Milagro eta gereziak

Milagroko gereziak, gustu onekoak

Ekainaren hirugarren igandea gorriz margotuta dago Milagron. Aurten ere jende mordoa bildu da Nafarroako Erribera aldera, gereziondoen fruitu mamitsua dastatzeko gogo biziz. Kalitateak ez du huts egin, eta, gerezi ohantzeak izango balira bezala, ederki kulunkatu dira geografian barna. Ibilbide polita egin liteke Milagro inguruan.

Milagroko gereziak. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
2018ko uztailaren 20a
16:16
Entzun

Ekialdeko herrialdeetan jaio, eta, migratze prozesuari esker, Asia eta Europa aldera barreiatu omen zen antzina. Adituek esaten dute greziarrek eroki maitatzen zutela arbola, baita Erromako inperioaren garaian fruitu mamitsua eskualde askotara zabaldu zela ere. Gereziak dira, jakina. Udako fruta izaki, meloiarekin, muxikarekin eta sandiarekin batera ikus daitezke egunotan fruta dendetan. Urak bapo hartuta dago fruitu haragitsu eta mamitsua; jaki ezin egokiagoa da deshidratazioari aurre egiteko. Gomendagarria omen da eritasun kronikoak eta degeneratiboak gerta ez daitezen, eta, hori guztiori gutxi balitz, kirola egin ostean hartzen dira, besteak beste, potasioa eta magnesioa dituztelako.

 



Nafarroako Erriberako eskualdera jo beharra dago gorazarrezko produktuari egiten zaion omenaldiaz gozatzeko. Dotore-dotore apainduta, gereziak Milagroko plazara irten dira, asko eta asko binaka, kirten eta guzti. Erosleen begirada harrapatzeko asmoz, ezohiko distira dute. Akaziazko xaflekin eginiko ohantze zainduak eskutik eskura pasatzen hasten dira goiz-goizetik. Izan ere, azokari hasiera eman baino ordu bat lehenago, bizilagun ugari bertaratzen dira. Gerezirik dotoreenak erosteko, hor dago koska!

Azoka adinduna

Gereziaren fruitu haragitsu gorrixka ez ezik, bada kirtena eta hezurrak ere aprobetxatzen dakienik ere. Ezin hobeak omen dira gorputzaren funtzionamendu egokiari eusteko, minak arintzeko. Bilketan dabiltzan langileak hori jakinda, tentu handiz ibili ohi dira aukeraketa prozesuan. Aurtengo euriteak ez baitu askorik lagundu: loraldia atzeratu egin da, eta, horren ondorioz, fruituen kopurua txikiagoa izan da. Hala ere, 400.000 kilokoa izaten da urteko batez besteko produkzio potentziala. Gozotasuna, kolore bizia eta pinta aldaera izaten dira Milagroko produktu desiratuaren ezaugarriak. «Munduko onenak, zalantzarik ez, eta niri izugarri gustatzen zaizkit», azaldu du Eider Jacome gazteak. Art Milagro eskolan pintura ikasten ari da lagun gaztea, eta pozarren hartu du aurtengo lehiaketan lehen saria irabazi izana.

Gazte bat joka kantatzen

Milagroko azoka adinduna da. 19 urtez jo eta su aritu ondoren, gerezia bera herriaren ikur bihurtu da. Eskualdeak arretaz gordetzen duen urre gorriko altxorra da, beraz. Horren harira, ekainaren hirugarren igandean jendez gainezka izaten dira Milagroko kaleak (15.000 pertsona inguru). Horietako askok kalean aurrera egin gabe, derrigorrezko geldialditxoa egiten dute kultur etxearen aurreko saltokietan. Ohikoa izaten da-eta bizilagunak sorbalda eta besoak gereziz beteriko kaxez zamatuta ikustea. Artisautza, bitxi eta elikadura saltokiak Talaia aldera igotzen diren kale estuetan jartzen dira. Nafarroako jotak, gaiteroen eta erraldoien kalejira bazterrak girotzen ari diren bitartean, ez da faltako Corellako baratxuririk, Goierriko talorik, Arbizuko eztigairik edota Goiuriko euskal pastizarik erosten duenik.

Montecillora bidea

Milagroko gerezia oinarri hartuta, postre lehiaketak ere prestatzen dira. Etxean eginiko artelanak mahai luzeetan jarrita, zaporea, aurkezpena eta lanaren originaltasuna aintzakotzat hartzen dira irabazleak erabakitzeko. Iaz, ekitaldi ofizialean gorazarre egin zioten musikari, eta musikariek hartu zuten protagonismo osoa; aurtengo festan, ordea, kirol munduak jaso ditu goraipamenak, eta waterpolo diziplinaren gaina eta bikaina den Cristina Perez Ruiz lagunari egokitu zaio pregoia luzatzea.


Milagroko gaztelu zaharra talaia xume baten gainean goititzen da.

Milagroko azokara hurbilduta, aukera ezin hobea dago inguruko bazterrak ezagutzeko. Aragoi eta Ebro ibaien paraleloan doan ibilbidea egokia izaten da paseorako; Monte Alto tontorrera igotzen denak, aldiz, eskualdearen inguruko ikuspegi zabalak eskaintzen ditu, bertoko landaretzaren esparruan murgiltzen laguntzeaz gainera. Bigarren aukera hartuta, ibiltariak parada du bertatik bertara ikusteko gainaldean hazten diren mahastiak eta almendrondo sailak.

Ibilbidearen abiapuntua Milagro herrian jarrita (Nafarroa), kultur etxe aldera jo behar da, bide seinaleei jaramon eginez. Ibilian Blanca de Navarra izeneko kaletik, San Blas SRC delakoaren eretzetik jarraitzen da goratasuna hartzeko xedez. Merkatu plazan, ezkerrera egin eta Elizaren ondoko Foruen enparantzara heldu behar du ibiltariak. Tenpluaren alboan, balkoi moduko talaia bat egokitu dute bisitarien sosegua topa dadin Aragoi ibaiaren aldeko lur emankorretan.

Ipar-mendebaldera jarraitu behar da herriko gaztelu edo talaia aldera (XVI) jotzeko. Behialako gazteluaren hondakinak segituan ikusten dira. Talaia aurrez aurre dago, amiamokoek erabat hartua. Iñigo Arista kalea atzean utzirik, baratze eta urbanizazio xume baten ondotik igarotzen da. Bide nagusiak ur biltegi bateraino laguntzen du gero. Pinudiaren babesean jarraitzen da, legarrez jantzitako basabideari men eginez. Aragoi ibairen gaineko ezpondan barrena ibilita, erraza da bidetik irtenda eskuineko balkoi naturalera hurbiltzea.


Milagroko jauregiak eder-eder erakusten du bere armarria.

Minutu batzuk goxo-goxo ibili ostean, Monte Alto izeneko parajearen goiko aldera iristen da ibiltaria. Mahastiak, almendrondo eremuak eta eguzki-ortuak bistaratzen dira goiko ordokira iritsitakoan. Energia fotovoltaikoen eremuaren ondotik jarraituta, Montecillo tontortxoa markatzen duen erpin geodesiko altua agertzen da, xafla energetiko sendoek inguraturik. Aurrerago, pinudi xume baten atarian, bidea bitan banantzen dela ikusita, ezkerreko nekazari bideari ekin behar zaio. Paisaiak transmititzen duen soseguak lagunduta, noranzkoari eutsi eta eskuin-ezker egin gabe jarraitzen da. Minutu batzuk holaxe eman ostean, ibiltaria pisten bidebanatze batera iristen da. Abodi mendigunetik datorren abelbidearekin bat egiten da hantxe bertan; izan ere, Milagro eta Aezkoa ibarra lotzen dituen bide historikoa da. Ezkerrera hartu eta maldan behera hasi behar da. Monte Hondoko industriak aurrez aurre direla, jaitsiera leuna egiten da, Coduvian izeneko upategi modernoa eskuinaldean ikusi arte. Orduan, Iberdrolako zentralera iritsi baino metro batzuk lehenago, ezkerreko bidetik jo behar da. Horiek horrela, ibar xumea zeharkatu ondoren, igoera ttipi bat egiten da. Gero, bide nagusiak eskuinera egiten duelarik, pinuek babestuta jarraitzen da, harik eta lepo batera heldu arte. Goratasuna galtzeko unea baita, ibiltariak galsoro baten eretzetik jo behar du, bidetik irten gabe. Zeharkaldi lasaia amaituta, bideak industrialdera egiten du zuzen-zuzen. Errepidera irten gabe, ordea, ibarraz bestaldean doan bide zabalari lotu eta hilerriaren parean iritsita, Milagrorako bideari men egiten zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.