Euskara

Zupiriak dio udal legearen epaiari helegitea jartzeko arrazoiak badaudela

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Euskalgintzaren Kontseiluarentzat epaia «larritasun handikoa» da.

Justizia ez politizatzeko deia egin du Kontseiluak. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 17a
13:29
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu udal legea garatzeko hainbat artikulu. Epai hori ez da irmoa, Eusko Jaurlaritzak helegitea jartzen ahal baitio. Hala, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Jaurlaritzak nahikoa argudio dituela hori egiteko, baina ez du zehaztu jarriko duten edo ez. Haren erranetan, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili». Izan ere, Vox alderdiak aurkeztutako helegite bat izan du kontuan epaileak bere erabakia hartzeko.

Zupiriak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian egin ditu adierazpen horiek, eta erran du udal legea «adostasun zabal batekin onartu» zela. Gainera, EAEko Auzitegi Nagusia kritikatu du: «Espainiako Konstituzio Auzitegia bera baino urrutiago joan dira dekretu honen azterketa egiterakoan eta sententzia onartzerakoan». Hori guztia kontuan hartuta, berretsi du Jaurlaritzak badituela nahikoa arrazoi helegitea aurkezteko.

Jaurlaritzan ez ezik, euskalgintzaren alorrean ere oihartzuna izan du epaiak, eta erreakzio andana ekarri ditu. Euskalgintzaren Kontseiluak, erraterako, Zupiriak errandakoa baieztatu du: «Azpimarratzekoa da Eusko Legebiltzarrean adostasun oso handiz hartutako legea zela udal legea eta, ondorioz, haren garapena den baliogabetutako dekretu hau. Eta euskal gizartean oso ordezkaritza murritza duen alderdi baten bulkadaz bultzatu dela epai hau, eta, beraz, adostasun sozial oso zabal baten aurkakoa dela».

Hala, epaia «larritasun handikoa» dela adierazi du Kontseiluak, X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez lehenik, eta ohar bidez gero: «Azken sententzia honek ukatu egiten du euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direla edo egingarri direla».

Gogoratu du uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak partzialki baliogabetu zuela EAEko udal legearen artikulu bat, eta erabaki hura jada larritzat jo zutela. Gaurkoa lehenbiziko erabaki haren «luzapen» gisa identifikatu dute. Haien erranetan, udal legean eta garapen dekretuan «euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak» hartzen dira, eta bertako hainbat artikulu baliogabetuz «euskararen normalizaziorako bidea egitea posible dela ukatzen ari dira».

«Kezkaz» jaso dute epaia, eta aitortu dute «zoritxarrez» argudio gehiago ematen dizkiela datorren azaroaren 4ko manifestazioan «oldarraldi judiziala» salatzeko. «Zoritxarrez diogu, nahiago genukeelako oldarraldiak etena izatea eta egiaz momentu honetan euskararen normalizazioak eta biziberritzeak honela behar dituzten horien noranzkoetan indarrak jartzea, eta ez epai hauen kontrako hesietan», borobildu dute. Horrez gain, UEMAri eta bertako biztanleei elkartasun osoa eskaini die, baita Eusko Jaurlaritzari ere, helegitea aurkezteko.

«Marra gorria gainditu»

UEMAk ere adierazpenak egin ditu: «Erabaki honekin marra gorri guztiak gainditu dira, euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen baita, administrazioan euskara gaztelaniaren makuluarekin soilik erabiltzeko aukerak urte asko atzera garamatzalako eta erabat mugatzen duelako euskara biziberritzeko beharrezkoa den hizkuntza politika».

Hala, jakinarazi dute euskalgintzako hainbat eragilek babesa eskaini dietela UEMAri nahiz bertako udalei, eta «euskaraz lanean eskubide osoz jarraitzeko deia» egin dutela.

EH Bildu, berriz, «oso kezkatuta» agertu da erabakiarekin, eta horrelako egoerak ezin direla normalizatu erran du alderdiak. Unai Urruzuno EH Bilduko mahai politikoko bozeramaileak egin ditu adierazpenak: «Beste behin ere, gure herriaren subiranotasuna zalantzan jartzen da. Argi geratzen ari da sektore atzerakoienen izaera inboluzionista».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.