Abendutik hona, 900.000 herritarrek utzi behar izan dute etxea Siria ipar-mendebaldean, eta hamarretik zortzi emakumezkoak eta haurrak dira: «Gerra hasi zenetik izan den desplazatu krisirik handiena da», esan du Michelle Bacheletek, Giza Eskubideen Bulegoko komisarioak. Gehienak Turkia aldera doaz, eta, negu gordina izanik, «baldintza beldurgarrietan» daudela esan du.
Nazio Batuen Erakundeak hatza atera eta Siriako Gobernua seinalatu du: urtea hasi zenetik 298 herritar hil direla-eta, Baxar al-Assaden gobernuari eta aliatuei —tartean, Errusia— leporatu die horietatik %93 hil izana. Bacheletek salatu egin ditu «hilketa bereizi gabekoak eta ankerrak», eta gehitu du ez duela ulertzen nola inork «horrelako erasoak justifikatu ditzakeen». Matxinoek Idlib probintzian bere gain hartutako lurraldeak berreskuratzen ari da gobernua erasoen bidez, eta NBEk salatu du herritarrak eraso horietan hiltzen ari direla.
Bacheleten arabera, gora egingo du hildakoen kopuruak, eta borrokak amaitzeko eskatu du. Gaineratu du «larrituta» dagoela diplomaziaren «porrotaz».
Giza Eskubideen Bulegoko bozeramaile Rupert Colvillek salatu duenez, ospitaleei, osasun zentroei eta ikastetxeei erasotzen ari dira, eta baieztapen horri indarra emateko, ondorengoa hau ere esan du: «Eraso asko ari dira jasaten horrelako eraikinak, eta ezin da kasualitatez izan». NBEk esana dauka lehendik ere leku horiei erasotzea «gerrako krimena» izan daitekeela.
NBEk dio Sirian gerrako exodo «larriena» dagoela
Abendutik, 900.000 herritarrek utzi dute etxea ipar-mendebaldean, eta Nazio Batuen Erakundeak zibilak hiltzea leporatu dio gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu