Baionako bestak

Baionako bestetan bada beste besta eredu bat

Lapurdiko hiriburuko besten hirugarren eguna izan da. Patxa plazan, eguerdiko bertso saioa egin dute, besta alternatiboen barruan. Besta "euskaldunak, herrikoiak eta feministak" aldarrikatzen dituzte gune horretan.

Haira Aizpurua, Irantzu Idoate eta Jon Mendiluze, Baionako besten bertso saioan, atzo, Patxa plazan. PATXI BELTZAIZ
Haira Aizpurua, Irantzu Idoate eta Jon Mendiluze, Baionako besten bertso saioan, atzo, Patxa plazan. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

San Andres plaza jendetsu eta burrunbatsua zeharkatu, Jeu de Paumme karrikatik pasatu, Tonneliers kale hertsira buruz joan, eta hortxe da Patxa plaza. Iristerakoan, segituan ulertzen du jendeak norat iritsi den: «Baionako besta alternatiboak, erasorik gabeko besten alde», hala idatzia da plazako zenbait lekutako afixetan. Bertan, plaza tipi horretan, ospatzen ahal dira Baionako bestak, baina «beste» modu batera: hobeki erranda, modu «alternatiboan».

Begirada ezkerrera eta eskuinera bota, eta lekuaren balioak irakurgai dira: besta «euskaldunak», «herrikoiak» eta «feministak». Gorantz burua altxatu, eta ikusi, apaindu dute plazako zerua: ikurrinak, sinbolo feministak, Nafarroako bandera, errefuxiatuen aldeko ikurrak... Nahiz eta zerua xingolaz apaindua izan, euria agertu da goiz bukaeran, luze. Hala ere, eguerdi erditan baino pixka bat berantago, bertsolariek mikrofonoa hartu ahal izan dute, eta bertan den pertsona andanaren arreta harrapatu dute; ez osorik, maluruski, baina bertsozaleena, ordea, bai. Euriagatik, edo, baliteke, oholtza aitzineko banku eskasarengatik. Haira Aizpurua Ibargarai, Jon Mendiluze eta Irantzu Idoate Funosas bertsolariak kantuz izan dira, Oihan Perez Harispe eta Aiantze Lannes Brutonek eman gaien gibeletik. Umorez, baina bereziki aldarriz josi dute bertso saioa: 2032 kolektibo berriaz, besten antolaketaz, Baionako bestetara heldu den jende mota desberdinaz, besten janzkeraz eta azken egunetan izan diren erasoez aritu dira.

Hain zuzen, Baionako besten lehen egunetik bost sexu eraso zenbatu dira, kontaketa ofizialaren arabera. Horrez gain, herenegun, sare sozialetan, kalean pasatutako harreman sexual baten bideoa hedatu dute, zeinetan filmatzen duen gizonak egiten dituen hainbat trufa eta lekuz kanpoko ohar agertzen den emaztearekiko. Bestalde, herenegun gauean, 58 urteko gizon bat eraman dute larri zauriturik Baionako ospitalera, borroka baten ondotik. Gizona hil edo bizi dago, momentuz. Iazko Baionako bestetan, bost bortxaketa eta erail bat zenbatu ziren.

 «Ai Baiona, ai, eder zara, bai/ baina ezin gara egon hain lasai/ Barretan han dugun laguntzaile/ ta segurtasunean den zaintzaile/ Egunak hamar, jende pisua, giroa eta abar/ kuraia onena ta atxik azkar», hala amaitu du bertsoa Haira Aizpuruak azken agurrean.

Bestelako giro bat

Eskerrak euriak ez duela iraun. Ateri da. Eta eguzki izpiek plaza osoa argitu dute. Bertsolarien oholtzaren parean, txosnak badira, barra, kontuar, edo ostatua. Bertan, ukondoa kontuarrean emanik, Nahia Comet Etxeberri baionesa bestaz gozatzen ari da. Haurra denetik bere herriko bestak ospatzen ditu. Eta haurra denetik, Patxa bezalako lekuetan kukutzen da. Ezinbestekoa egiten zaio Patxa plaza bezalako tokiak sustengatzea, bereziki Baionako besten «bilakaera» eta jendearen «jite masiboa» ikusirik. Gehitu du Baionako bestetara heldu den jende gehiena ez dela heldu bertako jendea, kultura eta ohitura errespetatzeko asmoz. «Baiones gisa, leku seguru bat bezala ikusten dut, euskarari toki bat egiten diona gure balioak sustengatuz, baita feminismoa eta besta herrikoiak ere».

Ostatuaren beste aldean, zerbitzariek joan-jinak egiten dituzte, bezero eta makinen artean. Lan horretan ari da Lukas Hiriart besta alternatiboen antolatzailea, asteazkenetik igandera; egunero, txosna ireki eta itxi egiten du. Azken bi urteetan izan den jende zama pixka bat apaldu dela adierazi du, baina ez du apaltze hori begi txarrez ikusten; zeren  azken urte horietan, tarteka, zaila egiten baitzitzaien jende kopurua kudeatzea. Halere, azpimarratu du ostegun gauean Patxa plaza betea zela.

Baionako beste lekuetan ez bezala, besta alternatiboak proposatzen dituzte, euskaldunak, feministak, herrikoiak eta ekologikoak. «Defendatzen dugun besta eredua aldarrikatzeaz gain, aldarrikapenak aplikarazten ditugu, hemen, Patxa plazan», azaldu du antolatzaileak. «Halabeharrezkoa» iruditzen zaio hori sustengatzea, besta giro «sano» eta «lasaia» denentzat lortzeko.

Balioak, plazatik eszenara

Hiriartek gehitu du zabaldu nahi dituzten balioak oholtza gainera eramaten dituztela, bertako artista euskaldunak proposatuz, zuzeneko musika baloratuz, ahal den heinean. Horrez gain, artista emazteei ere lekua ematen saiatzen dira, gero eta gehiago. «Gure balioak egitarauan islatzen saiatzen gara». Bukatzeko, azaldu du ezen, nahiz Patxa plazan beren ideien aplikatzea lortu duten, nahiko luketela balio horiek Baiona osora zabaldu «denbora osoan». Horregatik, 2032 kolektiboan sartu dira Baionako gazte asanbladakoak: «Ohartu gara tresna hau egokia zela gure balioei hauspo bat emateko, herriko etxearekin negoziatuz, eta gure balioak indartzeko eta sendotzeko».

Bihar, Baionako besten azken eguna dela eta, goizetik Kanboko ziganteak kalean zehar ibiliko dira, eta eguerdian, presoen aldeko bazkaria proposatuko dute, Nat eta Watsonekin. Eta arratsaldean, Frikun taldeak musikatuko du Patxa plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.