Soka tenkatuz doa Baikoko pilotarien eta enpresaren artean. Joan den astean, pilotari gehien-gehienek agerraldi batean enpresari eskatu zioten azkenaldian izandako jarrera alda zezala. Hori egin ezean, prest azaldu diren mobilizazioren bat egiteko. Bada, astebete pasatu da ordutik, eta sinatzaileek azaldu dutenez —Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez beste, enpresako pilotari guztiek—, bi erantzun jaso dituzte enpresaren aldetik: "Lehenengoa, erabateko isiltasuna, portaera aldatuko ez duela agerian utziz, ez kirol arloan, ezta tratu pertsonalean ere; eta bigarrena, gure lankide batekin, Unai Lasorekin, kontratu berri bat negoziatzeko borondaterik eza. Ulergaitza, pilotari hori, denboraldi berria hasi zenetik, txapelketa ofizialetan gure enpresako pilotaririk onena izan denean (hirugarren postua lau eta erdiko txapelketan, eta, gaur egun, binakako txapelketako finalerdietan)".
Sinatzaileen arabera, Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiaren jarrerak, "aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik" jarraitzen du. "Pilotariok erabat babesgabe sentitzen gara jarrera diktatorial honen aurrean", diote. Horregatik, "Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta haien kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei auzia bideratzen eta aldatzen laguntzeko" eskatu diete. "Guk pilotan jokatzen jarraitu eta hainbeste maite dugun kirol hau defendatu nahi dugu, baina gutxieneko tratu duina jasoz, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren eskutik orain jasotzen ez dugun hori".
Sinatzaileek espero dute "hau guztia laster aldatzea; guztion onerako, baina, batez ere, gure kirolaren onerako".