Asteburuko proposamenak

Dantzarien topagunea Bilbon

Lekuz leku dantza jaialdiaren hogeigarren aldia ospatzen ari dira Bilbon. Egitarau zabala prestatu dute.

2011ko Lekuz Leku jaialdiaren pieza bat, artxiboko irudi batean. LA FUNDICION
2011ko Lekuz Leku jaialdiaren pieza bat, artxiboko irudi batean. FUNDICION
Maixa Utrera Puelles.
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Atzo hasi zen Lekuz Leku dantza jaialdiaren hogeigarren aldia, eta larunbatean amaituko da. Euskal Herriko eta nazioarteko dantzarien pieza laburrak aurkeztuko ditu jaialdiak, eta lau egunez dantzaz beteko dira Bilboko kaleak. «Dantza garaikidearen lengoaia publiko guztiei hurbiltzea, eta, horretarako, lan koreografikoak hiriguneetara eramatea», hori da helburua, antolatzaileen hitzetan.

Iazkoa bezain zabala da aurtengo eskaintza, eta, dantza ikuskizunek ez ezik, zinema emanaldi eta tailerrek osatuko dute egitaraua. Hain zuzen ere, Philippe Beziart zuzendariaren Les Indes Galantes dokumentalaren (2021) emanaldiarekin hasi zen festibala atzo, Fundicion aretoan.

Gaur, 16:00etatik 18:00etara, dantza tailer bat egingo dute Theater Der Klange taldeko kideek, Natxo Monterok eta Eneko Galdosek. Fundicion aretoan izango da saio hori ere, eta edonork parte har dezake. 

Saio hori amaitzean, 19:00 aldera, Fiver zinema jaialdian parte hartu duten zazpi film labur emango dituzte, aretoan bertan: La nada se traga una cosa tras otra (Argentina), Soua naxate (Argentina), You Will Fall again (Espainia), Precarizada (Argentina), Contramarea (Espainia), Pointer 1630 (Kuba) eta Vanitas (Brasil).

Abandoibarra dantzaleku

Bihar hasiko dira kaleetako dantza ikuskizunak. Aurrena, baina, Theater Der Klange taldeko kideen, Monteroren eta Galdosen tailerrean parte hartzeko aukera egongo da, Fundicionen, gaurko ordutegi berean. 

19:00etatik aurrera, Abandoibarra etorbidea dantza ikuskizunez beteko da. Kataluniako Angel Duran Performing Art-ek Clinch aurkeztuko du, 19:00etan; 19:30ean, Aragoiko (Espainia) Laura Lopez eta Pablo Perezen txanda helduko da, Bailaban las perolas ikuskizunarekin; 20:00etan, Andaluziako (Espainia) Kolektibo Premhosek En cuclillas aurkeztuko du; 20:30ean, Madrilgo Mario Gonzalezek eta bere dantzariek, La tarde; 20:45ean, Dusseldorfeko (Alemania) Theater Der Klange taldeko kidee,k West-Land-Tänze; eta 21:00etan, dantza plaza estiloko dantzaldi parte-hartzailea egingo dute, Theater Der Klange taldeko kideen, Monteroren eta Galdosen eskutik.

Larunbatean bizi-bizi jarraituko du erritmoak. Euskal Herriko Mutis Espazioa taldea dantzatuko da lehena, 19:00etan, Gorputzen bulkada ikuskizunean. Ondoren iritsiko dira herrialde Katalanetako Virginia Gimeno eta Rober Gomezen Punteggio per due corpi (19:30), Mexikoko eta Portugalgo Paulina Espinosa eta Mariana Oliveiraren Drauma (20:00), eta Kanarietako (Espainia) Cris Marin eta Raquel Jararen Mur (20:30). Ostiralean bezala, larunbatean ere Theater Der Klangeko kideek 20:45ean West-Land-Tänze emango dute; horren ondotik, 21:00 aldera egingo dute dantzaldi parte-hartzailea, ikusleek ere dantza egiteko aukera izan dezaten. 

Ostiralean zein larunbatean, 21:30ean, Fundicion aretoan pizza eta garagardoak banatuko dituzte, dohainik. Bertaratzen diren guztiek artistak ezagutzeko aukera ere izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.