UDAKO SERIEA. 'Drag'-aren hegalen atzean (I).

Diziplina baten lehen takoikadak

Ehun urte baino gehiagoko ibilbidea du 'drag'-ak, baina ez da jakinekoa zer jatorri duen. Hamaika deitura eta esanahi izan ditu arte horrek garai bakoitzean, eta oholtzari atxikirik egon da hasieratik; transformismoa izan zen hazia.

Leopoldo Fregoli transformista italiarra, hainbat erretratutan posatzen, 1903an. WELLCOME COLLECTION
Leopoldo Fregoli transformista italiarra, hainbat erretratutan posatzen, 1903an. WELLCOME COLLECTION
inaki rubio
2024ko uztailaren 2a
05:00
Entzun

Ezin hobeki margoturiko mihise baten tankera du drag-ak. Oholtza, musika, ahotsa, publikoa, efektu bereziak, arropa, makillajea, atrezzoa... Eszenaratzeak detaile guztiak zaintzen ditu, ikuskizuna bide onetik joan dadin. Ordea, hegalen atzean dago transformismoak dakarren izerdi guztia: frisoak gurutzatu orduko ageri da drag-a, parez pare. Diziplina artistikoan diharduten pertsonekin ere gauza bera gertatzen da; harago begiratzea beharrezkoa da makillajearen atzean dagoen pertsonarengana iristeko, eta, hortaz, drag-a bere esentzian ezagutzeko. Orobat, artista horien barrenak arakatzea ez ezik, diziplinaren erroak kausitzea ere ezinbestekoa litzateke drag-a bertatik bertara atzemateko. Jaun, andre eta tartekook, luzamendu gehiagotan ibili gabe, has dadila ikuskizuna.

Historia baino gehiago, istorioak

Paul B. Preciado filosofo eta teorialariaren arabera, sexu-genero disidenteen historia idatzi edota irakurtzeak polizia eleberri baten tankera gehiago du ikerketa historiko zehatz eta klasiko batena baino. Dokumentazio faltak, testuen itzulpen eskasak eta baliabideen gabeziak ia fikziozkoa egin du heteroarautik at daudenen bizitza kontatzea. Drag identitateen kasua, noski, ez da salbuespena. Izan ere, zaila da jatorri zehatzik aurkitzea, gizakia existitzen denetik egon baita.

Drag izenaren etimologia zehaztea ere ez da lan makala; alabaina, bi dira onespen handiena izan duten teoriak. Bata Shakespeareren garaikoa da, eta, horren arabera, ingelesezko dressed as a girl [emakume bezala jantzita] hitzen akronimo zuzena da. Beste teoriak dio ingelesezko drag [arrastatu] terminoaren esanahitik datorrela, izan ere, XIX. mendera arte bereziki, aktoreek kapa eta soineko luzeak eramaten zituzten, horiek arrastaka eramanez.

«Erreferente homosexual guztiak ezabatu zituen [frankismoak] imajinario kolektibotik, gure existentzia bera ere ukatuz»

JOSE ANTONIO NIELFA 'LA OTXOA'Transformista

Halaber, hamaika termino erabili dira artista horiek izendatzeko: cross-dresser, trabesti, transformista, drag... beste hainbeste esanahi ere izan ditu izen horietako bakoitzak, aldi bakoitzean horietako bat nagusituz. Izan ere, trabestismoak aldaketa ugari izan ditu historian zehar, bai forman eta bai edukian, eta bereziki antzerkiari atxikirik egon da. Preseski, drag-ak XIX. mendearen amaieran du jatorri zuzenekoena: Erresuma Batuko viktoriar antzerkian. Burlesque generoaren barruan antzezturiko esajerazioa eta komedia ziren ezaugarri nagusiak, eta gaurko drag mugimenduaren zimenduak eratu zituen horrek. Orobat, William Dorsey Swanni ekintzaile afro-amerikarra izan zen bere burua drag gisa izendatzen lehena, XIX. mende amaieran.

Tranformismoaren egunsentia

Aldi berean, diziplina artistiko mota berezi eta berritzaile bat hedatu zen Espainian: barietate ikuskizunaren barruan, garai hartako izarrak eta aktorerik ospetsuenak imitatzen zituzten aktoreek aretoak hartu zituzten: lehenengo transformistak agertu ziren, Frantzian eta Europako beste herrialdeetan gertatzen ari zena imitatuz. Leopoldo Fregoli italiarra izan zen transformismoaren hazia Espainian, eta haren arrakastak ehunka artista anonimo bultzatu zituen oholtza gainera hirietan zein herrietan. Halaber, pertsona homosexualentzat askatasun espazio bakanetakoak bihurtu ziren horiek, eta, berandu baino lehen, sexu orientazio harekin lotu zuen gizarteak artea, nahiz eta transformista asko heterosexualak izan. Hortaz, ghettoetan zokoraturik gelditu zen diziplina ondorengo hamarkadetan, eta homosexualitateari loturik egon zen geroztik.

(ID_17180117201765) Leopoldo Fregoli transformista
Leopoldo Fregoli transformista.

Hala ere, transformismoak geroago jo zuen behea. Francisco Franco diktadoreak Espainian estatu kolpea eman zuenean askatasun zantzu oro deuseztatu zuen, eta, noski, artearen agerraldi subertsibotzat zituen horiek ere, transformismoatarteko. Frankismoaren lehen urteetan jaio zen Jose Antonio Nielfa La Otxoa transformista bilbotarra: «Erreferente homosexual guztiak ezabatu zituen imajinario kolektibotik, gure existentzia bera ere ukatuz». Zomorro arraroak balira bezala hezi zituzten identitate ez-normatiboa zutenak, haiek berek sentitzen zutena ulertu ezinean. 

«Komunitate kontzientzia zegoen, baina gizon homosexualena zen hegemonia»

OSKAR DELGADO 'NAGORE GORE'Las Fellini taldeko transformista

Hego Euskal Herria autarkia betean preso zegoela, bere bidea egiten jarraitu zuen diziplinak beste herrialdeetan, klandestinitatean betiere. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, kutsu artistikoagoa hartu zuen 1950eko hamarkada aldera, zentzu kritikoa apalduz: camp eta kistch korronte artistikoek hartu zuten diziplina. Orobat, historian lehenengoz, emakumeak hasi ziren drag-ean —edo parte hartzea estreinakoz aitortu zitzaien behintzat—, eta drag hitza erabiltzen hasi ziren AEBetan arte hori izendatzeko.

Orduan jazo ziren New Yorkeko Stonewall Inn tabernako istiluak, 1969ko ekainaren 28an. Poliziaren mehatxuei muzin egin, eta burua altxatu zuten, estreinakoz, bollera, maritxu, trans eta trabestiek. Azken horiek ziren —eta dira gaur egun ere— kolektiboko kiderik zaurgarrienak, eta matxinadaren bultzatzaile nagusiak izan ziren. Halere, komunitatetik —oraindik ez zen existitzen LGTBI kolektiboa— baztertuak izan ziren urte askoan, Las Fellini taldeko Nagore Gore-k azaldu duenez: «Komunitate kontzientzia zegoen, baina gizon homosexualena zen hegemonia».

Las Fellini, kabaret trastornista

(ID_17188971485135) Las Fellini taldeko artistak.
Las Fellini taldeko artistak. LAS FELLINI

Zer da drag izatea? Zaila da erantzun zehatzik aurkitzea, norberak bere modura bizi baitu. Adierazpen artistiko bat da, baina bertan dihardutenentzat hori baino askoz gehiago ere bai: bizimodua da, identitate propio bat, askoren ogibide ere badena. Esajerazioa, performancea, moda, makillajea... elementu horiek guztiek konbinatuz sortzen dute drag-a. Nahierara egindako fantasia artistikoa da finean, genero rolak erantziz ezarritakoa zalantzan jartzea helburu duena. Orientazio sexualak, norberaren generoak edota sexuak ez dute baldintzatzen inondik inora ere drag izate hutsa, edozeinek jardun baitezake bertan; geroz eta zabalagoa ari da bilakatzen eta munduko bazter guztiak hartzen. Euskal Herriko drag-a, noski, fenomeno horren lekuko izaten ari da, eta aniztasun horren adierazle dira, esaterako, Las Fellini.

«'Trastornistak' garela diogu, trastornatuak dauden transformistak, alegia».

LAS FELLINI

Puxika koloreduna bular bietan, bizar zarbatsua, orrazkera desegineko ileordea eta pailazo itxurako makillajea. Halaxe irten dira Felliniak Bilbo Zaharreko Badulake klubeko oholtza gainera. Daramaten itxura narrasak trash estetika irudikatzen du ezin hobeki. «Koadro hutsak gara, txingote eta kaskarin batzuk», dio taldeko kide Oskar Delgado Nagore Gore-k (Bilbo, 1971). Hurbildu ahala, nabariagoak dira haren ezaugarri narrasak. Harrotasun handiz aldarrikatzen dute beren izaera, moldeak hautsiz drag berezi eta bakarra sortu baitute, Euskal Herrian erreferente izateraino. «Trastornistak garela diogu, trastornatuak dauden transformistak, alegia».

Jaime Seoane Caprichossi Potxperta (Bilbo,1968) eta Juan Carlos Rodriguez Jeyxi Spaguetti-rekin (Durango, Bizkaia, 1980) batera aritu izan da Nagore ia 30 urtez, Bilboko inguruak aztoratzen. Sergio del Pozo Barbara Kaldo (Barakaldo, Bizkaia, 1993) izan da fitxatu berriena, baina artista gehiago igaro dira lehenago taldetik: batzuk joan, besteak etorri... Alien Sisters gisa hasi zirenek Fellini izena hartu zuten, film itxuragabeak egiten zituen Federico Fellini zuzendariarekin zuten antza zela eta. 1998an eratu zuten taldea. «Ondoren, umorerantz bideratu genuen taldea, clown estiloko ikuskizunera, hain zuzen ere». Hala, industriak comedy drag gisa katalogatuko lukeen estiloa hartu zuten. Ordea, transformista hitzarekin sentitzen dira erosoen, drag-a hermetikoa izan baitaiteke sarritan. «Arauak hausten» segituko dute, ezarritakoaren gogoz bestera.

La Otxoa, oholtza gainean aitzindari

(ID_17183560889935) La Otxoa artista bilbotarra.
La Otxoa artista bilbotarra. LA OTXOA

Athleticzale amorratua bera, oso gaztetatik hasi zen futbolean La Otxoa. Jokalari bikaina zen, eta familiak Bilboko San Frantzisko auzoan zuen tabernan txandakatzen zituen orduak haur bat besterik ez zela, botak takoiekin aldatu zituen arte. Jose Antonio Nielfak (Bilbo, 1947) 14 urte zituenean ezagutarazi zuen bere homosexualitatea, eta geroztik hasi zen ezaguna egiten auzoan, bere karismak bulkaturik. Orduan, 8 A izeneko taberna batean ari zen lanean, eta auzokideak termino hori erabiltzen hasi ziren artista izendatzeko. «Gaztelaniaz irakurrita, Ocho A ahoskatzen da, eta gaztelaniazko la artikulua gay munduan ibiltzen zen edonori jartzen zioten». Geroztik, 8 eta A formako arrakalak daramatza belarri bietan eszenatokira igotzen denean, bere genesiari keinu eginez. 

«Lotsagabea eta probokatzailea da La Otxoa»

LA OTXOA

Egundoko ileorde koloretsua eraman ohi du, 1980ko hamarkadako kardatuen itxura hartzen duena; artistaren nortasun zeinu ere bilakatu da denborarekin. Dena den, ez du bere burua trabestiedo drag-tzat: «Gonadun umorista bat naiz, transformista, izatekotan». Izan ere, La Otxoak ez du gogoko trabestitzea, are gehiago, gorroto du, deserosoa baita harentzat. Era berean, ez zaio inoiz gustatu La Otxoa ezizena, denborarekin konformatu behar izan badu ere. «Trabestitu gabeko artista izan ninteke lasai asko». Ordea, ospea ekarri zion horrek, eta hala jarraitu izan du beti.

Garai hartako artista folklorikoak eta kopla abeslariak miresten zituen, eta horiek imitatzen zituzten transformistak izan ziren eredu harentzat. Raphael eta Camilo Sexto bezalako abeslaria izan nahi zuen Nielfak, nahiz eta onartu duen sekula ez zuela nahi izan ohiko bolero abeslari bat. Halaber, lotsatia dela aitortu du, baina ileorde eta makillajea jarri orduko «barren-barrenetik» eraldatzen da: «Lotsagabea eta probokatzailea da La Otxoa».

Trabestitu zen lehen aldia ekarri du gogora. «70eko hamarkada amaieran izan zen; Radio Bilbaoko esatari batek kazetarien eguneko bazkari batera gonbidatu ninduen abestera». Simon Cabido aktorearen Doña Croqueta pertsonaia aukeratu zuen egun hartan karakterizatzeko. Artistak kantatu izan zuen lehenago abesti hori, baina «gizon itxurarekin beti». La Otxoaren mitoa eratzeko lehen pausoa izan zen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.