Atzekoz aurrera

Belar burusiak kablean behera

Kablearen Eguna ospatu dute Araitzen (Nafarroa). Ibarreko herritarrek belarra menditik haranera edo baserrietara eramateko sistema zaharra gogoratu dute. Malloetan 50 bat kable omen zeuden.

Herritarrak belar zamari begira, Zezelainen, Gaintzan (Nafarroa). BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Gaintza
2024ko irailaren 14a
17:00
Entzun

Idi adarra eskuetan dauka neskatoak. Uztegikoa dela eta bi izen dituela: «Lorea eta Ilargi». Halaxe esan du adarra jo aurretik. Oskarbitu du. Gaintzako elkartearen atarian ehun bat lagun elkartu dira. Gaurkoa egun berezia da ibarrean, zazpigarrenez ospatuko baitute Kablearen Eguna. Juan Jose Otamendi (69 urte), astoa sokatik heldu, eta maldan gora abiatu da. Malloetako mendiak hurrenkeraz izendatu ditu: «Irumugarrieta, Aldaon, Egurbea, Beoin, Oa, Uakorri eta Balerdi». Gaintzako Otsalizarraga baserrikoa da sortzez, eta aski ondo daki zer den belarretan aritzea: «Belarra mozten nesketan baino gehiago ibilitakoa naiz. Oso lan gogorra da».

Lorea Ilargi idi adarra jotzen, Gaintzan. Kablearen Eguna ospatu dute.
Lorea Ilargi idi adarra jotzen, Gaintzan. Kablearen Eguna ospatu dute ibarrean. BERRIA

Zezelainen elkartu dira denak. Hantxe dago garai bateko harlanduzko zutabea, eta aldamenean, erreplika berria. Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin behatoki bat ere jarri dute, eta barruan bost panel, tartean aireko kable sistemak zer ziren azaltzeko. Malloetan menditik haranera belarra jaisteko altzairuzko kableak erabili ziren aurreko mendeko 20ko eta 60ko hamarkaden artean. Batzuetan baserrietako ganbaretaraino ere sartzen zuten belarra. Fardoak edo burusiak txirriketan zintzilik jaurtitzen zituzten kableetan behera. Luzeenak 1.900 metro zituen (Txarragain-Errazkin), eta 550-575 metroko koska jaistera ere iritsi ziren (Asteasu-Bengoetxea). Oraindik garai hartako harlanduzko zutabeak eta altzairuzko kableak daude hainbat belazetan. Halako 50 bat omen zeuden.

Otamendik mailutxo bat atera du sega-pototik. «Sega pikatzea inportanteena da, fin utzi behar da». Biribil bat osatu dute bertaratutakoek haren inguruan. Zangoak zabaldu eta, doi-doi, belarra mozteari ekin dio, erritmo bizian, sigi-saga. «Gero belarra zabaldu eta lehortzen utzi behar da. Buelta eman, behin edo bitan, eta ondoren meta egin behar da. Behin lehortuta egiten ziren burusiak». Lau izkinetan zuloak dituen zakua lur zoruan jarri, belarra bota, eta sokarekin bildu du. Otamendik di-da batean hartu du zama bizkarrean. 14-15 urtera arte ibili zen hala, 30-50 kiloko fardoak eramaten. Hanka hutsik ere ibiltzen ziren batzuk, eta aldaparik malkartsuenetan, soka bati lotuta. Goiko larretako belarra hobeagoa zen.

(ID_17263233774755) Juan Jose Otamendi, astoarekin, Gaintzan. Kablearen Eguna ospatu
Juan Jose Otamendi, astoarekin, Gaintzan, Kablearen Egunean. BERRIA

Bost belar zama

Urdanzotaletatik badator aurreneko zama. Zezelainen dagoen egituratik 200 metrora dago abiapuntua, baina garai batean, bigarren bat zegoen gorago, Sollatsko kalparrean. Arretaz begira ari dira denak, airetik datorren zamari so. Umeentzako tirolina baten modukoa da. Iritsi da fardela harlanduzko zutabera, eta, danbateko isila entzun da. Beste bat dator, eta beste bat... Horrela bost arte.

KABLE EGUNA ARAITZEN
Bost belar fardo bota dituzte kabletik. Danbateko isila entzun da. GOTZON ARANBURU / FOKU

Izaskun Ezkurdiak (68) ez du ahaztu nola etxe bakoitzean kode bat zuten goian zeudenei prest zeudela adierazteko. «Kableak konpartitzen ziren, eta bakoitzak modu bat zuen jakinarazteko prest zirela. Gure etxean bi kolpe ziren, gero isilunea, eta gero beste kolpe bat». Makilarekin jo du kablea mekanismoa nolakoa zen azaltzeko. Familia bakoitzak «zotza» bat zuela ere azaldu du, hau da, lur zati bat. «Gu, neska garaitan, etxekoak laguntzera joaten ginen belarretara. Hamaiketakoa eramaten genuen, alportxetan, eta ura potinean». Lan eguna zena festa eguna bihurtu da. Bertsoak eta irrintziak bota dituzte, eta ondoren, nola ez, herri bazkaria.

(ID_17263233237925) Kablearen Eguna ospatu dute Gaintzan.
Kablearen Egunean ibarreko ehun bat lagun elkartu dira. Zazpigarren urtez ospatu dute festa. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.