UDAKO SERIEA Herri bat, kirol bat (V). Zarautz eta surfa.

Olatua ez da eten

1980ko hamarkadan izan zen surfaren loraldia Zarautzen, eta kirol horren erakusleiho izan da ordutik herriko hondartza. Surflariek diote kirolak bere bilakaera izan duen arren ez dela aldatu itsaso barruan sentitzen dena, eta horrek lotzen dituela.

Eskolak. Surf egiten ikasten ari diren haurrak, uretara gerturatzen. UROLA-KOSTAKO-HITZA.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetatik eta Australiatik zetorren kirol bat zen surfa. Hasieran, arrotza zen gehienentzat. Baina Zarautzek (Gipuzkoa) bere egin zuen. 1970eko hamarkadan hasi zen horretan, eta 1980koan izan zuen loraldia. Ordutik, bien lotura ez da hautsi. Olatuaren gorenean segitzen du surfak herrian. Biek izan dute beren bilakaera, eta biek ikasi behar izan dute elkarrekin bizitzen eta elkar egokitzen. Baina aldatu ez dena harenfuntsa da. «Teknologia eta kirola saltzeko modua aldatu dira, baina ez itsasoa barruan sentitzen eta bizitzen dena. Horrek berdin jarraitzen du», nabarmendu du Mikel Troitiñok, aitzindarietako batek. Sentimendu eta bizipen horiei hitza jarri diete Aitor Frantzesena Gallo, Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe herriko surflariek: askatasuna, gozamena, zirrara, naturarekiko lotura... Hirurek lortu dute nazioartean lehiatzea, eta Zarautzen izena munduan barrena eramatea.

Troitiñok argi du zein den Zarautzek surfarekin duen loturaren arrazoia: «Itsasoa da Zarautzen erakusleihoa. Hondartzaren gainean eraikitako herria da, eta kokapenak erosotasun handia ematen dio surf egin nahi duenari. Hori, garai batean, funtsezkoa zen, materiala oso pisutsua eta astuna zelako». Olatu mota«ona» dela nabarmendu du Erostarbek. «Ez da olatu bortitz bat, ibilbide luzekoa baizik, eta, horri esker, errazagoa da surfean aritzea. Ikasten hasteko, oso aproposa da Zarauzko hondartza. Gainera, belaunaldiz belaunaldi transmisio on bat egiten jakin da. Ni horren adibide naiz. Gurasoek eta ahizpak ere surf egiten dute. Guretzat, surfa kirol bat bainoago, bizitzeko modu bat da».

Aranburu bat dator horrekin. «Zarautzen, txikitatik ikusten eta bizitzen duzun zerbait da surflariak olatuak hartzen ikustea, eta horrek praktikatzera eraman gaitu asko eta asko. Nik txikitatik izan nuen kuriositate hori. Malekoitik gurasoekin paseoan nindoanean, beti geratzen nintzen begira, txundituta». Frantziarekiko gertutasuna aipatu du Frantzesenak. «Europara Frantziatik iritsi zen surfa: materiala, dokumentalak... Eta gu hain gertu egonda, eragina hona ere iritsi zen. Zabalkundea errazagoa izan zen».

Hasieran, herriko surflari gehienak autodidaktak ziren. Troitiñok oso gogoan du nola hasten ziren: «Orduan, ez zegoen eskolarik. Ez genuenez taularik, gainera, ur izkinan jarri, eta, kanpotik zetozen surflariei taulak ihes egiten zienean, lagundu egiten genien. Orduan, ohola ez zen hankara lotzen. Hala, olaturen bat hartzen uzten ziguten, eta horrela hasten ginen ikasten».

Ondoren, beste kirol batzuetan geratu bezala, jakintzaren transmisioa profesionalizatu egin zen. Eskolak sortu ziren. 1988an jarri zen martxan lehena Zarautzen. Bultzatzaileen artean ziren Troitiño eta Frantzesena. Eskolaren bidez, herritar gehiagoren artean zabaldu zen surfa. «Barre egiten ziguten askok,eta zorotzat hartzen gintuzten. Baina aurrera egin genuen, gure metodologia pedagogikoa sortuz. Artean ez zegoen, eta hutsak eginez lortu genuen. Azkenean, apustua ona zela aitortu ziguten, egindako lana funtsezkoa izan baita, batez ere pedagogikoki».

Aranburuk eskolen lana nabarmendu du: «Teknikatik harago, surfaren barruan dauden arauak eta balioak ikasteko eta barneratzeko, asko laguntzen dute. Gainera, transmisio lan bat egiten ere lagundu dute». Alde horretatik, bera bezalako surflari gazteek «ardura bat» dutela sentitu du. «Gauza polit asko egin ditzakegu, orain artekoen bideari segida emanez. Gure aurrekoak gabe ez ginateke hemen egongo, eta, orain, guri dagokigu lan horretan laguntzea ». Erostarbek argi du eredu onak izan dituztela. «Ziurrenik, horregatik atera dira hainbeste surflari on hemendik. Goi mailara iritsi ez arren, surfeanizugarri ondo aritzen ziren surflariak izan ditugu hemen, eta haiei begira ikasi dugu gutariko askok. Izan ere, praktikatzen ez ezik, begiratzen ere asko ikasten da. Isilean asko erakutsi diguten surflariak eta irakasleak egon dira».

Belaunaldien artean dagoen lotura hori ere goraipatu du Frantzesenak. «Harreman ona dugu guztien artean, eta hori da herrian surfa hain bizirik egoteko gakoetako bat. Nahiz eta batzuetan eskolen kontua ez den behar bezalaaraututa egon». Egun sei-zazpi eskola daude, eta kritika txiki bat egin du Troitiñok. «Kasu batzuetan, eskoletatik harago, surfeko materiala saltzeko lekuak ere badira, eta negozio izaera hartu dute».

Aldaketa itsasoan

Materialen bilakaera, eskolen hedatzea... Horrek guztiak aldatu egin du garai batean hondartzan zegoen irudia, eta egun dagoena. Lehen baino askoz surflari gehiago daude orain Zarautzen uretan. «Banaketa ere diferentea da. Egun, hiru multzo moduko ikusten dituzu. Olatuak apurtzen diren lekuan ikasten ari direnak daude; ondoren, pixka bat gehiago dakitenak; eta, barruan, gehien trebatuak eta olaturik handienak hartzen dituztenak. Gainera, hondarretan jende asko ikusten da irudiak hartzen eta bideoak grabatzen. Lehen, berriz, denak atzean egoten ginen, olatu handiak hartzen. Askotan, adostuta, bik olatu bera hartzen genuen, eta taula ere trukatzen genuen probatzeko», azaldu du Toritiñok. Udatik kanpo ere irudia aldatzen da. «Bakarka ikusten dira gehiago surflariak. Gainera, gaur egun, itsasoaren egoerari eta eguraldiaren iragarpenari asko erreparatzen zaio; egoera aldekoa ez denean, jende gutxiago egoten da. Datozenak barnealdeko herrietatik datoz, neguan mendia eta snow egiten dutenak eta beste sasoietan surf egiten dutenak».

Laurek uste dute egun «hobetu» egin dela bainuzaleen eta surflarien arteko elkarbizitza. Honela azaldu du errealitate hori Frantsesenak. «Guk gure tokia egiten jakin dugu, eta egungo errealitatera egokitzen. Bestalde, bainuzaleak konturatu dira, segurtasun ikuspegitik, surflariak uretan egotea ona dela. Babes moduko bat gara. Edozein pertsona arriskuan badago, gure egitekoa da haiei laguntzera joatea».

Dena den, batez ere udan, onartu dute urte batzuetan masifikazio bat izan dela. «Ni, adibidez, udan kanpora joaten saiatzen naiz. Horregatik, eta hemen olatu onak irailetik aurrera izaten direlako. Ordutik aurrera egoten gara lasai hemen, eta gustura aritu gaitezke surfean, bai lehiari begira, baita plazeragatik ere».

Gai horrek eman du zeresana urte hauetan herrian. «Ekonomikoki, ziurrenik, etekina ekarri dio surfak herriari. Baina, bestalde, kudeaketa desegoki baten erruz, asko pribatizatu da naturgunea. Ez da kudeaketa iraunkor bat egin», dio Troitiñok. Udala «nahiko galduta» ibili da arlo horretan haren arabera: «Batez ere, turismo ereduari lotuta. Eragile bakoitzarekin bere erabakia hartu du, ez da ikuspegi oso eta orokor batetik egin. Gehiago izan da ezjakintasunagatik fede txarragatik baino».

Etorkizunari begira, eredu hori zehaztu, eta surfari lotutako kalitatezko turismo bat lortzea da erronketako bat, Aranbururen aburuz. «Beste leku batzuetan, askoz hobeto egin dute hori, eta badugu horretaz zer ikasia. Iparraldera jotzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko, eta ikusteko surfari lotuta kalitatezko turismo bat ere lor daitekeela. Garbi izan behar da nolako jendea erakarri nahi dugun, eta eskaintza egoki bat egin, eragile guztiekin elkarlanean. Kalitatea bilatu behar da, ez kantitatea. Sinetsi egin behar dugu horretan, Zarautzek ezaugarri guztiak dituelako horretarako, eta surflariok ere eskaintza on bat lortu nahi dugulako. Oreka bat lortu behar da».

Aranburuk berak, adibidez, taberna bat du surfari lotuta, eta gizarte programa bat sustatu du haren bidez. «Horren barruan, autismoa duten umeei eskolak ematen dizkiegu, beraien terapiaren eta integrazioaren parte gisa. Hori da kalitatezko eskaintza bat sustatzeko modu bat. Hortik harago, jendeak, kirola egiteaz gain, esperientzia bat nahi izaten du, eta hori indartu behar dugu. Balio asko ditu surfak». Frantzesenak surf egokitua egiten du: «Lehen oso zaila zen ezintasunen bat zuen pertsona batek surf egitea. Orain, berriz, bai, eta Zarauzko hondartza bere lekua egiten ari da, oso egokia baita».

Beste erronketako bat itsasoaren kutsadurari aurre egitea da. «Plastikoz beteta dago, eta ez dugu nahikoa egiten hura zaintzeko», nabarmendu du Frantzesenak. Ados dago Troitiño. Baina baikortasun mezu bat ere eman du. «Lasaitzen nauena da belaunaldi berriak horrekin kezkatuta ikusten ditudala. Kontzientziatuta daude horrekin. Beti daudeekintzarako prest: adibidez, garbiketa lanak egiteko. Gainera, hirigintza proiektuei begira, natura babesteko araudia gogortu egin da. «Ni ikusita nago Zarauzko hondartza kirol portu bilakatzeko proiektua, dike handi batzuk eginda. Gaur egun, hori pentsaezina eta ezinezkoa litzateke; jende guztiak esango luke astakeria litzatekeela. Horretan izan da aldaketa bat».

Bihar: Herri bat, kirol bat (eta VI): Gasteiz eta saskibaloia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.