Koronabirusa

Hegoaldeak beste 28 kutsaturekin abiatu du «normaltasun berria»

Nafarroa iparraldean eta Iruñerrian 21 kasu atzeman dituzte. Murgak adierazi du Orioko kasuak kontrolatzen ari direla, eta 50 PRC proba egin dituztela. Gobernuek erantzukizuna eskatu dute

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria, atzean Maria Txibite Nafarroako lehendakaria duela, atzo, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
<i>Gasteiz</i>
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herria «normaltasun berrian» barneratuta dago jadanik, baina orain hilabetez geroztik ez da hainbeste kasu positibo zenbatu egun batean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, PRC probak egin ostean, 28 kasu erregistratu ziren atzo, eta maiatzaren 20tik ez da horrelako daturik jaso. Ordu hartan, 21 kasu atzeman ziren, eta hortik aurrera, oro har, koronabirusaren datuek beheranzko joera erakutsi dute. Azken eguneko datuei dagokienez, Nafarroan erregistratu dira kasu gehienak; hain zuzen, 21 izan dira. Araban eta Bizkaian hiruna kasu egon dira, eta Gipuzkoan, bakarra. Hildakoei dagokienez, bakarra egon da, eta hamahiru pertsona daude ospitaleratuta zainketa berezien unitatean.

Maria Txibite Nafarroako lehendakariak jakinarazi du Nafarroa iparraldean eta Iruñerrian atzeman direla kasuak. Gobernuak egunero ematen du lurraldeko fokuen berri, eta, hor jasotako datuak oinarri hartuta, iparraldean, ekainaren 15etik atzo arte, Doneztebeko osasun eremuan egon da hazkundea; hemeretzi kasu identifikatu dira, zehazki. Iruñerrian, berriz, Antsoain, Noain eta Zizur dira azken egunotako fokuak, hamarna kasu erregistratu baitira astebetean. Txibitek azaldu du kasu horiek «familiarteko topaketetan edo elkartze sozial batean» gertatu direla. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun sailburuak, berriz, erantsi du kasu horiek «aztertzen, identifikatzen eta bakartzen» ari direla, eta positibo eman duten gehienek ez dutela gaitzaren sintomarik.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ere adierazi du fase berri honetan egoera «zaintzen» ariko dela Jaurlaritza, eta kasuak «aztertzen, detektatzen eta bakartzen» jarraituko duela. Orioko (Gipuzkoa) egoera izan du gogoan, azken hiru egunetan sei pertsonak eman baitute positibo herri horretan. Adierazi du agerraldi horiek kontrolatzen ari direla, baina positibo horiek «familian edo kutsatuaren inguruan» jasotakoak direla, eta ez daudela merkataritza jarduera bati lotuta, aurrez zabaldu zen moduan. Haren esanetan, protokoloei jarraitu diete, eta dagoeneko 50 PRC proba egin dituzte kasu horiei lotuta, baina, oraingoz, guztiek eman dute negatibo.

Herritarren erantzukizuna

Osasun sailburuek herritarrei «arduraz jokatzeko» eskatu diete. Murgak ohartarazi duenez, pandemia hau kontrolatzeko modu bakarra «jarrera arduratsua» edukitzea da, eta, horretarako maskarak erabiltzea eta segurtasun distantzia gordetzea, besteak beste. Indurainek ere arau horiek bete beharra aipatu du, eta «erantzukizun indibiduala eta kolektiboa» jarri ditu oinarrian: «Egoera ahul batean gaude, eta denok ari gara lanean, kontzientziatzen eta detekzio goiztiarra egiten. Oso garrantzitsua da pasatu dugun guztia ez ahaztea eta guztion artean erantzukizun horri heltzea».

Sanferminak bertan behera gelditu dira, baina egun horietan izan beharreko jarreraz ere gogoeta egin du Indurainek. Haren ustez, jendea pilatzea eragin dezaketen ekintzak saihestu egin behar dira, eta arriskurik ez egoteko eran erlazionatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.