezek Chiclanara (Espainia) egindako bidaia batetik inportatu zuen pintxo-potea, Gorbeia kaleko ostalariei proposatu zien, eta Euskal Herrira zabaldu zen laster.

Victor Manuel Ibañez Euskal Herriko pintxo-potearen sortzailea, atzo, Gasteizko Gorbeia kalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Victor Manuel Ibañez Euskal Herriko pintxo-potearen sortzailea, atzo, Gasteizko Gorbeia kalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Victor Manuel Ibañezek (Gasteiz, 1950) Chiclanatik (Espainia) Gasteizera ekarri zuen pintxo-potearen ideia, eta handik Euskal Herri osora zabaldu zen gero. XXI. mendeko «fenomeno soziokulturalik garrantzitsuenetakoa» da harentzat. Gaur egun, ordea, oso urrun gelditu dira asteko egun batean Euskal Herriko kaleak betetzen zituzten jendetza haiek eta orduko prezio merkeak. Pintxo-potearen inpaktuak ez du zerikusirik duela 15-20 urte izandakoarekin, baina argi dago ostalaritzaren ikuspegia aldatu zuela.

Chiclanatik iritsitakoa da pintxo-potea?

2003 eta 2004 artean Chiclanara egindako bidaia baten ondoren bururatu zitzaidan, bai. Uda hartan, [Gasteizko] Gorbeia kaleko tabernak irauliko zituen ideia bat ekarri nuen, gero hiri osora zabaltzeko. Gutxienez bost aldiz elkartu nintzen kale horretako ostalariekin.

Zein izan zen erronkarik handiena Gorbeia kaleko ostalariek pintxo-potearen egitasmoarekin bat egin zezaten?

Argi ikusi nuen kalean arrakasta izango zuela. Kosta egin zitzaidan ostalariak konbentzitzea, baina urrats garrantzitsua zen ados jartzea... Gainera, bazen salbatu beharreko beste oztopo bat: kanpainak errentagarria izan behar zuen tabernentzat. Tabernariek zerbait jarri behar badute, bikoitza nahi dute. Baina, askotan, garrantzitsuena ez da etekinak momentuan bertan izatea, baizik eta jendeari zure auzora eta tabernara joateko ohitura sustatzea. Bazeuden ia inork ezagutzen ez zituen tabernak, eta hiriko ezagunenak bihurtu ziren pintxo-poteari esker.

Nola erabaki zenuen pintxo-pote izena jartzea? Eta zein beste aukera hartu zenituen kontuan?

Hemen tapa ez zen erabiltzen. Beraz, tapa bat pintxo baten baliokidea bada, eta edariari pote esaten badiogu, erraza zen: pintxo-potea.

Zein izan zen Gorbeia kaleko pintxo-potearen hasierako arrakastaren gako nagusia?

Adin guztietako jendea elkartu ahal izan genuen, baina lortu genuen ostegunean Gasteizen unibertsitatean zeuden gazte pila bat bertan geratzea. Hasieran diskretu samarra izan zen dena, eta astez aste gero eta jende gehiago joaten zen. Inguruko auzo eta herri guztietatik etortzen hasi ziren autobusak, eta, egia esan, festa bihurtu zen. Gainera, denak euro bat balio zuen.

Zer estrategia zehatz erabili zituzten tabernariek pintxo-potearen errentagarritasuna mantentzeko, prezio merkeak izanda?

Marka bat sortu genuen. Eta ez tabernentzat bakarrik; dendariontzat ere errentagarria izan zen. Marka hori Euskal Herri osora zabaldu zen; harrigarria da lortu genuena...

Prezioen igoerak eragin dio pintxo-poteari, eta, astean behin irteteko ohiturari eutsi bazaio ere, edaria garestitu egin da, eta pintxorik gabe ateratzen dute askotan...

Berriz elkartu behar dute ostalariek, eta beste leku batzuetan ere berdin egin beharko lukete. Espezializazioan dago etorkizuna; taberna bakoitzak zerbaitetan berezitu behar du: prezio merkeegia mantentzea zaila da, baina, behintzat, berezia eta bakarra izan behar du taberna bakoitzaren produktuak. Espezializazioan dago komertzio txikien etorkizuna. Hogei urte bete ditu pintxo-poteak, eta mantendu egin behar da, baina berrasmatuta. Elkartasuna ere garrantzitsua da, bestela txikiok ez baitaukagu etorkizunik. Euskal Herriko fenomeno soziokultural garrantzitsuenetakoa da pintxo-potea, eta mantendu egin behar da.

74 urterekin, ez dirudi erretiroan asko pentsatzen ari zarenik; auzoko komertzioei laguntzen jarraitzen duzu. Gorbeia aldeko Merkataritza Elkartean aritzen zara, gizonentzako jantzien Ibañez dendan...

Gure elkarteak indar handia du gaur egun ere, eta bide horri eutsi behar diogu. Hazten eta hedatzen jarraitzea da erronka nagusia. Horregatik aldatu dugu elkartearen izena, eta beste kale batzuk ere hartzen ditugu orain.

Gorbeia kalea izango da, beraz, pintxo-potearen eta komertzio txikien esperantza?

Ez dakit, baina ez gara geldirik egoten: berrasmatzen ari gara etengabe. Nahiz eta multinazionalekin lehiatzea erraza ez izan, eta haiek abantailak izan, aurre egin behar diegu.

lotsabako

Taberna bat?
El Valle.

Edateko?
Zuritoa.

Pintxo bat?
Perretxikoak dituen bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.