Emakumeen egoera

Emakume izatea Hondurasen

Margarita Murilloren hilketaren kasua artxibatu dutenez, beste instantzia batzuetara jotzea erabaki du emakume talde batek. 2012tik gertatutako 6.111 feminizidioetatik %10 baino ez dituzte ikertu.

Emakumeen Bizitzarako Foroak eta ERIC Hausnarketarako, Ikerketarako eta Komunikaziorako Taldeak estatuaren inpunitatea salatu dute. Kartelean, Margarita Murillo ekintzailea. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
2018ko azaroaren 21a
12:43
Entzun

Margarita Murillo soroan lanean ari zela hil zuten. Cortesko El Planton Villanueva baserrian ari zen haziak landatzen tirokatu zutenean (Honduras). 2014ko abuztuaren 27a zen. Lau urteren ondoren, haren auzia artxibatuta dago. Emakumeen Bizitzarako Foroak eta ERIC Hausnarketarako, Ikerketarako eta Komunikaziorako Taldeak aste honetan bertan aurreratu dute estatuaren inpunitatea dela eta beste instantzia batzuetara joko dutela. «Giza Eskubideen Amerika Arteko Erakundera joko dugu. Hondurasen ez dugu aurkituko Margaritarentzako justizia. Urte hauetan guztietan ez da ezer aurreratu. Txostena ikusten ere ez digute utzi».

San Pedro Sula hirian egindako prentsaurrekoaren bidez jakinarazi du albistea Emakumeen Bizitzarako Foroak. Carolina Sierra presidenteak aurreratu du kanpaina bat abiatuko dutela, abenduaren 10ean, gobernuari presioa egiteko, eta, erantzunik izan ezean, datorren urtean joko dutela nazioarteko instantzietara babes eta justizia bila. Hondurasen emakumea eta giza eskubideen ekintzailea izatea heriotza ekar dezakeen konbinazioa da.

Margarita Murillo lider bat zen bere komunitatean, eta haren oihartzuna herrialde osora zabaldu zen. 12 urterekin hasi zen injustizien aurka ahotsa altxatzen eta nekazarien eskubideak aldarrikatzen. Haren legatua bizirik dago oraindik, haren ahotsak sustrai sakonak egin baitzituen Hondurasen. «Margaritak landatu zuen lurrak justizia oihukatzen du», esan du Sierrak.

 

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko manifestazioa, Tegucigalpa hiriburuan. / Gustavo Amador, EFE

1980ko hamarkadan, Murillo bahitu eta torturatu egin zuten. Manuel Zelaya presidentearen kontrako 2009ko estatu kolpearen aurrean ozen mintzatu zen ahots disidente horietako bat izan zen. Oposizioko Fronteko ordezkari izan zen garai horretan, eta handik bost urtera hil zuten. Sierrak argi du emakume ausarta zelako hil zutela. Murilloren alabek ere herrialdetik alde egin behar izan dutela jakinarazi du Sierrak.

Hondurasen emakume izateak dituen ondorioak jarri ditu agerian auzi honek, baina, ez da bakarra. Berta Caceresen kasuak oihartzun zabalagoa izan zuen nazioartean, eta, hala ere, epaiketa trabatzen ari dira etengabe.

Feminizidioak

Ekintzaile hitza kendu eta emakume soilik utzita ere, egoera ez da samurragoa. Astelehenean El Progreso hirian emakume baten gorpua aurkitu zuten zaborrarentzako poltsa baten barruan. Biharamunean, San Pedro Sula hirian, bi emakume hil zituzten. Urtarriletik uztailera 224 emakume hil dituzte Hondurasen.

Emakumeen Segurtasunerako eta Indarkeriaren Kontrako Behatokiak emakumeen egoeraren inguruko argazkia jasotzen duen txosten bat argitaratu du. 2012tik aurtengo abuztura arte, 6.111 feminizidio izan dira Hondurasen. «Horietatik, %10 baino ez dira ikertu, eta urte hauetan guztietan soilik hamar dira ezarritako zigorrak. Inpunitatea itzela da».

 

«Lehen, kanpainak egiten genituen indarkeria jasaten zuten emakumeek salaketak jar zitzaten, baina orain arduragabekeria litzateke hori; izan ere, estatuak ez die inolako babesik ematen emakume horiei»

Andrea Paz. Emakumeen Bizitzarako Foroko kidea

 

Andrea Paz Emakumeen Bizitzarako Foroko kidea da, eta emakumeen egoera zeinen gogorra den azaldu du: «Alor guztietan urratzen dira emakumeen eskubideak. Gobernuak nahiago du armak erosi, hezkuntzan edo osasunean inbertitu baino». Emakumeen kontrako indarkeria oso errotuta dagoen praktika da Hondurasen. Iaz 437 feminizidio izan ziren. Emakumeen kalteberatasun egoeraz ohartarazi du Pazek: «Lehen, kanpainak egiten genituen indarkeria jasaten zuten emakumeek salaketak jar zitzaten, baina orain arduragabekeria litzateke hori; izan ere, estatuak ez die inolako babesik ematen emakume horiei. Alde egitea da daukaten aukera bakarra».

Yeni Carolina Ferrera salaketa jartzeko urratsa egin zuen emakume bakan horietako bat izan zen. Los Laureles herrixkakoa zen, eta bi alaba zituen. Lau salaketa jarri zituen senarrak jo egiten zuelako: «Ez dit etxetik ateratzen uzten, jeloskorra da, eta arazoak ditu alkoholarekin. Beldurrez nago beti», adierazi zion epaileari. Senarrak 2016ko martxoaren 26an hil zuen 34 urteko emakumea, beren alaben aurrean. Oscar Humberto Velasquez, berriz, botere egiturekin harremana duen enpresaria, libre dago.

Ferrerak 19 urte zituen ezkondu zenean. Oso ohikoa da neska gazteak, 12 eta 13 urtekoak tartean, haurdun geratzea. Gizonek haurdun uzten dituzte, eta desagertu egiten dira. Claudia Pinto Foroko kideak azaldu du narkotrafikatzaileak eta mara taldeetako kideak direla askotan, eta, neska bat begitan hartzen badute, hark alde egin beste aukerarik ez duela: «Ama askok alabak hartu eta kanpora jo behar dute, hori baita babesteko modu bakarra. Narkotrafikatzaileek eta marek droga pasatzeko fitxatzen dituzten semeekin ere alde egiten dute maiz».

 

Berta Caceresen omenezko aldare bat. / Kristina Berasain Tristan

Abortua zigortua dago. Baita haurdun ez geratzeko biharamuneko pilula ere. Eskoletan egiten diren kanpainak hutsalak dira. Pintok azaldu duenez, elizaren aholkularitzarekin idazten dira programa horien edukiak. Haurrak jainkoaren eskuzabaltasunaren ondorio dira, programa horien edukien arabera.

Maquiletako langileak

Indarkeriatik haratago, baina, emakumeen egoera alor guztietan da makurra. Carla Castro Hondurasko Ikerketa Independenteen Taldeko kidea da. Emakumeek lanaren alorrean bizi dituzten baldintzen inguruko txosten bat argitaratu berri du erakundeak. San Pedro Sula, Choloma, Villanueva eta El Progreso hirietan 347 maquila edo lantegi daude, eta horietan guztietan 147.000 lagun ari dira lanean; %55, emakumeak. «Gero eta handiagoa da sektore honetan lan egiten duten emakumeen kopurua, eta lan baldintzen egoera izugarria da», zehaztu du Castrok. 07:00etatik 19:00etara lan egiten dutenek hilean 7.695 lempira jasotzen dituzte, 327 dolar inguru. Oinarrizko erosgaiek —30 elikagaiz osatuta dago— 15.300 lempira balio dute Hondurasen. «Horrela ulertzen da nola hilabetero alde egiten duten herritarrek hemendik, horrela ulertzen da iheslarien exodoa. Bizirik irautea zaila da hemen», esan du Castrok.

Etxeko lanetan aritzen diren emakumeen egoera ere latza da; soldata, miserablea: 1.500 -3.500 lempira. Badira, ordea, egoera makurragoan ari direnak; hain zuzen, meloiak, izkirak eta okra landarea jasotzen aritzen direnak. 03:00etan hasten dira lanean, eta 20:00etan amaitzen dute lanaldia. Genero indarkeriaren biktima izan ohi dira, gainera.

 

Halere, borrokarako prest daude

Berta Caceres ekintzailearen hilketaren epaiketa bukatzear dago. Abokatuak esan du ez dituztela «benetako ekintzaileak» zigortuko. Hildakoaren alabak ekintzen «inpunitatea» salatu du.

Omar Menjivarren hitzetan, «bukatzear» dago Berta Caceres giza eskubideen eta indigenen eskubideen aldeko ekintzailearen hilketaren epaiketa. 2016ko martxoaren 3an hil zuten, eta, hainbat atzerapenen ondoren, urriaren amaiera aldera abiatu zuten berriz ustezko zortzi errudunen kontrako epaiketa —horietako bost kartzelan daude, behin-behinean—, Hondurasko Auzitegi Gorenean. Amaitzear dagoela dio akusazioaren abokatuak, baina orain arte prozesutik «ondorio bat» atera dutela dio: «Hilketaren egileak zigortuko dituzte, baina haiei norbaitek eman zien tiro egiteko agindua, eta horiek dira benetako erantzuleak». Abokatuaren ustez, prozesua «irregulartasunez eta arbitrariotasunez betea» egon da. «Abokatuoi informazioa ukatu zaigu. Sekretismoz aritu dira hasieratik bukaerara, eta ez dugu behar bezalako epaiketa bat egiteko baldintzarik izan».

Berta Caceres zenaren alaba da Berta Zuñiga Caceres, eta amaren lekukoa hartu du Copinh Indigenen Herri Erakundeetako Kontseiluko koordinatzaile gisa. Lenca indigenen eskubideak babestea du xede erakunde horrek.

Epaileek izandako jarrera kritikatu du Zuñiga Caceresek: «Epaileek ez dute biktimekin hitz egin nahi izan. Lenca herriari ez dio ahotsik eman epaiketan. Gure borroka deslegitimatu nahi dute. Lenca komunitateen lurrak defendatzen ari gara, eta orain esaten dute erakunde kriminal bat garela».

 

Omar Menjivar akusazioko abokatua eta Berta Caceres Zuñiga hildako ekintzailearen alaba. /Kristina Berasain Tristan

Ebazpenari dagokionez, ezkorra da Menjivar, iruditzen baitzaio epaia «aurretik» dagoela erabakita: «Benetako erantzuleak akusatu gabe ari dira egiten epaiketa. Agua Zarcas-eko proiektuarekin lotura duten pertsonak dira erantzuleak». Eta Caceres, hain zuzen, proiektuaren aurka altxatu zen. «Horregatik hil zuten». Abokatuarentzat, erantzuleak «identifikatuta» daude, baina Ministerio Publikoak babestu egiten ditu. Kartzelan daudenak «militarrak eta sikarioak» dira. «Egile intelektualak», ordea, beste batzuk dira. «Boterearekin harreman zuzena duten enpresariak dira erantzuleak, eta libre daude. Hondurasko familia boteretsuenetako bat dago inplikatuta».

Zuñiga Caceresek ondo gogoan dauka bere amak sufritu zuena: «Sistematikoki eraso zioten. Bi urtez aritu ziren bera mehatxatzen eta sabotatzen, eta bera isilarazteko helburua zuten. Eraso kate baten azken ekintza izan zen hilketa». Abokatuak azaldu du «legez kontrako elkarte bat» egin zutela militarrek, poliziek eta politikariek, «azpiegitura kriminal bat» egituratzeko asmoarekin.«Politikari sare hori alkateetatik hasi eta presidentetzako ordezkarietaraino iristen da. Berta hil aurretik ere bi urtez egon zen aktibo azpiegitura hori».

Nazioartean izan du oihartzuna Caceresen auziak, eta, Menjivarren irudiko, «berme hori» dute. «Gobernuak nolabaiteko presioa sentitzen du, eta, beste indigena askoren hilketekin gertatzen ez den bezala, Caceresenarekin, behintzat, prozesu judizial bat jarri da abian. Gehienetan ez da horrela gertatzen».

 

Hondurasko Unibertsitate Autonomoko ikasleak Berta Caceresen irudi bat eskuetan dutela, haren hilketa salatzeko manifestazioan. / Gustavo Amador, EFE

Inpunitatea

Latinoamerikan gisa horretako hilketetan dagoen «inpunitatea» du hizpide Copinh-eko koordinatzaileek. «Erantzuleek badakite ez dituztela prozesatuko, inoiz ez dela zigorrik egongo». Abokatuaren iritziz, «epaiketa justu bat» egiteko borondate falta dago. «Atzerapen ugari egon dira, eta guk aurkeztutako helegiteei leporatu diete atzerapena».

Ez dira fio Hondurasko justiziaz, eta epaiaren ondoren ere borrokan jarraituko dute, beste instantzia batzuetara joko dute, nahiz eta, ikusitakoak ikusita, Zuñiga Caceresek ondotxo dakien arren «normalena» litzatekeela «amore ematea». «Epaiketa honen epaiaren ondoren ez da ezer bukatuko, justizia bila jarraituko dugu». Amaren borroka, gainera, bere egin du alabak, eta «komunitate indigenen ibai, mendi eta lur libreak defendatzen» jarraituko du: amak zituen itxaropenekiko «betebehar moral eta etiko bat» duelako, baina baita bere uste osoagatik ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.