Hauteskunde bezperakoaren gisako telebista eztabaidan baleude, «arduragabe anderea, ezin al duzue onartu sanferminik ez dela eta urte batean ez ospatzeagatik ez dela ezer pasatuko?», esanen lioke kuadrillakide batek ondoko atrileko kuadrillakideari, eta publiko arteko txalo batzuk piztu, eta «oi jaun arduratsu gorena», erantzuten hasiko litzateke bestea, «zergatik eskatzen zaigu ardura inolako kalterik eragin gabe etxe batean bazkaritxo xume bat egin nahi dugun lagun gutxi batzuoi, baina bidaltzen gaituzte saldoka astelehenero fabriketara, elkar kutsatu dezagun», eta, ziurrenik, are txalo gehiago piztu. Hirugarren atrilekoak, kanpotik etorria ziurrena, urte batzuk hirian eman eta Aranzadiko txartela, Villlavesarako bonua eta Zaldiko Maldikoko bazkidetza izanagatik oraindik iruindartasun karneta eskuratu gabea bera, esango luke, erdi ironiaz erdi kritikan, «eske klaro, nola baduzuen zerbait ez dizuena uzten uztailaren 6a egun normal bat balitz bezala bizitzen...», eta orduan, txalorako denborarik gabe, programa etengo luke aurkezleak, azken orduko albiste bat emateko, eta irudiak gailenduko litzaizkioke ahotsari segituan.
Eta irudietan, demagun, txokolatetan blai egindako txurroak airean, Cafe Iruñako terrazako aulkiak eta mahaiak lurrera erortzen, eta adineko andre batzuk estropezuka handik ihes egin nahian, izua aurpegian, elkarri gerriko gorriak zapalduz. Edota La Perlako botonesa zigarroaren kearekin itota, kearekin sustoa ere batera irentsita, goizeko karajilloari Soberano gehiegi bota ote dioten, ala Txapitelatik gora iskina hartu eta Gazteluko plazan barrena lasterka doan hori benetan elefante bat ote den ezin sinetsita. Eta gero, bestondo aurpegiko erreportari bat, eguzkipean kiskaltzen, albo batean Hipermercado Eroski Iruña letra handiko eraikina duela, eta atzean karpa handi bat, Circo Universal dakarrena, eta errotulu batzuk pantailan aldetik aldera, «elefante batek ihes egin du sanferminetako zirkutik», eta ezkerretik desagertzean eskuinetik berriro lerroburu bera, «elefante batek ihes egin du sanferminetako zirkutik». Eta zirkuko albaitaria omen dena ondoren, kezka handirik gabe aurpegian egia esan, piztiek egunero ihes egingo balute bezala bere zirkutik, eta iradokiz, izatekotan, landa aldera egin beharrean elefanteak hirirantz egin izana dela denean bitxiena.
Merkadereserantz begira ari da, eta handik ikusi du sartzen tamaina handiko zera gris bat, eta jendea espantuka eta zirimolan, eta algara eta oihu zehaztugabe batzuk hasieran, eta geroz eta hitz argiago bat denen ahotan, «elefante bat, elefante bat»
Moskovitaz beteriko platera dabil eskutik eskura Jarauta 69 txarangako musikarien artean, arnasa hartzeko etenaldia egin dutenean. Merkadereserantz begira ari da haietako bat, handik agertu ohi da urtero beste hura, sekula hitzik trukatu gabea, baina txarangaren fidela betiere. Aurten ere etorriko ote den galdetzen dio bere buruari; ez du gehiegi behar, nahikoa hura dantzan ikustea berak pieza berri bat jotzen duen aldiro. Pentsatu nahi du, egunetara, are hilabeteetara, auskalo zer irratitan auskalo zer tabernatan nota horiek entzuterakoan berarekin gogoratuko dela, txarangarekin, eta nahikoa zaio hori irribarre bat pizteko. Merkadereserantz begira ari da, eta handik ikusi du sartzen tamaina handiko zera gris bat, eta jendea espantuka eta zirimolan, eta algara eta oihu zehaztugabe batzuk hasieran, eta geroz eta hitz argiago bat denen ahotan, «elefante bat, elefante bat».
Umea hanka-lepotan daramala egiten du ama gazteak kaleetan aurrera, eguzkiak itsutu egiten du ingurukoen arropa zuri aratzetan, eta tarteka gurutzatzen dituen ezagunek «zer, erraldoietara?» galdetzerakoan, denei egiten die buruarekin keinua gora, bere gaineko umea seinalatuz, «badakizu, umeak» esan nahiko balu bezala, egiatan bera denean erraldoiak ikusi nahi dituena, berari auskalo zer mugitzen zaiolako oraindik ere barrenean, kale urrutian Europako erregea segizioa irekitzen ikusten duenean. Baina errege bat ez, konturatu orduko animalia erraldoi bat da gerturatzen ikusi duena, eta umea besoetan hartu eta paretaren kontra bermatzeko astirik baino ez du izan, negar garrasika hasita, ez dena den kilikiak ikusita egingo lukeen negarrarengandik oso diferente.
Mahaiaren alde batetik hasi, eta paperezko mahai-oihalaren biribilkiari punta banatik helduta ari dira bi lagun papera egurrezko oholean barna hedatzen, jarri dezan hirugarren batek lapikoa gainean: urdaiazpikoa tomatearekin. Ohitu dira kuadrillan goiztiarrenak izatera; oraindik itxaron beharko dute tarte batez gainerakoak ohetik altxatu eta kalera hamaiketakoa hartzera jaitsi daitezen. Urdaiazpikoak lurrean bukatuko du dena den, eta tomatea inguru guztian zipriztinka, kolpean altxatu behar izan dutelako hiru gazteek mahaitik, inguruko guztia botaz eta aurreko gaueko komeriak elkarri kontatzeko aukerarik gabe, eta pentsatuta edozer ikusi litekeela Iruñean sanferminetan, edozer, baina joder, ez elefante bat.
Gero, txandak antolatu dituzte, bost minutukoak denak, jendeak lehen lerroan tokia hartu eta gertutik ikusi dezan animalia, kioskoaren bueltan itzulinguruka, iluntzeroko larrain-dantzaren parte balitz bezala, geroz eta nekatuago itxura batean
Segundo gutxitan ez dago beste gairik hiri zaharreko karriketan. Alkateak bandoa atera du. Prentsaurrekorako astirik ez da, eta sare sozialetan zabaldu nahiko luke, baina sare soziala kalean da sanferminetan, eta ez du gehiegi axola alkateak zer dioen. Ardura eskatzen aritu da, izan dadila herria konponbidearen parte eta ez arazoarena, sartu daitezela denak etxean, eta ez daitezela joan tropelean elefantearengana. Baina tropelean doaz denak elefantearengana, hasierako izua behin baretuta inork ez baitu ikuskizuna galdu nahi. Pankartak bilduta peñak, musikariak tresnak besapean, kuadrilla osoak tabernako barran tragoa utzita, giza errekak doaz Gazteluko plazarantz, nork lehenago animalia ikusiko.
Hasieran, bidea mozteko ahalegina egin dute udaltzainek, baina gainezka pasa zaie jende uholdea, eta etsiturik, irtenbide berrien bila aritu da udalean osatutako krisi kabinetea. Azkenerako, Aldaz-eko zurginak deitu dituzte beharrerako, eta han aritu dira entzierroaren ibilbideko hesiak bere tokitik ateratzen, zutoin eta oholtzarrak, eta bizkarrean hartuta eraman dituzte Gazteluko plazako perimetrorantz. Laster batu zaizkie zuriz jantzitako mutiko eta neskatoak, auzolan inprobisatuan, eta uste baino lehenago eratu dute hesi berri bat plazarako sarbide denetan, Estafetarako eskaileretan zein San Nikolaserakoetan, Sarasate eta Karlos III.ko hasieran eta Espoz y Minan, eta Txapitelako izkinean ere bai, zigarro berri bat pizten ari delarik, ingurukoari so, La Perlako botonesa. Gero, txandak antolatu dituzte, bost minutukoak denak, jendeak lehen lerroan tokia hartu eta gertutik ikusi dezan animalia, kioskoaren bueltan itzulinguruka, iluntzeroko larrain-dantzaren parte balitz bezala, geroz eta nekatuago itxura batean.
Azkenean, buelta eta buelta, txanda eta txanda, joan dira orduak, eta are egunak. Konturatzerako, ez da aditzen musikarik Iruñeko kaleetan. Plazaren inguruan, balkoirik onenetan, set-ak kokatu dituzte komunikabide ugarik egunak aurrera joan ahala. Fokuak eta tripodeak muntatu dituzte, eta han aritzen dira zuzeneko jarraipenean, elefanteari begira, orduak joan eta orduak etorri. Konexioa bukatuta, publizitate korte bat sartu dute telebistan, eta ostera itzuli dira platora, hauteskunde bezperako eztabaida bailitzan kalakan ari diren kuadrillakideengana, hain justu horietako batek erretolikari ekin dionean, esanez «zer zentzu du ezer ospatzeak, ez baita benetako sanferminik izanen, ez erraldoi, ez txaranga eta ez hamaiketakorik, denak egonen baitzarete beste zerbaitera adi, beste zerbaitek lotuta, festaz ahaztuta eta pandemiari begira, Gazteluko plazako kioskoaren inguruan elefante bat bueltaka jarriko balizuete bezala».