Zaldibarko zabortegiko luizia

Ertzaintzak kriminalitate zantzuak ikusten ditu Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan

BERRIAk otsailean aurreratu zuen moduan, Ertzaintzaren ikerketaren arabera, «mota guztietako hondakinak» hartzen zituen. Ikerketaren arabera, pertsonen osasuna «arrisku larrian» jarri zen. Mobilizazioak egin dituzte, luizia gertatu zenetik lau hilabete igaro diren honetan.

Lanak, Zaldibarko zabortegian.
2020ko ekainaren 7a
09:01
Entzun

Ertzaintzak kriminalitate zantzuak ikusten ditu Verter Recycling enpresak Zaldibarko zabortegian egindako kudeaketan. Hala jaso du epaitegien esku utzi duen txostenean. Vocento taldeko egunkariek eman dute gaur horren berri. Ertzaintzak txostenean jaso duenez, hainbat irregulartasun zeuden kudeaketa horretan, eta ustez ingurumen baimen bateratua urratzen zuen. Baimen hori 2007an eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta 2013an berritu zion. Ertzaintzaren arabera, baimenduta ez zituen hondakinak ere jasotzen zituen Verter Recyclingek Zaldibarren, eta sektoreko profesionalek «zuloa» esaten zioten, ez zutelako kontrolatzen zer motatako hondakinak heltzen ziren hara. BERRIAk duela hilabete batzuk aurreratu zuen hori: «Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera», esan zion egunkari honi zortzi urtez zabortegi horretara egunero joan-etorriak egiten zituen garraiolari batek.

[YouTube]https://youtu.be/3jGMYcEJMx0[/YouTube]

Zabortegiak bideozaintza sistema bat zuen, baina Ertzaintzak ez du lortu grabatutako irudiak aurkitzea. Zaldibarko zabortegian zegoen zerbitzaria luiziak eraman ondoren, Eibarko bulegora joan zen Ertzaintza, han irudien kopia egon zitekeelakoan. Ez zuen halakorik aurkitu, ordea. Hala ere, Zaldibarko zabortegian bi delitu egin zirelako zantzuak daudela argudiatzen du Ertzaintzak bere txosten horretan. Bat, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkakoa, «zeinak inguru naturala eta pertsonen osasuna arrisku larrian jarri zuen». Eta beste bat, langileen eskubideen aurkakoa. Auzia Durangoko (Bizkaia) Instrukzio Epaitegiak hartu du, eta bi delituak prozedura bakar batean elkartu ditu Vocento taldeko egunkarien arabera. Instrukzioak luze joko duela iragarri dute.

Ertzaintzak jaso duenez, luizia izan baino hiru egun lehenago, Verterrek Lurtek topografia enpresari deitu zion zabortegian agertu ziren pitzadurak aztertzeko. Ez presaz, ordea. Joaquin Beltranek, luizian harrapatu zuen bi langileetako batek, hiru aste lehenago ohartarazi zuen pitzadurak zeudela. Hala ere, Ertzaintzaren arabera, luizia izan baino hamasei egun lehenago, enpresako arduradunek Ingurumen Saileko funtzionarioei esan zieten hondakindegia egonkorra zela. Lurtek enpresak egin zuen egonkortasun azterketa 2018ko abenduan. Verter Recyclingen zabortegiak zegokion lur saila baino gehiago hartzen zuela ere jaso du Ertzaintzak txostenean.

Lau hilabete pasatu dira

Atzo lau hilabete bete ziren luizia gertatu zenetik. Otsailaren 6a zen, 16:02, Ertzaintzak bere txostenean jaso duenez. Inguruko herrietan mobilizazioak egin zituzten halakorik berriz «beste inon» ez errepikatzeko eskatzeko, eta Alberto Solozabal eta Joaquin Beltran langileak aurkitzea exijitzeko.

[YouTube]https://youtu.be/tA7hBhqsACI[/YouTube]

«Badaukagu hauteskundeetarako data, futbola itzultzeko, lurraldeen artean mugitzeko... Langileak zabortegitik ateratzeko data noizko?», adierazi du Helena Alberdik, sare sozialetan. Izan ere, gaur lau hilabete bete dira Verter Recycling 2002 SM enpresaren Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik. Ordutik, hondakinen azpian harrapatuta daude Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Gaur, data kontuan izanik, mobilizazioak egin dituzte inguruko herrietan, Langileak, osasuna, erantzukizunak lelopean. Zaldibar Argitu plataformak bultzatu ditu horiek: «Zabortegiarekin gertatutakoa eta honek azaleratu duen ustelkeria, inoiz, beste inon errepika ez dadin».

Zaldibar Argitu plataformak behin eta berriz eskatu die instituzioei otsailaren 6an gertatutakoaren inguruko informazio «zuzena, zehatza eta fidagarria» emateko, baina salatu dute ez dutela halakorik jaso. Era berean, plataformak adierazi du inork ez duela gertatutakoaren ardura bere gain hartu. «Kasuaren larritasuna ikusita», zabortegiaren amiltzea aztertuko duela iragarri zuen Europako Batzordeak, joan den maiatzaren 13an. Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak adierazi zuen, ordea, ez daudela kezkatuta ikerketagatik.

Langileak bilatzeko lanetan eginiko azken aurkikuntza duela bi hilabete egin zuten. Sololuzeren ibilgailua aurkitu zuten beharginek, baina ez gorpuzkirik. Luiziak Solozabal eta Beltran desagerrarazi zituen, baina hark eragindako suteek eta isuriek inguruko herritarrengan ere eragina izan zuen. Besteak beste, etxetik ez ateratzeko gomendioa egin zitzaien inguruko biztanleei, dioxina eta furano maila handiengatik, eta barazkirik ez saltzeko agindu Eitzaga (Zaldibar) auzoko laborariei.

Gaurko mobilizazioei dagokionez, Zaldibarren egin dute lehena, eguerdian, baina gehiago egin dituzte arratsaldean zehar: Eibarren (Gipuzkoa) 18:00etan; eta Elgetan (Gipuzkoa), Zallan, Ermuan eta Markinan (Bizkaia) 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.