«Ez dugu uste entzun gaituenik ere». Honela laburbildu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Anne Bisagni-Faure Bordeleko (Okzitania) akademiako errektorearekin gaur arratsaldean izan duten bilkura. Brebeta eta baxoko probak euskaraz egin ahal izateko eskubidea errespetatzeko eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin izenpetu zuten hitzarmena betetzeko eskatu diote Seaskako ordezkariek, baina errektoreak entzungor egin die. Paueko Administrazio Auzitegira jotzea aztertzen ari da Seaska, eta ondoko asteetan mobilizazio gehiago eginen dituztela iragarri du Jorajuriak.
Abenduan argitaratu zuen Frantziako Hezkuntza ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra. Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac Legea zentsuratu ondotik Frantziako Gobernuak egoera baretzeko eman zuen aterabidea izan zen. Idatzian, brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen dute, baina, ordutik, neurria aplikatzeari uko egin dio Bordeleko errektoretzak. Azken asteetan, behin baino gehiagotan entseatu dira Hezkuntza Ministerioko ordezkariarekin biltzen, baina ez dute erantzunik jaso. Joan den ostegunean, Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzaren egoitzak okupatu zituzten guraso, irakasle eta ikasleek Donibane Lohitzunen (Lapurdi), Baionan eta Donapaleun (Nafarroa Behera). Horrela lortu dute gaurko bilera.
Baina, ez du emaitzarik eman. «Ezezkoa eman die gure eskaera guziei; gaurko oreka atxiki nahi duela dio». Brebetako zientzia proba euskaraz erantzun ahal izatea, eta, baxoko azterketan, ikasleek aurkeztu behar dituzten bi berezitasuna eta 'Ahozko handia' euskaraz erantzun ahal izatea galdetzen duen Seaskak. Ahozkoarena, EEP eta errektoretzarekin izenpetutako hitzarmenean adostua zen -Olivier Dugrip aitzineko errektoreak izenpetu zuen-; baina, gaur egungo errektoreak dio idatzitakoaren «beste irakurketa bat» egiten duela. Jorajuriaren hitzetan «biziki argia» da hitzarmena, horregatik, Paueko Administrazio Auzitegian helegitea jartzea aztertzen ari dira, hitzarmena aplikarazteko.
Urteetako borroka
Seaskako ikasleen urteetako borroka da azterketak euskaraz pasatu ahal izatea. Baxoan, historikoki, Historiako gaiak euskaraz erantzuten ahal zituzten ikasleek, eta, 2012tik, baita Matematikakoak ere. Baina 2020an erreforma egin zuen ministerioak eta azterketak egiteko moldea aldatu zen: gehiena kontrol jarraikian oinarritzen da, eta, beraz, Seaskako ikasleek euskaraz egin dezakete. Idatzizko probak dituzte gainera: Frantsesa, Filosofia, eta bakoitzak hautatutako bi berezitasun. Azkenik, 'Ahozko handia' deitua dute, hori ere hautatutako berezitasunen ingurukoa. 2020an azterketa idatziak bertan behera gelditu ziren; iaz, filosofiako proba euskaraz erantzutea erabaki zuen ikasle talde batek desobedientziaz. Nota apalenak eskuratu zituzten.
Brebetari dagokionez, lehen, Historia, Matematika eta Frantsesa pasatzen zituzten ikasleek Brebetako azterketan. Probetako galderak frantsesez izanik ere, erantzunak euskaraz emateko aukera zuten, eta irakasle euskaldunek zuzentzen zituzten. 2017ko erreforman zientzia gaiak gehitu zituzten: Biologia, Fisika eta Teknologia. Zuzenketetan aldaketa 2018an egin zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ravel ikastetxetik Seaskara deitu zituzten, erranez errektoretzako ordezkari bat pasatu zela zuzenketa zentrotik, eta euskaraz erantzundako zientzietako probak eraman zituela. Zuzentzaile erdaldunek zuzendu zituzten, Bordelen, zenbakiak eta latin terminoak bakarrik kontuan hartuta. 2019an trikimailu bera egin zuten, eta 2020an azterketak bertan behera gelditu ziren osasun krisiagatik.
Iaz, probak euskaraz erantzun zituzten ikasleek, desobedientziaz, eta irakasleek ere bat egin zuten desobedientzia ekintzarekin: ikasleen eskubidea errespetatu ezean azterketak zuzentzeari uko eginen ziotela jakinarazi zuten. Zuzenketa garaia iritsi zenean, Donapaleuko (Nafarroa Behera) zuzenketa zentroa okupatu zuten ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Baina euskaraz idatzitako probak bahitu zituen, beste behin, Bordeleko errektoretzak. Joan den otsaila hasieran iritsi zen Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, errektorearen ahotik: soldata zati bat kendu diete irakasle desobedienteei.