Ongi etorri Kazetaritza ardatz buletinaren 4. zenbakira. Dagoeneko bagara 232 lagun plaza honetan. Eskerrik asko guztioi. Aste honetan, buletinean aipatzeko moduko gai asko izan ditut
esku artean, eta ez zait erraza izan aukeratzea. Hauxek dira aste honetako gaiak:
1. Tokiko hedabideen begirada 2. Kazetaritza feminista ikergai 3. Zenbat irabazten du kazetari batek? 4 . BBCren ikerketa: txatboten erantzunen fidagarritasuna auzitan 5. Kazetaritzaren
kontrako «oldarraldia»
Aste honetan, Irutxuloko Hitzak 20. urteurrena ospatu du, eta Arabako Aleak, hamargarrena. Bi hedabide hauek euskaraz dihardute, eta bertatik bertara aritzen dira. Biek argi uzten
dute zein garrantzitsua den tokiko begirada euskarazko informazioaren ekosisteman. «Ez dugu ulertzen hiria eta mundua kontatzeko beste modurik, herritik ez bada, komunitatetik, tokian tokitik,
mundu osoa delako tokikoa», dio Irutxuloko Hitzak urteurrenaren harira zabaldu duen bideoan.
«Behetik gora» kontatzeko modu horrek komunitatearen beharretara errazago egokitzeko aukera ematen die tokiko hedabideei.
Halaber, Beñat Parra Irutxuloko Hitzako zuzendariak urteurreneko ekitaldian aipatu zuen bezala, «tokiko kazetaritzak arazo orokorrak lurreratzeko gaitasuna du». Hau da, tokian tokiko
bizipenak jaso eta kontatzeak lagundu dezake arazo orokorrak ulertarazten. Tokiko begirada funtsezkoa da euskal komunikazioaren ekosisteman, mugak izan arren —Euskal Herrian herri begirada
osatzea zein garrantzitsua den ezin da ahaztu—.
Maria Gorosarri ikertzailea aspalditik aztertzen ari da hedabideek zer trataera ematen dieten albisteei genero aldetik. Horrekin batera, kazetaritza feminista definitzen saiatu da ikuspuntu akademikotik. Ikerketa horren
gako batzuk aipatu ditu BERRIAn Urtzi Urkizuk eginiko elkarrizketan.
Kontzientzia feministari lotuta, Maria Gorosarrik bi puntu nabarmendu ditu: «Batetik, ahizpatasuna. Gaur egun beste andreak irizpide sexisten arabera ez epaitzeari deritzo ahizpatasuna. Bestetik, matxismoaren aurrean
alternatibak planteatzea».
Gizonen pribilegioak ere aztergai izan ditu Gorosarrik bere ikerketan. «Gizonen pribilegioak ikusita, horiek ezabatzea eragiten duen kazetaritza behar da. Gizonezko guztiek dituzte pribilegioak, onartu nahi ez duten arren».
Ikerketa honetan sakondu nahi izanez gero, Historia y Comunicación social aldizkarian Maria Gorosarrik argitaratutako Periodismo feminista: una aproximación conceptual artikulura jo daiteke. Zer da kazetaritza feminista?
«Emakumeekiko bazterketa historikoa iraunarazten dituzten pribilegio maskulinoak deuseztatzera enfokatutako kazetaritza aktibista», Maria Gorosarriren arabera. Kate Mannek definitutako bederatzi pribilegio maskulinoei
aurre egiteko modua aztertu ditu Gorosarrik bere artikuluan. «Artikulu honetan proposatutako kazetaritza feministaren kategorizazioa ez da jarraitu beharreko praktika onen zerrenda itxia, baizik eta erredakziorako eta
hedabideetarako iparrorratza. Gizonezkoen pribilegioak desagerrarazteak gidatzen du kazetaritza feministaren garapena, modu independente eta zalantzarik gabekoan».
Zenbat irabazten du kazetari batek?
Galderari erantzuten saiatu da Mar Manrique kazetaria Fleet Street buletinaren azken zenbakian.
Horretarako inkesta bat abiatu zuen duela hilabete batzuk, eta, orain, jasotako 810 erantzunen emaitzak azaldu ditu. Inkestari ezin zaio izaera zientifiko handirik aitortu, eta Euskal Herritik kanpokoa da. Baina
soldataren gaiak beti jakin-mina pizten duenez, hortxe dago eskura begiratu bat eman nahi izanez gero.
Inkestaren arabera, kazetaritzan soldatak ez dira handitzen esperientzia urteak handitu ahala. Nahiz eta esperientzia urte batetik hirura handitu, batez besteko soldata ez da aldatzen: 15.000 eurotik 21.000ra bitartean
kokatzen da. Denborarekin, egoera gutxi hobetzen da. Komunikazio agentzietan edo prentsa idatzian lan egiten dutenek soldata hobeak izan dituzte, autonomoek eta prentsa digitalean edo ikus-entzunezko hedabideetan
lan egiten dutenek baino.
Adimen artifizial sortzailean oinarritutako tresnak etengabe berritzen ari dira, eta haien erabilera zabaltzen ari da, baita kazetaritzaren eremuan ere. Chat GPT bezalako txatbot edo laguntzaileak informazioa eskuratzeko
erabiltzen ari dira. Baina txatbot horiek ematen duten informazio hori fidagarria al da? BBCk argitaratu berri duen ikerketa batek erakutsi du txatbot edo laguntzaile nagusien erantzunek arazo handiak dituztela
fidagarritasunari dagokionez.
BBCk lau laguntzaile probatu ditu hilabete batez: Chat GPT (OpenAI), Copilot (Microsoft), Gemini (Google) eta Perplexity. Lau zerbitzuei BBCren webgunea arakatzeko sarbidea eman zitzaien, eta bertako albisteei buruz
galdetu zitzaien. BBCko kazetariek berrikusi zituzten adimen artifizialak emandako erantzunak, zehaztasuna, inpartzialtasuna eta BBCren edukia nola ordezkatzen zuten aintzat hartuz.
Ikerketaren ondorioak kezkagarriak dira:
Albisteei buruz egindako galderen erantzunen %51k arazo esanguratsuak zituzten.
BBCren edukia aipatzen zuten erantzunen %19k akats faktikoak izan zituzten (adierazpen, zenbaki, edo data okerrak).
BBCren artikuluetatik ekarritako aipuen %13 aldatuak edo asmatuak izan ziren.
Pete Archer BBCeko adimen artifizial sortzailerako arduradunaren ustez, «hedabideek bere edukiaren erabilpenaren inguruko kontrola eduki beharko lukete, eta laguntzaileen enpresek albisteak nola prozesatzen dituzten
erakutsi beharko lukete, sortzen dituzten akats eta zehaztugabetasunekin batera».
Deborah Turness BBCeko CEOk gogoratu duenez, adimen artifizialean oinarritutako tresna hauek sortzen duten distortsioak mehatxu bat dakar: edozein informaziorekin fidatzeko gaitasuna ahultzea.
Chat GPT, Gemini, Copilot, Perplexity, Claude eta Deep Seeken arteko lehian, beste lehiakide bat agertu berri da: Grok 3, Elon Musken xAI enpresak garatutako adimen artifizialaren azken bertsioa. Non eta nola aurkeztu
zuen Elon Muskek Grok 3? X sarean, jakina, Grok 3ri egindako galdera baten eta haren erantzunaren pantaila-argazki batekin. «Zein da zure iritzia The Informationi buruz?», galdetu zion Elon Muskek Grok
3ri. «The Information, hedabide tradizional gehienak bezala, zaborra da», izan zen Grok-ek Muski emandako erantzuna. Jarraian, zenbait erabiltzailek ohartarazi zuten Grok 2 bertsioari galdera bera eginda
erantzuna oso bestelakoa zela: «The Information teknologiaren industrian begirunea duen argitalpen bat da». Beraz, pentsatu daiteke Grok 3 hedabide tradizionalen kontrako jarrera ager dezala entrenatu egin
dutela, Elon Muskek eta Donald Trumpek hedabideen kontra darabilten estrategia politikoa indartzeko. Estrategia ez da berria, baina Trump berriro agintzen hasi denetik areagotu egin da.
Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak egoeraren larritasunaz ohartarazi du, Hilabete Trumpekin: prentsa askatasuna setio pean izenburuko agiria kaleratuz. «Estatubatuarren Lehen Emendakinaren eskubideak ahultzera bideratutako oldarraldi horren aurka», prentsa askatasuna defendatzeko eskatu dio Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak
AEBetako Kongresuari. Trumpen administrazioaren mehatxu eta murrizketak zerrendatu ditu MGK elkarteak:
Interferentzia editoriala
Informaziorako sarbidearen murrizketa
Eraso pertsonalak eta jazarpena sare sozialetan
Adierazpen askatasunaren inguruko kontraesanak
Intimidazio legala
Akusazio engainagarriak
Kazetarien kontrako indarkeriagatik zigortutakoen indultuak
Trump eta hedabideen arteko harremana beste ikuspuntu batetik ere aztertu daiteke. Trumpen lehenengo agintaldiak trafiko igoera bat ekarri zien hedabideei, batez ere, AEBetan. Eta oraingoak? Charbeat-en datuen arabera,
ez. Azarotik urtarrilera bitarteko tartea aztertuta, orrialde ikustaldi kopurua %3an jaitsi egin da, aurreko urteko epealdiarekin alderatuta. Baina Trump aipatzen dituzten orrialdeak neurtzen badira, trafikoa izugarri
hazi da: %285. Trumpen protagonismoa eta hedabideetan bereganatzen duen arreta ikaragarri handitu egin dira, paradoxikoki, baita hark mespretxatzen dituen hedabideetan ere.
AEBetako hedabideak ez daude geldirik. Goi bilera bat antolatu dute albisteekiko konfiantza berreskuratzeko moduaz hitz egiteko: Innovating to Restore Trust in News.
«Goi bilera presazko deia da ekintzarako, industriako buruek birpentsa dezaten albisteen etorkizuna, eta berreraiki dezaten konfiantza publikoa». Topaketa online izango da, otsailaren 27an, Semafor hedabide
digitalak antolatuta. Bertan, Fox, CNN, New York Times, NPR, The Wall Street Journal eta beste zenbait hedabidetako buruzagiek parte hartuko dute.
Beste irakurgai batzuk
BERRIAren webgunean beste irakurgai interesgarri hauek topatuko dituzu:
Oraindik ez bazara harpidetu eta gehiago jakin nahi baduzu kazetaritzaren, kazetarien, hedabideen, informazioaren, desinformazioaren eta adimen artifizialaren inguruan, egin orain Kazetaritza ardatz buletinaren
harpidetza.
Datu Pertsonalen Babesa Datu
Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko,
zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke
zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean,
edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain
(Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara: [email protected].
Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.