HAITI. LURRIKARA. Dozenaka mila lagun hil dira Haitin, hiriburua txikitu duen lurrikaran

Richter eskalan 7 graduko lurrikara izan da Port-au-Princetik gertu, eta datu zehatzik ez den arren, hondamena handia da

/ Ainara Rodriguez
2010eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Richter eskalan 7 graduko lurrikarak Port-au-Prince (Haiti) suntsitu du. Ez da hondamendiaren datu zehatzik oraindik, bainaeraikinen azpian hildakoak ehun milatik gora izan daitezkeela ohartarazi dute agintariek. Epizentroa hiriburutik 15 kilometrora izan da, horregatik eragin du hain bortitz Port-au-Princen. Dena dela, Carrefur eta Jacmel herrietan ere kalte handiak sortu dituela uste du Elizabeth Byrs NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako Bulegoko eledunak. Gune horietara, baina, ez dute iristerik izan. Port-au-Princen ehun bat eraikin erori dira lurrikaragatik. Eta dozenaka mila lagun gelditu dira hondakinen artean harrapatuta. Hala jakinarazi du Jean Max Haitiko lehen ministroak. Haatik, informazio argirik emateko goizegi dela uste dute agintariek. Izan ere, errepide asko itxita daude, eta komunikazio bideak, etenda.

Egoera kaotikoa da. Presidentearen jauregia eta NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitza, besteak beste, larri hondatu ditu lurrikarak. Rene Preval Haitiko presidentea onik atera da, hala ere; eta herrialdeak bizi duenaren berri eman dio The Miami Herald egunkariari. «Lurrikarak ezin imajinatuzko hondamendia eragin du». Kale iskinetan zapaldutako hilotzak ikusi ditu Prevalek, eta inork erreskatatuko dituen zain, Parlamentuko hondakinetatik ezin irtenda daudenen garrasiak ere entzun dituela azaldu die kazetariei. «Parlamentua, zergen eraikina, eskolak, ospitaleak, denak erori dira. Jende mordo bat dago haien azpian». Erreskate lanei, ur hornikuntza bermatzeari eta herritarrei behin-behineko aterpea emateari lehentasuna eman die, horregatik.

NBEk Haitin duen misioburuak ez du Prevalek adina zorte izan. «Zoritxarrez, NBEren egoitzak lur jo zuen, eta badirudi bertan ziren guztiak hilda daudela, tartean Hedi Annabi», adierazi du Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak. Eraikin luxuzkoenak ere ez baitira zutik gelditu. La Montana hotela, besteak beste, 200 bat lagunen gainera erori dela uste dute adituek; haiek denak desagertuta daude.

Laguntza banatzeko oztopoak

Lurrikarak minutu luzez mugitu zuen lurra, herenegun, Euskal Herrian gauerdia zenean. Erreplikek ez dute etenik izan ordutik, gainera: atzo, Richter eskalan 4,5 eta 5,9 gradu artekoak izan ziren. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Zerbitzu Geologikoak azaldu duenez, halaber, hainbat egunez jarraituko du lurrak mugitzen. Eta hain zuzen horrek, erreskate lanak nabarmen zailtzen ditu. «Jendea hiritik ihesean hasi da, eta horrek laguntza iristea oztopatzen du. Laguntza jasotzen dutela ziurtatu behar dugu, beste hondamendi bat gertatu aurretik», azaldu du Kouchnerrek.

Atzoko gaua kalean igaro zuten milaka lagunek; zaurituek tartean. Gorpuak kale iskinetan daude pilatuta, eta herritarrak ahal duten gisan ari dira bizirautea lortu dutenen bila. 1946tik ez zuten halakorik sufritu Haitin; orduan Richter eskalan 8,1ko indarrez mugitu zen lurra.



Inguruko irletan ere nabaritu dute lurrikararen eragina

Haitin izandako lurrikarak inguruko uharteak ere mugitu ditu. Kuban eta Dominikar Errepublikan nabaritu dira dardarak, baina ez da inolako kalterik izan. Hala ere, lurrikara izan eta lehen orduetan, Dominikar Errepublikako hemezortzi eskualde hustu behar izan zituzten, tsunami arriskua zela eta.



Munduko herrialde txiroenen artean dago Haiti

Haiti da Amerikako herrialde pobreena. Baina ez hori bakarrik, munduko txiroenen artean ere aurkitzen da. Egoera ekonomiko kaskarrak, ingurumen degradazioak, indarkeriak, ezegonkortasunak eta estatu kolpeek eraman dute egoera horretara. Egunean, batez beste, bi dolar irabazten ditu Haitiko herritar batek.



XXI. mendeko lurrikara handienak

2001eko urtarrilaren 26a. Richter eskalan 6,9ko lurrikara izan zen Indian; 15.500 hildako eragin zituen.

2002ko urriaren 31. Italiako eskola bateko haurrak hil ziren.

2003ko maiatzaren 1a. Turkiako hego-ekialdean 160 lagun hil ziren.

2003ko maiatzaren 21a. 5,8 graduko lurrikarak 2.273 hildako utzi zituen Aljerian.

2003ko abenduaren 26a. Iranen 26.270 lagun hil ziren eta 70.000 etxerik gabe geratu ziren.

2004ko abenduaren 26a. Indonesian epizentroa zuen lurrikaran 226.000 lagun hil ziren Asia hegoaldeko eta Afrikako hamabi estatutan.

2005eko urriaren 8a. Kaxmirren 86.000 lagun hil ziren.

2007ko abuztuaren 15a. 437 lagun hil ziren Perun, 7,9 graduko lurrikara bategatik.

2008ko maiatzaren 12a. Lurrikara batek 90.000 hildako eragin zituen Wenchuan, Txinan.

2009ko apirilaren 6a. Abruzzoko eskualdean (Italia) 299 lagun hil ziren eta kalte material handiak eragin zituen.

2009ko irailaren 30a. Sumatrako kostaldean (Indonesia) 3.000 lagun hil ziren, eta 450.000 lagun etxerik gabe gelditu ziren.

2010eko urtarrilaren 12a. Dozenaka mila lagun hil ziren Haitin, 7 graduko lurrikaran.





Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 230.000 euro eman dituzteEusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 230.000 euro eman dituzte

Euskal Herria Haitira begira jarri da eta, nazioarteak bezala, Haitiko lurrikararen kalteak arintzeko laguntza eman du. Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, 200.000 eman ditu laguntza gisa. Enplegu eta Gizarte gaietarako Sailak kudeatzen duen Garapenerako Lankidetzaren zuzendaritzak bideratu du diru laguntza Antilletako herrialdera. Guztira, Ertzaintzako 27 espezialista, larrialdi egoeretarako teknikari bat, bost 4x4 auto, 4x4 kamioi bat, bi argiztatze dorre eta sorospenerako hainbat material bidali dituzte konboian. Nafarroako Gobernuak, bestalde, 30.000 euro emango ditu, «lurrikarak eragin dituen kalteak zehaztu bitartean». Ondoren diru gehiago bidaltzea ez du baztertzen Miguel Sanzen gobernuak. Bestalde, Hendaiako suhiltzaileen buru Nikolas Regeratekin batera beste lau suhiltzaile ere hara joatekoak dira.

Euskal Herria Haitira begira jarri da eta, nazioarteak bezala, Haitiko lurrikararen kalteak arintzeko laguntza eman du. Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, 200.000 eman ditu laguntza gisa. Enplegu eta Gizarte gaietarako Sailak kudeatzen duen Garapenerako Lankidetzaren zuzendaritzak bideratu du diru laguntza Antilletako herrialdera. Guztira, Ertzaintzako 27 espezialista, larrialdi egoeretarako teknikari bat, bost 4x4 auto, 4x4 kamioi bat, bi argiztatze dorre eta sorospenerako hainbat material bidali dituzte konboian. Nafarroako Gobernuak, bestalde, 30.000 euro emango ditu, «lurrikarak eragin dituen kalteak zehaztu bitartean». Ondoren diru gehiago bidaltzea ez du baztertzen Miguel Sanzen gobernuak. Bestalde, Hendaiako suhiltzaileen buru Nikolas Regeratekin batera beste lau suhiltzaile ere hara joatekoak dira.



Nazioarteko giza laguntzak hasi du Haitirako bidea

Konboiek arazoak izan dituzte lurrikararen erdigunera iristeko, azpiegituretan izandako kalteak direla eta
Ainara Rodriguez

«Gure herrialdeak ez du inoiz nazioarteko laguntzaren horrenbesteko beharrik izan». Dei etsia egin zuen atzo AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko Haitiko enbaxadoreak, Duly Brutusek. Izan ere, mota guztietako giza laguntza da uneotan Haitik behar duena. Arropa, janaria, ura, argia, sendagaiak... eskaintzen den oro gutxi da Karibeko herrialdean. Nazioarteak jarri du martxan Haitira bideraturiko giza laguntza. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, hain zuzen, horretarako deia egin du. «Nazioarteak aurre egin behar dion giza hondamendi larrienaren aurrean aurkitzen gara». EB Europako Batasunak, esaterako,hiru milioi euro eman ditu lurrikararen ondorioak arintzeko, eta datozen egunetan laguntza handituko duela nabarmendu du. Oxfam International eta Action Aid gobernuz kanpoko erakundeak, beren aldetik, Haitin dira dagoeneko. Bien artean 150 pertsonako sorospen taldea osatu dute. Gurutze Gorria ere bertan da, oinarrizko beharrei erantzuteko prest.

Munduko hainbat herrialde ere jarri dira Haitira begira. Oro har, Brasil, Venezuela, Kuba, Nikaragua, Honduras, Kolonbia, Mexiko, Panama, Errusia, Italia, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Suitza, Espainia, Israel eta Txina dira giza laguntza bideratzeko prest agertu direnak. AEB Ameriketako Estatu Batuek ere «beharrezko laguntza guztia emateko prest» azaldu dira, Barack Obama presidentearen hitzetan. Lehen neurri gisa, espezializatutako 72 pertsona, 48 tona sorospen material eta arakatze lanetarako txakurrak bidaliko dituzte. Horretaz gain, militarrak bidaltzeko asmoa ere agertu dute.

Edonola ere, giza laguntza lurrikararen erdigunera iristeko arazoekin topatu dira; lurrikararen eraginez azpiegiturak kaltetu dira, eta konboiek ezin izan dute bertaratu. Edonola ere, hegaldiak abiatu dira Haitira; lehengaiez lepo, Haitiko herritarrak laguntzea dute xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.