'Egunero hasten delako'

'Egunero hasten delako' (Ramon Saizarbitoria, 1969)

'Elsa Scheelen' eta 'Egunero hasten delako' nobelak 1969an eman zituzten argitara. Euskal nobelagintza modernoko lehen andre protagonistak dira Elsa, lehenean, eta Gisele, bigarrenean. Eta gai tabu bana plazaratu zuten: dibortzioa lehenak; abortua bigarrenak. Hau da bigarren lan horren historia.

'Egunero hasten delako'-ren lehen edizioko azaleko irudiaren moldaketa bat. BERRIA-KO DISEINU TALDEA
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abuztuaren 28a
16:16
Entzun

Ramon Saizarbitoria Zabaletaren (Donostia, 1944) lehendabiziko liburua da Egunero hasten delako. «Idatzi nuen ikusten nuelako nire inguruan idazten zenak eta argitaratuta zegoenak ez zuela nire mundurik islatzen. Orduan iruditu zitzaidan idatz nezakeela zerbait, ez literatura ona, baina bai nire kideko gazte euskaldunentzat egokia izan zitekeen zerbait. Eta idatzi egin nuen, baina ez idazle sentitzen nintzelako, euskaraz existitzen ez zen zerbait sortzeko baizik», idazlearen beraren hitzetan. Abortatzen duen neska gazte baten —Gisele Sergier du izena— ibilbidea azaldu zuen, bada, euskaraz. Abortuaren aldeko jarrera argia erakutsiz, «esplizitua, zuzena eta ausarta, lotsagabea garai hartarako», behin baino gehiagotan nabarmendu izan duenez. «Horregatik iruditzen zait —zentsura gaietan adituek nahi dutena esango badute ere— gazteleraz idatzia izan balitz ez zuela 1969an argia hain erraz ikusiko».

Barne bakarrizketa, elkarrizketa biziak, elipsia eta flashbacka erabili zituen Saizarbitoriak bere opera prima horretan. Friburgoko unibertsitatean (Suitza) ikasten ari zela idatzi zuen, eta idazten noiz hasi zuen ez, baina lehen idazketa noiz bukatu zuen jakinekoa da, liburuaren beraren azken lerroan ageri baita: «Friburgon, 1968ko apirilaren 25ean».

Egunero hasten delako
'Egunero hasten delako'-ren lehen edizioko azaleko irudiaren moldaketa bat. / BERRIA-KO DISEINU TALDEA

Jakinekoa da, era berean, koaderno batean eskuz idatzi eta Ibon Sarasola lagunari bidali ziola Saizarbitoriak, Donostiako Mandasko Dukearen kaleko haren etxera. Buzoian jaso, irakurri, eta gustatu egin zitzaionez, argitaratzeko modukoa iritzi zion Sarasolak. Baita argitaratu ere. Lur argitaletxe sortu berrian —Saizarbitoria eta Sarasola sortzaileen artean zeuden—, 1969ko azaroan. Hainbat zuzenketa egin ostean.

Egileak ez omen zuen espero lan hura euskal nobelagintza modernoaren mugarri —eta idazle jardun luze baten abiapuntu— bilakatuko zenik. Soziologia ikastera joana zen Friburgora —horixe izan zuen lan arloa urte luzez—, Donostia, Zeruko Argia aldizkarian argitaratutako artikuluak eta Jarrai antzerki taldeko aktore jardunak atzean utzita, besteak beste. Zeruko Argia-n, 1965 eta 1968 artean iraun zuen Gazte naiz atala gidatu zuen. Baita polemika iturri izan ziren hainbat artikulu idatzi ere. Rikardo Arregiren bitartez hasi zen idazten Saizarbitoria aldizkari horretan. Euzko Gazteditik ezagutzen zuten elkar.

Jarrairen bitartez, berriz, Gabriel Aresti ezagutu zuen. Beste Mundukoak eta zoro bat obra idatzi zuen Arestik Jarrairentzat; 1965ean estreinatu zuten, eta horren harira ezagutu zuten elkar. Ezagutza horren bitartez lotu ziren idazle bion ibilbideak, Lur-en elkarrekin lan egiteraino.

Egunero hasten delako, gizon berritsua

Egunero hasten delako, azala
Lehen edizioaren azala. EGUNERO HASTEN DELAKO

 

AZALA

Alberto Corazonek (Madril, 1942) diseinatu zuen Egunero hasten delako-ren azala, Lur argitaletxeko gainerakoenak bezalaxe. Eliza katolikoak 1933an kanonizatu zuen Bernadette Soubirousen aurpegia aukeratu zuen artistak azalerako. Ez Saizarbitoria ez Lur argitaletxeko beste inor ez zen konturatu abortuaren aldeko alegatu hartan Lourdesen amabirjina ikusi omen zuen santututako neskatxaren aurpegia ageri zela. Jose Artetxe idazlea bai, baina. Katolikoa oso, Francoren alde gerran aritua, Donostian Probintziako Diputazioko Biblioteka esaten zitzaionaren zuzendaria zen. Liburutegia jendez betea zela egin zion agiraka behin Saizarbitoriari, euskaraz: «Barkamena eskatu behar diozu Euskal Herriari belauniko!».

MAMIA

Alain Miller, Alfrez Fontanaz eta Baptiste Rossier. Hiru ginekologo. Hirurengana doa Gisele; hirurek haragiztatzen dituzte abortuarekiko politika publiko nagusiak: debekua, epekako legea eta balizko kasuaren araberakoa. Nobela argitara atera zenean, izan ere, jaiotzen kontrolerako neurrien eta emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak indarra hartzen hasiak ziren, eta abortua legeztatzeko eskaera gero eta ozenago entzuten zen Mendebalde osoan —Erresuma Batuan, SESBen eta Kuban legezkoa zen, besteak beste—. Euskal Herrian erabat debekatuta eta zigortuta zegoen abortatzea. Antisorgailuak erabiltzea bera ere bai, Francoren erregimen nazional-katolikoaren menpeko herrialdeetan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, baimenduta zeuden 1967tik, Frantziako Neuwirth Legearen ondorioz. Egunero hasten delako-n, Le Temps aldizkariko artikulu batekin ematen du legez kanpoko abortuen neurri bat Saizarbitoriak: Deux cadavres de femmes avortées arrivent par semaine a l'Institut Médico-legal de Paris, du izenburua. Astero bi emakume hilotz Parisen, alegia, abortatzeagatik. Eta ez zen Parisen bakarrik gertatzen.

ZENTSURARIK GABE

Duela mende erdi, zentsuraren zilindroaren pasadak bi motatakoak izan zitezkeen: liburua argitaratu aurrekoa bata; argitaratu ostekoa bestea. Lehen motakoaren kasuan, testua zentsoreen esku uzten zen, haien baimena eskuratzeko helburuarekin. Baimen hori lortzeko bidean, zenbaitetan, jatorrizko testua kimatu egin behar izaten zuten idazleek. Argitaratu osteko zentsurak liburu baten ale guztien bahiketa ekar zezakeenez, Egunero hasten delako Antonio Arrueri erakustea proposatu zion Gabriel Arestik Ramon Saizarbitoriari. Arrue politikari karlista ezaguna zen, eta itzalekoa zentsore frankisten artean. Argitaratzeko baimen eske garai hartako Turismo eta Informazioko delegatuarengana joateko esan zion Arruek idazle gazteari; testua argitaratzeko eragozpenik ez zuela ikusten esateko baimena eman ere bai. Turismo eta Informazio delegatua Felipe Ugarte zen, urte hartan bertan Donostiako alkate izendatuko zuten gizona. Argitarapen baimena eman zion liburuari.

Giseleren bidaia.

Durkheimgo geltoki ilunetik abiatzen da nobela. Bertan da protagonista nagusia, Gisele Sergier. 22 urte, kirrua, begi urdinak, luzea eta mehea. «Neska bat eserita maleta batekin, geltokian, jende artean. Bakarrik». Filosofia ikasten ari da Durkheimgo unibertsitatean. Haurdun dago. Bi hilabeteko. Nobelan zehar, Durkheimdik Riemmeserako txartela erostera zerk eraman duen kontatzen da, hari kronologikorik gabe; baita Reimmsen abortatzeko urratsak ere.

DURKHEIM- RIEMMES

1.- Maurice. Giseleren ikaskidea unibertsitatean. Arraunlaria. Desio duen neska lortu arte amore ematen ez duena. Eta behin neskarekin oheratu ondoren, harekiko interesa erabat galtzen duena.

2.- Lehen koitoa. Mauricerekin. «Atzo birjintasuna nuen, gaur ez..., eta, hala ere, Gisèle naiz..., ez naiz aldatu».

3.- Berthe. Giseleren laguna. Birjina. Mutil-laguna du. «Nik ez dut birjintasunik entregatzeko. Erregalatu egin nuen. Badakizu? Erregalatu! Eta maiteko dudan gizonari non, noiz eta nola begiratu gabe, ene gorputza eskainiko diot, eta ez nuke nahi eskainiko diodan gauzarik hoberena hori izatea!», diotso Giselek.

4.- Haurdunaldia. Otsailaren 25ean onartzen dio Giselek bere buruari haurdun dagoela. Abortatzea erabaki du. Eta Mauriceri ezer ez esatea. «Haurdun egoteak ez ditu gauzak aldatzen. Ohe batek ez ditu bi pertsona batzen».

5.- Alain Miller. Ginekologoa. 50 urte inguruko gizon txiki burusoila. Traje grisarekin beti. Katolikoa eta kontserbadorea. Zazpi seme-alaba ditu. Pilula antisorgailuek emakumeak minbizia izateko arriskua areagotzen dutela errepikatu ohi du hitzaldietan, kontsultan eta ahal duen guztietan. Pixaren test berritzailea egiten dio Giseleri, eta haurdun dagoela baieztatu. Giseleri abortatzen laguntzeko aukera erabat baztertzen du.

6.- Jean-Louis. Mauriceren laguna. Maitasuna eta sexua bereizi egiten ditu. Neskekin ongi pasatzea gustatzen zaio, «baina engainatu gabe». Badaki non eta nola abortatzen duen jendeak. Berak aholkatuko dio Giseleri Riemmesera joatea, abortatzea han legala delako. Abortsone pilula non lor dezakeen ere berak esan dio, eta berak lagundu dio batera eta bestera.

7.- 'Abortsone'. Abortatzeko zortzi pilula hartu ditu Giselek azken egunetan. Beranduegi, baina. Abortatu beste aukerarik ez du.

DURKHEIM -RIEMMES

1.- Alfred Fontanaz. Ginekologoa. 60 urte. Traje grisa edo urdina beti. Riemmeseko alkate ohia. Protestantea. Zortzi seme-alaba ditu. «propaganda egiteko», esan ohi duenez. Ez dio Giseleri lagundu nahi.

2.- Baptiste Rossier. 44 urte. Sport janzkera. Lau seme-alabaren aita. Publikoki esana du ez diola pilula ukatzen 18 urteko neskato bati, adin horretako neskak haur bat izateak hondatzen dituelako gehien. Haurdunaldi Eteteen Batzorde Bulegoaren baimena lortzeko bidea erraztu, eta berak egingo dio abortu ebakuntza Giseleri.

3.- 207 zenbakia. Riemmesen, ospitalean, Giseleri egokitu zaion ohea. Hirugarren solairuko hamargarren gelan. Ebakuntza gelan, Rossier doktoreak bere lana bukatu duenean, «apenas zentimetro bateko gauzatxo bat zen» diotso.

 

Bihar: Nola irakurri zituzten nobelok Euskal Herrian?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.