Jose Antonio Rodriguez Ranz (Andoain, Gipuzkoa, 1960) izango da Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari berria, BERRIAk baieztatu ahal izan duenez. Joan den legealdian Jonan Fernandezen esku zegoen ardura hori bereganatuko du Rodriguez Ranzek. Lehendakaritzaren menpe zegoen egitura hori orain arte, baina Jaurlaritzaren egitura berrian Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken sailaren menpe geratu da, Beatriz Artolazabal sailburuaren gidaritzapean.
Rodriguez Ranz Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea izan da 2015etik gaur arte. Aurretik, 2012tik 2015era, Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen. Politikan ere aritua izan da: Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburua izan zen lau urtez, 2003tik 2007ra. Sabino Arana fundazioan ere ibilia da, Hermes aldizkariko zuzendari gisa. Hainbat libururen egilea ere bada.