Asturiasera edo langabeziara. Hautua ez da erraza. Zumarragako (Gipuzkoa) Arcelorreko lantegia itxi egin dute azkenean. Hilabeteetako borrokak ez du fruiturik eman. Iragan hurbilera begiratu, eta borroka luzea ikusten dute Jesus Acostak (Altsasu, Nafarroa, 1963) eta Luis Mari Ibargurenek (Legazpi, Gipuzkoa, 1962). Bi behargin, bi bide: Acosta Asturiasera, Ibarguren langabeziara. Euren lantegia irekita mantentzeko saio etsiak huts egin du. Altzairugintzako multinazional erraldoiak hasieratik argi zuen planta itxi egingo zuela.
«Langile bakoitzaren egoera oso desberdina da. Batzuei gogor eragin die Zumarragako planta itxi izanak. Beste batzuei, berriz, ongi etorri zaiela uste dugu», esan du Acostak, eta Ibargurenek adostasuna adierazi du imintzioarekin. Lantegia itxi zenean, enpresak bi aukera eman zizkien: Asturiasko (Espainia) lantegietara joatea edo kalte-ordainak jaso eta langabezian geratzea. Hori ikusita, 209 langileek kaleratzea sinatu zuten. 85 langilek Asturiasera joatea erabaki zuten, eta 21ek erretiro aurreratua hartu zuten. Acosta Asturiasera doa, erabaki zail baten ondoren: «Ezin da jakin hartutako erabakia ona ala txarra izango den, baina azkenean ez dugu beste aukerarik; erabaki bat hartu behar da enpresak emandako aukeren artean».
Asturiasera doazenei 25.000 euroko diru laguntza emango die multinazionalak. Baina behargin ohiak ez daude gustura, orain urte batzuk Zumarragako lantegira iritsi zen beste langile talde batek baldintza hobeak izan zituelako. «Guztietan ergelenak izan garela dirudi», dio Acostak.Madrildik eta Bergaratik Zumarragara joandako langileek baldintza hobeak izan zituzten lekualdatzea sustatzeko. 25.000 euroko diru laguntzak emateaz gain, urte eta erdiko epea eman zieten lantegira egokitzeko, eta, epe horretan moldatu ezean, lantokitik alde egiteko aukera izan zuten.
Segurtasun sare horrek egiten du aldea. Zumarragakoei aukera hori eskainiz gero, Ibargurenek eta Acostak uste dute langile gehiagok baiezkoa esango ziotela Asturiasera joateko aukerari; seguru daude. «Arcelor Mittal nahi duen guztia jolastu da Zumarragako plantako langileekin. Azken finean, horma atzean eta ezpata aurrean jarri gaituzte», esan du Ibargurenek. Kaleratzea sinatu du hark, eta langabezian geratzea erabaki du. «Balantza batean jarri behar dira hemen geratzeak edo Asturiasera joateak ekar ditzakeen alde onak eta txarrak».
Begiak itxita doaz
Asturiasera joan diren langileak «begiak itxita» joango direla dio Ibargurenek. Acostak ere ideia bera azpimarratu du. Izan ere, Asturiasera joatea erabaki dutenek apenas duten informaziotarik; ez dakite nola moldatuko diren han. «Ez dakit Asturiasko zein lantegitan ariko naizen ere, ezta non bizi beharko dudan ere. Horrek eragiten zidan atzera erabakia hartzerakoan. Begiak estalita goaz, inongo ideiarik gabe», azaldu du Acostak. Langabezian geratu diren langileek jasoko dituzten kalte-ordainei dagokienez, legeak bidegabeko kaleratzeengatik ezartzen dituen baldintzak emango dizkie enpresak. Guztira, lan eginiko urteko 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute.
Hartutako erabakiari buruz galdetzean, erantzuna argi zutela aitortu dute Zumarragako bi langile ohiek. «Nik argi nuen: ez nuen inongo aukerarik Asturiasera joateko. Ez zidaten ezer segurutzat eman, eta nahiago izan nuen langabezian geratu». Euskal Herrian bere bizitza egina duela azaldu du Ibargurenek, eta beste betebehar batzuk dituela:familia, baserria eta lan mundutik kanpo egiten dituen jarduerak batik bat.
Asturiasera joateko erabakia aukeratu duenak ere, Acostak, erabakia garbi zuen. Bere egoerak pisu handia izan du hautua egitean: «Badakit nire kasua pribilegiatua dela». Semea lanean du Acostak, eta emaztearekin joango da Asturiasera. Badaki beste lankide batzuen egoera ez dela hori, beste baldintza batzuk daudela erabakiaren atzean: «Askoz ere gogorragoa da ezer erabakitzea hipoteka eta ume txikiak dituen langile batentzat». Acostaren iritziz, zenbait langilek ez dute inolako aukerarik izan.
Arcelorrek irabazi du
Hainbat hilabetetan langileekin egindako negoziazioak bertan behera utzi, eta hasieratik nahi zuena lortu du altzairugintzako multinazionalak. Zumarragako planta itxita, behargin gehienak kalera joan dira; beste zenbait, Asturiasera. Egoera hori espero zutela aitortu dute beharginek.«Langile batzordeak ez du aukerarik izan ezer egiteko. Enpresak langileak kentzea zuen helburu, eta lortu du». Enpresak lantegiari eusteko inolako interesik ez zuela adierazi du Ibargurenek. Hasieratik markatuta zegoela urruti hartzen diren erabakien gelan, alegia.
Egungo eta beste garai bateko lantegiko arduradunen jarrera ere salatu dute Acostak eta Ibargurenek. Enpresak zituen arazoak «konpontzen saiatu beharrean, beren interesei begiratu zieten», haien ustez, eta «estali» egin zituzten arazoak. Irabaziak eman beharrean planta galerak ematen hasi zela azaldu dute; hor dago itxieraren jatorria, langileentzat. Merkatuaren egoera txarrak ere eragina izan duela aitortu dute, hala ere.
Eusko Jaurlaritzarekin ere ez daude gustura Luis Mari Ibarguren eta Jesus Acosta. «Ez du beharrezko kontrolik jarri atzerriko multinazionalaren gainean. Hori dela eta, orain ez dute inolako aukerarik izan Arcelor Mittalekin adosteko, eta nahi duena egin du enpresak». ACB plantaren egoerak ere jokatu du bere rola Zumarragaren patuan, haien ustez. «Jaurlaritzak neurririk hartu ezean» Sestaoko lantokiak ere Zumarragaren bide beretik bukatuko duela diote.
Denak Asturiasera
Arrisku bat izan arren, enpresari aurre egiteko modu bakarra denak Asturiasera joatea izango zela dio Ibargurenek. Argumentua ulertzen duen arren, Acostak ez du hain garbi ikusten kontua. «Nire ustez, ez zen horrelakorik aterako. Denok ez zuten hartuko erabaki bera. Langile batzordean egoera hori planteatu zen, baina enpresak nahikoa izan du kalte-ordainak hobetzearekin».
Zumarragako langile guztiak Asturiasera joan izan balira multinazionala egoera larrian egongo litzatekeela uste dute Ibargurenek eta Acostak. Zumarragako lantegian zegoen arazoa Asturiaseko lantegietara eramango zuten modu horretan. «Jendea kaleratu nahi zuen enpresak, eta seguru naiz kalte-ordainak gehiago handituko zituela langileak Asturiasera joateko prest egon izan bagina», nabarmendu du Ibargurenek. Bere lankide ohiak, berriz, ez du garbi ikusten multinazionalak zer egingo zuen horrelako egoera batean.
Arcelor Mittaleko lan gatazka. Zumarraga
«Horma atzean, ezpata aurrean jarri gaituzte»
Arcelor Mittalek Zumarragako lantokia itxi du azkenean, eta 209 langileek kaleratzea sinatu dute; beste 85 Asturiasera joango dira, eta gainontzeko 21ek erretiro aurreratua hartu dute. Kopuruek gordetako istorio bi dira hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu