Euskara

Administrazio Auzitegiak heldu den astean erranen du Seaskako ikasleek azterketak euskaraz pasa ditzaketen ala ez

Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra ezarritako salaketa aztertu dute Pauen, presazko auzian. 2019an EEPk et hiruek izenpetutako hitzarmena ez betetzea leporatu dio ikastolen elkarteak

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko maiatzaren 23a
16:57
Entzun

Seaskako ikasleek epaimahai elebiduna izanen ote dute ekainean iragatekoa duten baxoko ahozko handian? Heldu den astean emanen du erabakia Paueko Administrazio Auzitegiak. Ikastolen elkarteak Frantziako Hezkuntza ministerioaren kontra ezarritako salaketa aztertu dute gaur, presazko prozeduran. EEP Euskararen Erakunde Publikoak, ministerioak eta hiruek izenpetutako dokumentuen edukia defendatu du Seaskak. Dokumentu horiez egiten duen irakurketa propioa eta prozeduraren desegokitasuna alegatu ditu Frantziako Hezkunza ministerioak. Alain Larrea abokatuak hartu du Seaskaren defentsa; ministerioaren izenean, Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzako idazkari nagusia agertu da, abokaturik gabe.

Seaskaren funtzionamendua esplikatzen hasi da Larrea euskararen murgiltze irakaskuntzaren ezaugarriak emanez. Seaskako ikasleek ikasketetan maila gorena lortzen dutela azpimarratu du. Irakaskuntza horren harira, ohartarazi du EEP, ministerioa eta hiruen artean 2019an adostu zuten hitzarmenean baxoko Ahozko handian euskara erabiltzea baimentzen dela. Honela dio hitzarmenaren testuak: «Batxilergoan murgiltze ereduetako ikasleek parada ukanen dute euskaraz idazteko Historia-Geografiako kontrol jarraikiko proba amankomunetan eta irakaskuntza zientifikoetako kontrol jarraikiko proba amankomunetan. Azkenik, sail elebidunetako eta murgiltze ereduetako ikasleek ahozko handiko zati bat euskaraz egiten ahalko dute».

Beste bi dokumentuk ere berresten dute Seaskaren eskaera: Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan, eta, baita joan den abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak ere. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da azken horretan.

Horiek horrela, Seaskako ikasleak kaltetuak direla defendatu du Larreak, eta presazko erabakia hartzeko eskatu dio epaileari, ministerioak berma dezan Seaskako ikasleek baxoko ahozko handian epaimahai elebiduna izanen dutela. Gerora ministerioaren gain izanen da euskaraz pasatako azterketa horiek onartzen dituen ala ez erabakitzea. «Ezezkoa erabakiko balu, Seaskak erabaki hori auzitara eramateko aukera luke», esplikatu du Larreak. «Baikor» agertu da gaurkoarekin. Izan ere, Seaskaren eskaera teknikoki plantan ematea posible ote den eskatu du epaileak. Baietz erantzun dio Hur Gorostiaga ikastolen elkarteko zuzendariak. EEPk zerrenda bat egina du publikoan eta pribatuan irakasten duten ehundik gora iraskasle euskaldunekin.

Ministerioa mutu

Frantziako Hezkuntza ministerioko arduradunek ez dute aurpegia eman nahi izan, eta Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzako idazkari nagusia agertu da administrazioko ordezkari gisa. Hauteskunde garaia dela eta, ez ditu kazetarien galderak erantzun nahi izan.

Hauek dira ministerioaren argumentu nagusiak: Batetik, presazko prozedura ez dela egokia, ministerioak erabaki formala hartua duelako. Seaskaren arabera, apirilaren 13an errektorearen izan zuten bilkuran eman zieten ezezkoa litzateke hori. Ministerioaren hitzetan, administrazio auzitegiko prozedura normal batean salatu beharko lukete. «Bi urte baino gehiago iraun dezake prozedurak, ez digu ezertarako balio», esplikatu du Larreak epaitegitik ateratzean. Gaurko auzi saioan, ikasleei azterketan euskaraz aritzeko aukera bermatzeko eskatu dutela zehaztu du, epaitegiak sakoneko erabakia hartu bitartean kaltetuak izan ez daitezen.

Bestetik, ministerioak alegatu du EEP ez dela lurralde elkargo bat, eta, beraz, ez duela halako hitzarmenak izenpetzeko eskumenik. Epaitegiaren aitzinean, Larreak oroitarazi du Frantziako Estatuko lau administrazio mailek osatzen dutela EEP: Estatuak, Akitania Berria eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoa osatzen duten 158 herriko etxeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.