Baionako bestak

Besten eredua aldatzeko beharra azpimarratu dute hasiera alternatiboan

Baiona 2032 kolektiboak hartu du hitza, «masa kontsumoan» oinarritua den besten gaurko eredua salatzeko. Gaztetxeak egitarau alternatiboa proposatuko du Patxa plazako txosnagunerako.

(ID_14063197) BAIONAKO BESTAK
Beste alternatiboak hasteko ekitaldia. Patxi Beltzaiz
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko uztailaren 10a
19:30
Entzun

Urteroko topaketa bilakatua da Baionako besten hasiera alternatiboa. Zizpa gaztetxeak txosnagunea eta askotariko egitaraua antolatzen ditu Patxa plazan, eta, hala, besten beste ikuspegi bat ematen dute: Baionako besta euskaldun, herrikoi eta feministak aldarrikatu dituzte aurten ere. San Andres plazan kokatua den Les Pyrenees ostatuaren gainean, ikurrina eta Nafarroako bandera erraldoi bana ezarri dituzte; erdian, egurrezko taula bat, Herriko Etxea seinalatuz. Hortik hartu dute hitza Lukas Iriart eta Eneka Barnetxe gaztetxeko kideek. Uxue Lannes Butronek kantatu du bertsoa, eta, txupinazoa bota ondoren, dantzan abiatu dute besta.

Urtero, kolektibo edo eragile bat omentzeko baliatzen dute bestak hasteko ekitaldia gaztetxeko kideek. Aurten, Baiona 2032 kolektiboari eman diote hitza. Iaz sortu zuten talde hori, Patrice Lanies hil ondotik —besten lehen egunean eraso zioten—, eta ostalariak, peñak eta eragileak bildu ditu. Hainbat proposamen egin dituzte besten eredua aldatzeko. 

Iazko bestetako bilan «sinestezina» deitoratu du Arantxa Gacue PAF talde feministako kideak, Baiona 2032 kolektiboaren izenean. «Erailketa bat, bost bortxaketa zenbatuak, ahantzi gabe zenbatuak izan ez direnak. Bortizkeria higuingarri horren parean, begiak hestea ezinezkoa zaigu». Azaldu du hamar proposamen egin zizkietela Baionako Herriko Etxeari, hala nola bortizkeria oro «fermuki» salatzea eta heziketa lana egitea. Protokolo bat ere sortu dute erasoak jasandakoak babesteko eta zaintzeko. 

Beste proposamen batzuk ere egin dituzte: lekuko artistei lehentasuna ematen dien programazio kultural aberats bat defendatzea, zuzeneko musikari lehentasuna ematea, eta besten antolakuntzak gazteen parte hartzea azkartzea. Bestetan ingurumena errespeta dadin ere neurriak proposatu dituzte. «Orokorrean, espero dugu denak batera, festen eragileok, festazaleok, bilduko garela, bestak eraldatu ditzagun eta ederrago bilakatu daitezen». Gascuek erran du ez dutela bat egiten «masa kontsumoan» oinarritua den besten gaurko ereduarekin, eta erran du beste modelo baten sortzeko garaia dela. «Bestearekiko errespetuan oinarritutako besta batzuk nahi ditugu, baita gure ingurumenaren, hizkuntzaren, kulturaren eta tradizioen errespetuan ere. Ekologismoa, feminismoa eta elkartasuna izan behar dira gure besten balio nagusiak. Baldintza direlako bestek bizirik iraun dezaten».

Edozein motatako erasok bestetan lekurik ez duela ere erran du Gascuek. «Arrazakeriak, xenofobiak, transfobiak eta homofobiak bestetatik desagertzea urgentziazkoa da, eta borrokatuak izan behar dute, hemen eta denetan! Gure eskubide humanoak sekula ez bezala mehatxatuak diren garai hauetan, argia berriz pizteko garaia da, gure balioak dirdirarazi ditzagun: elkartasuna, humanismoa eta feminismoa».

Lorpenak, baina ez aski

2032 kolektibokoekin balioetan bat egiten dutela erran dute gaztetxeko kideek, eta,  «ezberdintasunak ezberdintasun», adostasunetan oinarritutako proposamen anbiziotsuak aurkeztu dizkietela herriko etxeari. «Lorpen batzuk izan dira, ederrak, baina oraindik txikiegiak aurtengo bestek defenditzen dugun ereduaren itxura izan dezaten. Horregatik, aurten ere ezinbestekoa izanen da Patxa plazan besta alternatiboak antolatzea eta ospatzea, aurten ere froga dezagun gure besta eredua dela aterabidea».

Gaztetxekoen hitzetan, azken asteetako egoera politikoak frogatu du «indarrak batu eta adostasunetara heltzea lehenesten delarik, herriak irabaz dezakeela». Frantziako Asanblearako hauteskundeen emaitzari erreferentzia egin diote: «Igandean, Ipar Euskal Herrian, kulturak irabazi du, ekologismoak, feminismoak, elkartasunak, gutxiengo guziek irabazi dute! Eta faxismoak galdu du! Baina borroka hasi besterik ez da egin. Mobiliza gaitezen, denetan eta urte osoan, defenditzen ditugun balioak zabaltzeko! Batu zaitez borrokara, eta batu zaitez bestara!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.