euskal presoak

Hiru euskal preso gerturatuko ditu Madrilek

Gorka Vidal Logroñoko kartzelara eramango dute Espetxe Erakundeek; Miguel Guillermo San Argimiro, Soriakora; eta Iñigo Vallejo, Dueñaskora.

Soriako espetxea.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 21a
14:33
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek Euskal Herriaren inguruko kartzeletara gerturatuko dituzte Gorka Vidal, Miguel Guillermo San Argimiro eta Iñigo Vallejo euskal presoak (EPPK), gaur jakinarazi dutenez: Vidal, Logroñokora; San Argimiro, Soriakora; eta Vallejo, Dueñaskora (Palentzia).

Vidal 2004an atzeman zuten, ETArekin lotuta, ustez furgoneta batean 500 lehergai zeramatzala. Kordobako kartzelan zegoen azkenaldian, 20 urteko zigorra betetzen. Iazko otsailean bete zituen hiru laurdenak. Madrilek esan du espetxe legedia onartu duela. Bigarren graduan jarriko dute.

San Argimiro 2002an atxilotu zuten, hura ere ETAkoa zelakoan. Bonba-auto batekin harrapatu zuten, Polizia iturrien arabera. Caceresko kartzelan dago, lekualdatzearen zain. 25 urteko kondena jarri zioten, eta datorren otsailean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe Erakundeek diote hark ere onartu duela kartzelako legedia, eta bigarren gradua ezarriko diote.

Vallejo 2013an sartu zuten preso, ETArekin zerikusia zuelakoan —lehergai batzuk izatea egotzi zioten—. Sevillako espetxean da. 28 urteko zigorra jarri zioten. 2033an beteko ditu hiru laurdenak, eta Madrilek dio hark ere onartu duela espetxe legedia, eta eragindako mina aitortu eta biktimekiko enpatia agertu duela. Lehen graduan malgutasuna ezarri diote.

AVT biktimen elkarteak Espetxe Erakundeen neurria salatu du. Haren arabera, ez dira presoak banan-banan gerturatzen ari: «Modu orokorrean egiten ari dira». AVTk dio euskal presoek justiziarekin kolaboratu behar duela kartzelako egoera hobetzeko.

Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik —2018ko ekainetik—, aipatutako hirurak kontuan hartuta, 36 euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira, eta beste hamabi Euskal Herriratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.