Pantxika Ospital: «Askoz gehiago erosten eta kontsumitzen dugu, baina gutiago janzten ditugu jantziak»

Jantzien bizi zikloa segituko duen egitasmo bat lantzen ari da Ospital. Egitasmoak jantziari buruzko informazio guztia bilduko du.

Pantxika Ospital, Belharra Numérique bulegoan, Basusarrin (Lapurdi). BERRIA
Pantxika Ospital, Belharra Numérique bulegoan, Basusarrin (Lapurdi). BERRIA
Basusarri
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Moda eta luxuaren arloan lan egin du hainbat urtez Ospitalek (Baiona, 1983). Joan den urtean ehunaren trazabilitateari buruz egin tesiaren harira, Moda Pasaporte Digital baten proiektua lantzen ari da. Jantziari buruzko informazio guztia bilduko du egitasmoak, jantziaren bizi zikloa luzatu eta bezeroa informatzeko.

Europako Produktuaren Pasaporte Digital bat lantzen ari zara. Ez da oso ezaguna...

Europako Parlamentuaren akordio berdearen araudian proposatutako tresna bat da. Produktuaren Pasaporte Digitala datu multzo bat da, produktuen zirkulartasuna hobetzeko pentsatua dena. Bereziki, hiru sektoretan lantzen da: bateria industrialen arloan, tresna elektronikoen sektorean eta ehungintzan. Bereziki hiru arlo horietan baliabide anitz behar dituzte produktu horiek ekoizteko, gehienetan urriak direnak, eta bereziki hondakin asko sortzen dituzte, tratatu ezin direnak. Hobekuntza handiak behar dituzten arloak dira.

Zuk ehungintzari buruz egitea erabaki zenuen.

Bai, naturalki. Modan egin nituen ikasketak, Parisko Arts-Decon, eta, ondotik, modaren industrian lan egin nuen hamar bat urtez. Produktuen garapenean ere aritu izan naiz. Duela zenbait urte izena eman nuen tesi bat hasteko. Ehungintzaren trazabilitatea eta gardentasuna landu nituen tesian, eta, bereziki, jantzi edo produktuaren trazabilitatea nola bezeroari komunikatu.

Beraz, zer da zure proposamena? Nola pentsatu duzu bezeroari trazabilitatea komunikatzea?

Moda Pasaporte Digital egitasmoa lantzen ari naiz. Egitasmo horri esker, markek bezeroei komunikatzen ahalko dute produktuari buruzko informazio guztia. Azkenean, bezeroek ez dute informaziorik eskuratzen erosten duten produktuei buruz; enpresentzat zein erosleentzat frustragarria izan daiteke. Gaizki ari diren enpresak azpimarratzen dira usu, baina sekula ez ontsa ari diren markak; ehun birziklatuak erabiltzen dituztenak, adibidez.

Modaren industria hurbiletik ezagutu duzu. Zertan da modaren egoera?

Egungo ehungintzaren arloa katastrofikoa da. 2000ko hamarkadatik eta fast fashion-en edo moda lasterraren garaitik, arroparen ekoizpena biderkatu da. Askoz gehiago erosten eta kontsumitzen dugu, baina gutiago janzten ditugu jantziak. Pasaporte horrek, beraz, produktuaren bizia luzarazteko balio beharko luke. Produktu bati buruzko informazio gehiago badugu, hobeto mantendu, konpondu eta saldu ahal izanen dugu, ontsa zaindu dugula frogatzen ahalko dugulako, eta, beraz, ekonomia zirkularra sustatu.

Zehazki, nola funtzionatuko du moda pasaporte horrek?

Jantziaren etiketan izanen den QR kode bati esker erabiltzen ahalko da. Erabiltzaileak QR kodea eskaneatu, eta informazio guztia agertuko da: ekoizleak zein diren, eta haiei buruzko informazioa, fabrikatze herrialdeak, haien osaera, ingurumenean duen eragina, eta abar. Laburbilduz, produktuaren ibilbide osoari buruzko informazioa; ekoizten hasi denetik saldu arte ukan duen ibilbidea, eta datu horiek produktuaren bizi zikloan osatuko dira. Gaur egun, etiketen gainean fabrikatze herrialdea baizik ez da komunikatua, hau da, joskintza egin zen herrialdea, fabrikatzearen azken etapa. Etapa hori ez da kutsagarriena. Badira beste anitz etapa, askoz kutsagarriagoak direnak, eta informazio horiek ez dira emanak.

Noizko prest izanen da?

Jadanik hasi gara, eta parte hartu nahi duten markak has daitezke jada. Araudia ez da oraindik bozkatua izan, baina, dena ontsa joaten bada, 2027rako prest izanen da. Baina azken Frantziako hauteskundeen emaitzak ikusiz, baliteke epea urruntzea.

Zer dira zure itxaropenak?

Pasaporte horri esker, nik nahiko nuke kontsumitzaileek kontzientzia hartze bat ukan dezaten. Gaur egungo fabrikatze baldintzak biziki txarrak dira, biziki kutsagarriak, baina sozialki ere onartezinak dira langileen baldintzak. Kontsumitzekotan, nahiko nuke jendeak bertakoa kontsumitzea, eta kalitatezkoa, nahiz eta badakidan biziki garestia dela. Baina jendea konturatzen ahal bada nola fabrikatuak diren haien produktuak, zein baldintzatan, hobeto kontsumitzearen hautua egin dezake.

LOTSABAKO

Moda pieza bat?
Zaku bat.

Ehun bat?
Artilea.

Gustuko duzun leku bat?
Hondartza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.