Aspaldiko partez, berri on bat energiaren mundutik. Europako Batasunak bere buruari jarritako epea baino bi hilabete gutxiago behar izan ditu bere gas biltegiak %80 betetzeko. Azaroaren 1erako iritsi behar zuen ehuneko horretara, baina igandean, %79,94 zeuden beteta, Gas Infraestructure Europe erakundearen arabera. Azken bi egunotako ekarpenekin, dagoeneko gainditua izango du %80ko muga.
Gas biltegi hutsak izan ziren joan den neguan gasaren prezioa igotzearen arrazoietako bat, eta horregatik erabaki zuen EBk bere kideei gutxieneko kantitate bat ezartzea. Ekainean adostu zituzten kantitateak, %55,7 beteta zeudela. Helburua zen azaroaren 1erako %80ra iristea, %85era urtea amaitzerako, eta %90ra 2023ko negurako.
Aurreko urteetako kantitateen antzekoak dira horiek. Horrela, iazko urriaren bukaeran biltegiak %77 zeuden beteta, baina ehuneko hori %25era jaitsi zen martxoan, hornitzaile nagusiak, Errusiak, ohi baino ekarpen txikiagoa egin zuelako.
Edonola ere, gas biltegiak beteta edukitzeak ez du esan nahi hornidura arazorik ez denik izango. Izan ere, biltegi horiek neguan kontsumitzen den gasaren %25 eta %30 ekarri ohi dute.
Markak joan den astean
Iazko udan hasi zen garestitzen gasa, pandemiaren unerik gogorrenen ondoren eskaria asko handitu zenean. Igoerak erritmoa bizkortu zuen 2022ko otsailean, Ukrainaren inbasioarekin. Orduko markak azken asteetan hautsi ditu berriro, eta ostiralean batez beste 339 euroan saldu zen gas megawatt-ordua, Herbehereetako TTF gerokoen merkatuan. Orduz gero pixka bat apaldu da prezioa, eta gaurko arratsaldearen amaieran 250 euroan zegoen megawatt-ordua.
Herrialde batetik bestera badago alderik. Adibidez, Poloniak jada beteta dauzka bere erreserbak, eta Portugal ere horretara iristen ari da; beste muturrean daude Hungaria (%62) eta Bulgaria (%60). Italiaren biltegiak %81ean daude, eta Frantzian, %90tik gora daudenez, negua ohi baino hotzagoa ez bada nahikoa izango dela ziurtatu du Claire Waysand Engie konpainiako lehendakariordeak.
Hain zuzen ere, Engiek gaur jakinarazi du Gazpromek erabat etengo diola gas hornidura. Uztailean erositako gasa ez diola osorik ordaindu argudiatu du Gazpromek.
Konpainia horrek berak, era berean, jakinarazi du ostegunetik aurrera murriztu egingo duela gas jarioa Nordstream 1 gasbidetik, konponketa batzuk egin behar dituelako. Uztailean ere hamar egunez eten zuen, aurreikusitako mantentze lanen ondorioz, eta dardarka jarri zuen EB, berriro zabalduko ez zuen beldurra hedatu zelako. Errusiako konpainiak, ordea, ez zituen susmorik txarrenak bete, eta iturria berriro ireki zuen mantentze lanak amaitu ondoren. Hori bai, ohi baino emari txikiagoa du orain gasbide horrek. Egunean 167 milioi metro kubiko garraiatzeko ahalmenaren %20 bakarrik erabili du Gazpromek azken hilabeteetan. Eta irailaren 3tik aurrera hala jarraituko diola dio.
Gasbidea Katalunian
Gasari dagokionez, Europako Batasunaren beste xedeetako bat da estatu kideen sareak are gehiago lotzea, herrialde batek estali ahal ditzan beste batek izan ditzakeen arazoak. Atal horretan, puntu beltza da Iberiar penintsula, oso lotura txikiak baititu kontinenteko beste sareekin. Gaur egun, gaitasun txikiko bi gasbide baizik ez daude, biak Euskal Herritik pasatzen direnak: Euskadour, Gipuzkoa eta Lapurdi artean, eta Nafarroa eta Zuberoa lotzen dituenak, Larrainen eta Zaraitzu aldean.
Hirugarren lotura bat egon izan da, Midcat izenekoa, Hego eta Ipar Kataluniaren artean. Frantziako Gobernuak alde batera utzi zuen 2019an, baina berriro aztertuko duela hitzeman du gaur Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak, hala egiteko eskatu diotelako Olaf Scholz Alemaniako gobernuburuak eta Pedro Sanchez Espainiakoak. «Espainia eta Alemania Frantziaren oso gertuko bazkideak dira, eta, proposamen bat egiten duten bakoitzean, aztertu egiten dugu».