Getariako erregina esaten zaio Gipuzkoako txakolinari, eta Bizkaikoa ere Bakiorekin lotu izan da historikoki. Baina barnealdean ere egiten da ardo txuri preziatu hori. Urduña da horren adibide, Gorobel mendilerroaren magalean, kresala urrun duen eskualde batean. Arkaitz Larrazabal Gure Ahaleginak upategiko nagusiak gogorarazi du duela ehun urte Urduñan ekoizten zela Euskal Herriko txakolin gehiena.«Lege bat zegoen hemengo ardoa edatera behartzen zuena kanpokoa ekartzen hasi aurretik», azaldu du Larrazabalek. Haren esanetan, itsasontziz heltzen zen ardoa, eta, bertakoa oraindik saldu gabe bazegoen, su ematen zioten itsasontziari. Horrek utzi du ondorenik: gaur egun, hiru upategi daude kostaldetik 40 kilometrora dagoen herri horretan, eta urtero 40.000 litro txakolin inguru ekoizten dira.
Larrazabalen Gure Ahaleginak upategiarena da uzta horren erdia, 20.000 litro inguru. Baina hotz handiagoa egiten du barnealdean. Urduñan, izozteak ohikoak dira, baina badituzte aurre egiteko metodoak: «Ura botatzen dugu mahatsondoetara; ur hori izoztu egiten da, eta mahatsondoa ondo geratzen da». Horrez gain, haizearen bidez ere ekiditen dituzte izozketak: haize errotekin haizea sortu eta hezetasuna murrizten dute. Orain arte itsasoko kresala txakolina ekoizteko osagai garrantzitsutzat hartu izan bada ere, Larrazabalen iritziz hobe da mahatsondoak kostatik urrun egotea: «Itsasoak hezetasuna sortzen du, eta horrek eragiten ditu onddoak eta gaixotasunak». Beste batzuentzat arerio den haizea ere laguna du Larrazabalek, bere esanetan Urduñan ibiltzen den haize zakarra oso baliagarria baita hezetasuna murrizteko. Hala ere, enologoak dio txakolin hori ez dela kostaldekoa baino hobea edo txarragoa barnealdean ekoitzitakoa delako, desberdina baizik.
«Kostan gehiago irudikatzen zen, baina jendeak eskertzen du horrelako eskaintza Tolosaldean edukitzea»
Garazi del Rey
Gure Ahaleginak upategiaren txakolina gustatuta-edo, beste baserritar batzuek ere mahatsondoak landatzeko interesa erakutsi diote, baina enologoak azaltzen die zerotik hastea oso zaila dela: «Diru asko inbertitu behar da, eta lau urtez lan egin behar duzu mahatsa jasotzeko». Mahatsondoak landatu eta lau urtera hasten dira fruitua ematen.
Edonola ere, Larrazabalek dio pasatu dela «txakolinaren boom-a». «Nekazari izatea oso gogorra da. Eguraldiaren menpe zaude, eta, eguraldi txarra egiten badu, mahatsa galdu egiten da. Ekaitz batek dena honda dezake. Jendea nekazaritza uzten ari da, eta jende gazteak ez du horretan jarraitu nahi», gaineratu du enologoak.
Baina Larrazabal txakolina saltzetik bizi da, eta ez du ilusiorik galdu. Hurrengo urtean, mahatsondo gehiago jarriko ditu, eta 40 urte bete arte inbertitzen eta lursailak erosten jarraitzea espero du, erretiroa hartu arte txakolingintzan jarraitzeko. Enologoak argi du bere etorkizuna.
Uriondo upategiko mahatsondoak. / Marisol Ramirez, Foku
Zaratamo 27 kilometrora dago Urduñatik lerro zuzenean, eta, bertan, Uriondo upategia. Aspalditik egin izan dute etxerako txakolina Isabel Viñasen baserrian. Duela 30 urte, behiak kendu nahi zituzten lan handia ematen zutelako, baina baserriko jarduera guztia bertan behera uztea gehiegizkoa zen aitona-amonentzat; beraz, txakolina egiten hastea pentsatu zuten, baserriko ohitura zaharrari eusteko. Pentsatu eta egin. Urterik onenetan 18.000 botila ere lortu ditu.
«Zoratuta zaudete». Hori esaten zieten Zaratamon, kontatu zutenean mahatsondoak landatu eta txakolina ekoizten hasiko zirela. Erosleak harritu egiten dira oraindik ere: «Askok ez dakite Zaratamo existitzen denik ere; beste batzuek badute Zaratamoren berri, baina ez dakite txakolina egiten denik», azaldu du Viñasek. AEBetatik ere joan izan zaizkie txakolina probatzera, eta harrituta geratzen dira, bi hektarea soilik edukita ia erdia AEBetara esportatzen dutelako.
«Txakolin hau, barnealdean ekoitzitakoa delako, ez da hobea edo txaragoa, desberdina baizik»
Arkaitz Larrazabal
Baina ez kanpokoek bakarrik, bertakoek ere atsegin dute Uriondo upategiko txakolina, eta hurbiltzen zaizkie mahatsondoak landatzeko aholku eske. «Interesa badago», azpimarratu du Viñasek.
Txakolinetik bizitzeko, ekoizpen handi xamarra eduki behar da. «Gastu handiak daude, eta zaila da». Hala ere, ez dituzte lursailak handituko. Orain arteko bidean jarraitu nahi dute. «Gure asmoa hobetzen jarraitzea da, bai mahastian bertan, baita txakolinaren ekoizpenean ere».
Dena ez da Getaria
Getariako txakolina sor-markak egin du ezagun ardo txuri hori, baina, 2007tik, Getaria, Zarautz eta Aiatik kanpo ere ekoizten da.
Adibide bat baino ez da Luis Javier Oregirena. Beizaman mahatsondoak jarriko zituela erabaki zuenean, jendeak «zoratuta» zegoela esaten zion. Jendeak ez du uste mahatsa ekoitzi eta txakolina egin daitekeenik Gipuzkoa erdi-erdian eta itsas mailatik ia 500 metrora. Bada, lor daiteke.
«Ez dut nahi upategain mahats txarra sartu eta ardo ona irtetea. Ez nago magia horren alde»
Luis Javier Oregi
2006an «erdi txantxetan» hasitako proiektuarekin, Euskal Herriko jatetxe ezagunenetan egotea lortu du Oregiren Urkizahar txakolinak. «Behin aitak esan zidan baserri honetan bazela ezer egin gabe oso ondo ematen zuen mahatsondo bat, eta galdetu zidan ea zergatik ez nintzen hasten hemen txakolina egiten». Hasierako oztopoek grina eta gogo gehiago pizten zion. Lehengo lana eta bizitza utzi zituen; Beizamako Urkizahar baserrira joan zen bizitzera, eta buru-belarri sartu zen proiektuan. Gogoan du hasiera gogorra izan zela. Horrelako proiektuek inbertsio eta gastu handiak dituzte, eta merkatuko konpetentzia ere handia da.
Luis Javier Oregi Urkizahar txakolina egiteko bere mahatsondoekin. / Juan Carlos Ruiz, Foku
Oregiren hitzetan, abantaila bat da mahatsondoak altuera handian egotea «Batzuetan, hemengo eguraldia sanoagoa da behekoa baino». Gainera, mahatsondoak hegoaldera begira daude. Horrela lortu dute «ezaugarri berezidun txakolina» egitea, fruta usain handikoa.
Oraingoz, txakolin mota bakarra ekoizten dute, eta ekologikoa da. Horretarako, oso garrantzitsua da aurretik egindako lana: «Ahalik eta baldintza onenetan jarri behar dituzu landareak, gaixotu ez daitezen». Oregik ez du jardun nahi botika bota eta bota, landareak ohitu eta ahuldu egiten baitira: «Ez dut nahi upategian mahats txarra sartu eta ardo ona irtetea. Ez nago magia horren alde. Misterio handirik ez dauka, baina lana ugari». Izan ere, eskulana garrantzitsua da: mahatsondoei hostoak kendu eta adarrak zuzen jarri behar zaizkie, korapilatu ez daitezen.
Urkizahar txakolina Beizaman egindakoa dela entzundakoan, jende askok sorpresa hartzen du, eta ezustea oraindik eta handiagoa izaten da txakolinaren jatorria hura probatu eta gero esanez gero.
Apustua ondo atera zaio. Gaur egun, Arzaken, Berasategin eta Alamedan dasta daiteke Beizamako txakolina. Baina ez da Euskal Herrian soilik geratzen: AEBetara, Belgikara eta Frantziara esportatzen dute. Helburutzat bazuten ere hemen inguruan saltzea; jende andana joaten zaie baserrira jatetxe batean probatu dutela esanez. «Mundu osoko jendea pasatu da hemendik: japoniarrak, errusiarrak, australiarrak, korearrak...».
«Zaratamon mahatsondoak landatuko genituela jakindakoan, jendeak zortatuta geundela esaten zigun»
Isabel Viñas
Etorkizunerako ere ez du ilusio faltarik Oregik. Aurrerago, pare bat langile kontratatu nahi lituzke, eta «pixka bat lasaiago» bizi. Baina ez dauka inolako zalantzarik lanean jarraituko duela Beizamako herri txikitik txakolina mundu zabalera hedatzeko.
Hernio mendiaren babesean, Alkizan, harridura eragiten du eraikuntza zuri eta moderno batek XVI. mendetik datorren Garaikoetxea baserrian. Garaikoetxea txakolindegia da. Hernioren paraje berdeetara eta harkaitzetara begira egoteko beiratez inguratutako eraikuntza.
Txakolin hitzaren jatorrizko esanahia «etxerako lain» izan liteke, baina txakolindegiaren jabe Xabier Urruzolak eta Garazi del Reyk ogibide bihurtu zuten 2008an.
Uriondo upategiko mahatsondoak, Zaratamon (Bizkaia). / Marisol Ramirez, Foku
Jendeak denetik esan zien Alkizan txakolindegi bat egingo zutela jakin eta gero. Batzuentzat «shock bat» izan bazen ere, beste batzuek ilusio handia erakutsi zuten. Urruzolaren esanetan, jendea ezkor agertu zen, batez ere ez zuelako sinesten «bi kalekume» gai izango zirenik txakolina ekoizteko. «Hala eta guztiz ere, inor gutxik jartzen zuen zalantzan jarduerak berak bazuela etorkizuna, nabarmena baita txakolinak dituen garapena eta arrakasta».
Esportazioen garrantzia
«Bi kalekume» horiek gai izan dira, ordea, lau motatako txakolina ekoitzi eta mundu guztira zabaltzeko. Izan ere, ekoizpenaren %50etik gora esportatu egiten dute. Horrela, Inazio Urruzola txakolina AEBetan, Kanadan, Mexikon, Japonian eta Herbehereetan edan daiteke. Horrez gain, bertako merkatuan ere ez da atzean geratu, eta Arzaken eta Mirador de Ulia jatetxeetan dasta daiteke. Horretarako, mesedegarri zaie barnealdean egotea, «berezi» bihurtzen dituelako. «Gauza berri bat da, beharbada gehiago irudikatzen zelako kostan. Jendeak asko eskertzen du horrelako eskaintza bat Tolosaldean edukitzea», dio del Reyk.
Etorkizunerako ere badute erronkarik. Epe motzera, jatetxe bat irekiko dute irailean, eta, txakolinaz gain, munduko ardo gehiago egongo dira. Mahastien landaketak ere ari dira prestatzen, datorren udaberrira begira.
Kresalik gabeko txakolinak nabigatzen jarraituko du, hemen nahiz ozeanoaren beste aldean.
Bihar:Hidrogenozko bizikletak Miarritzen; surfeko taulak Iruñean