Gipuzkoako Getarian ia mende bat bada antzerki bat egiten hasi zirela; lau urtean behin egin ohi dute, eta herriko pertsonaia historikorik ezagunenetako baten inguruan eraikia dago: Juan Sebastian Elkano nabigatzailea goraipatzen du. Lurrari bira ematen lehena izan zela nabarmendu izan dute hainbat historialarik, eta balentria hartatik lehorrera nola itzuli zen kontatzen du antzerkiak: 1522an San Lucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia) jazo zen gertaera historikoa. Zuztar sakonak ditu jaiak, eta itxuraldatu egiten du herria.«Jende askok hartzen du parte», azaldu du Getariako Udaleko Parte Hartze zinegotzi Ibon Gerekak. Egunotan, esaterako, bada mugimendua herrian: bor-bor. Izan ere, lehorreratzea —hala deitzen diote jaiari— egitea tokatzen da: abuztuaren 7an izango da, ohikoa den gisan, Salbatore jaien barruan.
Usadioz, familia eta adiskideen artean banatu ziren urte askotan antzerkiko rol nagusiak: esaterako, Elkanorena eta harekin itzultzea lortu zuten eskifaiako hemezortzi gizonenak. «Hautatu» egiten zituzten beste hainbat; hain justu, antzerkiaren alde «alegorikoa» ere egiten da, eta bost kontinenteen ordezkari gisa aurkezteko hautatu izan ohi zituzten herriko hainbat neska gazte —«edertasuna» izaten zen haiek aukeratzeko ezaugarrietako bat— karroza batean eramateko: «Herriko erreginak ere esan izan zaie». Aldiz, udala azken bi legealdiotan —EH Bilduren ardurapean— jai «parte hartzaileagoa» lortzeko ahaleginetan ari da. Aldaketak egin ziren orain lau urte; gehiago datoz aurten.
Elkanoren eskifaia antzezten duten gizonak, artxiboko irudi batean. / Gari Garaialde, Foku.
Aldaketak «tentu handiz» egin nahi izan dituztela azaldu du Gerekak. Dudak izan dituzte bidean: «Nola ukitu hau?». Aski gatazkatsuak diren esperientziak badira Euskal Herrian —Irungo eta Hondarribiko alardeetakoak aipatu ditu, etsenplurako—, eta halakorik ez zuten nahi. «Herria banatzerik ez genuen nahi; baina, bestalde, argi genuen aldaketak nahi genituela, eta, gainera, egin nahi genituen». Orain lau urte, lehen aldaketa izan zen kontinenteen ordezkari gisa irteten diren emakumeak «zozketaz» aukeratzea. «Gogoa zuten denek izena ematea eta zozketa egitea erabaki zen». Eta «ondo» joan zen aldaketa.
Baina ez ziren horrekin bakarrik lasai gelditu udalean. «Horrela ere, festa honetan, karroza batean joatera mugatzen zen emakumeen presentzia». Herrian, bestela ere, makina bat andrek hartzen dute parte antzerkiaren antolaketan, baina ekitaldiaren lehen lerroan ere ipini nahi zituzten: ikusten den horretan. Halaber, Elkanoren ondoan agertzen diren gizonen «transmisioan» ere eragin nahi zuten: herritar orori ireki nahi zioten aktore izateko era. Izan ere, egun sentitua da herrian: emozio handikoa. «Usadioz, esaterako, antzezle aritu izan direnek jardun izan dute aurretik bizar luzea uzten, kilo batzuk galtzen ere bai sarri... Pertsonaian sartzeko», azaldu du Floren Iribar zinegotziak. Horregatik, igaro lau urteetan propio landu dute gaia: urrats gehiago nola egin aztertzeko.
Jardundakoen onespena
Hautsi ere ez dute egin nahi izan aurreko guztiarekin. Aintzat hartu nahi izan dute, esaterako, aurreko urteetan Elkanoren eta haren kideen rola bete duten gizonen jarduna, eta jarraitzeko era izango dute aurten. Hortik aurrera nola jokatu ez dute guztiz «zehaztuta», baina sortzen diren hutsune berriak «zozketa» bidez beteko direla erabakita utzi dute; hain justu, aurtengorako ere baziren hainbat hutsune, eta zozketa bidez aukeratu dira horiek.
Kontinenteetako sinbolo gisara agertzen diren pertsonaiak, karrozan, artxiboko irudi batean. / Marisol Ramirez, Foku.
Aldaketa horiek aurreko antzezle taldeari taxuz jakinaraztea oso garrantzitsua iruditu zaie udalean; orain arte jaia bizirik mantentzeko haiek egindako «sekulako lana» onestea ere bai. «Bilera bat egin genuen orain lau urte eskifaiako kide irten ziren guztiekin», azaldu du Gerekak: «Ondo joan zen». Hala ere, parekidetasunaren aldeko urratsik ez dute egingo eskifaiako pertsonaia horietan; gizonezkoak ziren denak —izen-abizenez identifikatuta daude agiri historikoetan—, eta egoki ikusi dute bere horretan lagatzea. Aterik itxi gabe: «Debate hori ere ireki daiteke».
Antzezpenean parte hartzen duten gainerako pertsonaia guztietan, ordea, kuotak jarri dituzte: andre eta gizonak aritu daitezen. Lantzariak izaten dira, esaterako, antzezpenean; gurdi gidariak ere bai. Rol horietan guztietan parte hartzeko zozketak egin dituzte: andre zein gizonentzat. Aurten, esaterako, 23 postu zozkatu dira guztira. Hamabi, neskentzat; 11, mutilentzat. Interesa piztu du deiak: 62 herritarrek eman dute izena. Horretarako bete beharreko baldintzak izan dira 1983-2000 urteen bitartean jaioak izatea, Getarian erroldatuta egotea, eta kontinenteen ordezkarien kasuan, aurrez atera gabeak izatea.
Ezusteak izan dira bidean. Esaterako, parekidetasunean inguruko irizpideak eraman dituzte kontinenteen ordezkari gisara irteten diren bost pertsonaietara ere, eta estreinakoz modua eman diete mutilei horiek betetzeko; bi toki gorde dituzte haientzat. Eta arrakasta izan du deiak. Pronostiko guztien aurka: «Egia esan, ez genuen uste mutilik apuntatuko zenik kontinente ordezkari izateko zozketara; eta hara ezustea: pila batek eman zuen izena. Bueno, hamar izan ziren, baina guretzat pila bat da, tradizioz andreek bete izan dituzten rolak baitira», onartu du Gerekak. Agian herrian harridura gehien eragin duen aldaketa hori dela esan du. Baina, oro har, ongi joan da dena, eta pozik daude udalean. «Gure lana baita aukerak irekitzea».
«Hasieran, niretzat ere izan zen txokea: ‘Bai zera!’. Baina, gero, ohitzen zoaz»
Ibai Eizagirre. Kontinente ordezkaria
«Asia izango naiz». Berehala adierazi du Ibai Eizagirrek zein rol beteko duen: kontinente bat ordezkatuko du. Usadioz, andreen esku geratu dira rol horiek, eta aldaketa nabarmena izango da mutilak karroza gainean ikustea. Badaki: «Jende zahar asko bizi da herrian; horiek nahiago dute era tradizionala. Hasieran, niretzat ere txokea izan zen: ‘Bai zera!’. Baina, gero, ohitzen zoaz». Aurrera egitea erabaki zuen. Aldaketa handiagoak ere onartzeko prest legoke: «Ea egunen batean Elkano ere andrea den». Rol berri batean ariko dira Eizagirre eta haren ondoan aterako den beste mutila, eta haien jantziak eta orrazkerak asmatu egin behar izan dituzte propio lehen aldi honetarako: sortu. «Ilusioz beteta». Kezkak kezka. «Inork ez dit ezer esan, baina entzuten da herrian badela jendea nahiago duena era tradizionala... Bestelakoak ere badira: denetik entzuten da».
«Kontua parte hartzea da, barrutik nolakoa den ikustea»
Maite Illarramendi. Gurdi gidaria
«Nik kontinente ordezkari edo lantzari izateko zozketetarako eman nuen izena». Maite Ilarramendi da solaskidea; zozketaren alderik ilunena tokatu zaio hari: ez da hautatua izan. Ez, behintzat, berak nahi zuen roletan. Aldiz, gurdiak eramateko jendea falta zela jakin, eta egiteko horretarako ere prest azaldu zen: halaxe aterako da antzerkian. «Kontua parte hartzea da, barrutik nolakoa den ikustea». Lehorreratzea «emozio» handiko eguna dela adierazi du: «Oso berezia getariarrontzat». Kontinente ordezkari ezingo du izan aurten; aldiz, mutilak toki horretan estreinakoz ikusiko ditu pozik. «Niregatik oso ondo dago mutilek ere parte hartzea horrelako tokietan». Onartzen du asaldatuta hartu dutela zenbaitek aldaketa, baina, oro har, giro ona ikusten du. «Kritika gehienak edadeko jendearenak dira. Beti neskak ikusten ohituta, haientzat mutilak sartzea boom bat izan da».
«Iruditzen zait herriak ondo hartu duela; izan dira arrazoiak ezagutzeko erak»
Gaizka Gorostiaga. Tripulatzailea
Jaiak orain arte izan duen izaera etxean bertatik bertara ikusi du Gaizka Gorostiagak; izan ere, tripulatzaile rolean irteten den gizonetako baten semea da: «Eta pentsatuta zeukan niri pasatzea». Usadioari atxikita. Udalak, ordea, abisua bidali zieten: aurtengo lehorreratzean, hasiko ziren kide berriak «zozketa» bidez sartzen. Bi toki libre zirela jakinda, izena ematea erabaki zuen Gaizka Gorostiagak. Ongi atera zitzaion: «Aita-semeak aterako gara». Ontzat du udalak eginiko aldaketa. «Udalak antolatzen eta finantzatzen badu, justua iruditzen zait nahi duen orok aukera izatea parte hartzeko». Ez du aparteko «zalapartarik» antzeman aldaketen harira. «Iruditzen zait herriak nahiko ondo hartu dituela». Ongi bideratutako auzitzat du: «Arrazoiak ezagutzeko erak izan dira; ulertu nahi ez duenak ez du inoiz ulertuko».
«Orain, aukera ematen dizute. Zortea da: tokatzen zaizu edo ez»
Hostaizka Etxeberria. Kontinente ordezkaria
«Europa izango naiz». Kontinente bateko ordezkari gisara hartuko du parte antzerkian Hostaizka Etxeberriak; zozketan izena eman zuelako, eta hautatua izan zelako. «Orain, aukera ematen dizute. Zortea da: tokatzen zaizu, edo ez». Antzeman du dagoeneko ekitaldiak herrian sorrarazten duen ikusmina, emozioa: «Herriko amonak-eta etortzen zaizkigu: ‘Zuri tokatu zaizu!’». Kontinenteen karrozan, bi mutil joango dira aurten estreinakoz. Irudi horrek herrian aparteko ikusmina eragingo duela badaki. «Niri ere gauzak aldatzea arraroa egin zitzaidan...Hasieran, arraroa egiten zaizu». Orain, egunaz gozatzea besterik ez du buruan. «Txikitatik bizi izan dugun eguna da hau. Gainera, nire amari ere tokatu zitzaion; ama ere Europa izan zen». Eskifaian denak gizonezkoak izatea ongi ikusten du: «Pertsonaia historikoak dira».
Bihar: Alardeak eraberritzeko esperientziak.