Florida erabakigarria izan ohi da presidentetzarako bozetan. 1960az geroztik, estatu horretan irabazi izan duen hautagaia heldu izan da Etxe Zurira —1992an izan ezik—. Aldi berean, azken mendean errepublikano bakar batek ez du presidentetza lortu Floridan irabazi gabe. Hala, duela lau urte nagusitu egin zen han Donald Trump, AEBetako egungo presidentea. Asmo bera luke aurten ere buruzagi errepublikanoak, baina, beste alor askotan bezala, koronabirusak hankaz gora jarri ditu aurreikuspen guztiak.
Hegoaldeko estatuan 576.000 kasu baieztatu dituzte orain arte, eta hildakoak 9.000tik gora dira. Azken egunetako datuen arabera, behera egiten ariko lirateke kasuak, baina, oraindik ere, kutsatu gehien dituzten estatuetan bigarrena da Florida, Kaliforniaren atzetik. Osasun krisiak eraginda, langabezia datuek ere okerrera egin dute estatu hartan, eta maiatzean %14koa zen.
Hala ere, egoera ez da bera barruti guztietan. Garai batean, Kubako erbesteratuek osatzen zuten herritarren gehiengoa, errepublikanoek aldekoek, alegia; azken urteetan, ordea, immigrazioak gora egin du, eta pluralagoa bilakatu da gizartea. Venezuela, Kolonbia, Argentina eta Puerto Ricoko migratzaileen etxe bilakatu da estatua, eta azken horiek demokraten aldeko joera erakutsi dute. Gainera, aurten bi ordezkari gehiago izango ditu Floridak. Ezaugarri horiek guztiek irabazi beharreko lehia bilakatu dute estatu hartakoa. Trumpek badaki hori, eta, horregatik, iaz New Yorketik Floridara aldatu zuen bere bizilekua.
Trumpen jarraitzaileak, haren agerraldi batean. ETIENNE LAURENT / EFE
Baina inkestek lau eta sei punturen arteko aldea ematen diote gaur egun Joe Biden presidentegai demokratari Trumpen aldean. Hori dela eta, kanpainaburu errepublikanoa ahaleginak eta bi egiten ari da herritarrak erakartzeko. Ikusita kanpainako ekitaldi jendetsu haiek ezinezko bilakatu direla, dozenaka milioiren inbertsioak egin dituzte telebista eta irrati iragarkietan 40 milioi dolar, zenbait komunikabideren arabera. Bidenekin erabat gustura ez dauden horiek bereganatzea da helburua, besteak beste, beldurra erabiliz. Izan ere, inkesten arabera, %33k soilik diote konbentzimenduz Bidenen alde bozkatuko dutela; aldiz, %67k diote Trumpen aurka egiteko bozkatuko dutela demokraten alde.
David Mayhew Yale Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak BERRIAri azaldu dionez, azken urteetan ohikoa bilakatu da Etxe Zurian agintean den ordezkariaren alderdiak botoak galtzea bozetan: «Lau urte lehenago [Barack] Obamaren alde bozkatu zuten langile zuriek Trumpen alde egin zuten 2016an. Ez ziren asko izan, baina izan ziren batzuk. Zergatik? Bada, ziurrenik arrazoi kultural eta ekonomikoengatik. Kulturalak diodanean, immigrazioaz, arrazaz, gizarte gaiez eta politikaz ari naiz. Gai horiek indarra hartu zuten hauteskunde haietan. Ekonomian, berriz, hiri handietan demokratek sostenguari eutsi zioten, baina ez zen hala izan nekazaritza eremuetan eta hiri txikietan, non langabeziak goia jo zuen eta enpresa asko itxi egin ziren. Hori bera gertatu zen beste herrialde batzuetan ere. Horren adibide da brexit-a».
Mayhewk gogorarazi du boto kopuruan Hillary Rodham Clinton demokrata izan zela nagusi 2016ko bozetan, nahiz eta Hauteskunde Batzordeak Trumpi eman garaipena, estatu jakin batzuetan izandako garaipenari esker: «Batzuetan boto gutxi batzuk erabakigarriak dira. Obamaren kasuan, zortzi urte egin zituen agintean, eta, ondorioz, duela lau urteko bozetan demokraten babesak behera egin zuen; ez zen asko izan, baina nahikoa Clinton Etxe Zurira ez iristeko».
«2016an gertatutakoak erakusten du Etxe Zurian agintzen duen alderdia zigortzeko joera dagoela»
David Mayhew. Zientzia Politikoetako irakaslea
Aurten aurkako joera da nagusi, baina osasun krisiak eta ekonomiaren gainbeherak indartuta. Estatu gehienetan hautesle gehiago erregistratu dituzte demokratek errepublikanoek baino. Iowan, esaterako, %20 gehiago dira erregistratutako demokratak errepublikanoak baino. Egoera horrek Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako bozetara aurkezten diren hautagaiei ere eragiten die. Montanan, esaterako, Senaturako hautagai demokrata zortzi puntu atzetik zihoan martxoan, eta bostera murriztu zuen aldea ekain amaierarako.
Errepublikanoak Floridan bezala, demokratak ezohiko ahalegina egiten ari dira Horma Gorria deritzoten estatuetan —normalean errepublikanoen alde egin ohi duten horietan—. «Duela lau urteko bozetara itzulita, boto guztiak kontuan hartuta, eskuineko hautagaien aldekoak [Evan McMullin eta Gary Johnson independenteak, eta Trump bera] milioi bat gehiago izan ziren, ezkerreko joerakoen aldekoak baino [Jill Stein independentea eta Clinton]. Horrek erakusten du Etxe Zurian agintzen duen alderdia zigortzeko joera dagoela», azaldu du politologoak. Joera hori alde dute orain demokratek, eta azken hilabeteetako gertaerek indartu egin dute. George Floyd afro-amerikarraren hilketaren aurretik, esaterako, hautesle beltzen %35ek zuten demokraten aldeko jarrera argia. Protestak lehertu ostean, ordea, %47 ziren.
Kamala Harris presidenteordegai izateak ere erakarriko ditu afro-amerikar eta gazteen botoak 55 urterekin, Alderdi Demokratako zuzendaritzako kiderik gazteena izango da. «Obamaren sokako hautagaia da Harris, eta hark bultzatuta hartu du Bidenek fiskal ohia bidelagun. Moderatua izanik ere, Sandersen gertukoak erakartzeko gaitasuna du. Bestetik, ezin dugu ahaztu demokraten programa handinahia dela; pisu handiko proposamenak egin dituzte alor askotan: immigrazioa, eta justizia, besteak beste, eta hitzeman dute ahalegina egingo dutela gizarte arrakalak amaitzeko», nabarmendu du Mayhewk.
Bidenen agerraldi bat. ETIENNE LAURENT / EFE
Boto zuria
Azken urteetako joerek erakusten dute emakumeek demokraten alde bozkatu ohi dutela, besteak beste, genero arteko arrakala dela eta. Baina baieztapen horretan bada ñabardura garrantzitsu bat; izan ere, emakume afro-amerikarrak dira demokraten sostengurik handiena. Emakume zurien kasuan, errepublikanoak dira gehienbat. Duela lau urte gertatutakoak argi erakusten du joera. Emakume beltzen gehiengoak Clinton babestu zuen, taldeak hautagai afro-amerikarrik aurkeztu ez arren; aldiz, emakume zurien ia erdiek Trumpen alde egin zuten. Lehen aldiz emakumezko presidentegai bat egon arren, generoa ez zen aski izan botoa aldatzeko.
Baina pandemiaren kudeaketak hautesle zurien irizpidea alda dezake. Floridan, koronabirus kasu gehien dituzten estatuetan bigarrenean, emakume zurien %60k egin zuten Trumpen alde 2016an, eta berdin Ipar Karolinan ere. Baina, aldi berean, inkestek erakusten dute osasunaren gaiak asko kezkatzen dituela emakume zuriak, eta agintean den alderdiak azken asteetan hartutako erabakiek eragina izan dutela haien ikuspegian. Obamacare sistemaren aurkako Trumpen kanpainak, esaterako, adineko emakume zuriak demokratengana gerturatu ditu. Horiez gain, unibertsitate ikasketarik gabeko emakume zurien artean egindako inkestek ere errepublikanoengandik urruntzen ari direla erakusten dute.
«Obamaren sokakoa da Harris; moderatua izanik ere, Sandersen gertukoak erakartzeko gaitasuna du»
David Mayhew. Zientzia Politikoetako irakaslea
Emakumeen kasuan bezala, adineko zurienean ere indarrak galduz doa hautagaitza errepublikanoa. Siena galdeketa etxeak egindako azterketaren arabera, 65 urtetik gorako bost hautesle zuritik bik ez dute onargarritzat jotzen Trumpek egindako pandemiaren kudeaketa, eta ezta Floyden hilketaren osteko protestekin agertutako jarrera ere. Democracy Fund Voter ikerketa etxeko zuzendari Robert Griffinen esanetan, adineko zuriak errepublikanoengandik urruntzen ari dira udaz geroztik. «Trumpek oinarrian zera esan die adinekoei: hil zaitezte; negozioak zabaltzea garrantzitsuagoa da», azaldu du Joe Disanok, demokraten kanpainako kide batek.
Iritzi aldaketa horren adibide da 84 urteko Bob Plous, Arizonako herritarra: «Zerbait benetan magikoak gertatu behar du berriz Trumpen alde bozkatzeko. Duela lau urte Trumpen alde bozkatu nuen, Hillaryren aurka nengoelako. Banekien gustuko ez nituen gauzak egingo zituela, baina, hala ere, uste nuen Hillary baino aukera hobea izango zela».
«Zer eskaintzen die Alderdi Errepublikanoak hautesleei? Euren betiko politikekin jarraitzea, eta horrekin bakarrik zail izango dute presidentetzarako hauteskundeak irabaztea. Kontuan izanik Trumpek osasun krisiarekin izandako jarrerak kritika zaparrada eragin duela, zerbait gehiago beharko dute Etxe Zurira itzultzeko», ondorioztatu du Mayhewk.