Arrauna

Oriok ez du huts egin etxean, eta are gehiago sendotu du lidergoa

Hirugarren bandera irabazi du Euskotren ligan, Orion. Hondarribia suspertu egin da

Orioko arraunlariak bandera jaso berritan, pozarren, atzo, Orion, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Etxeko estropadak beti izaten dira bereziak, eta berezitasun horretan, Oriok ez zuen huts egin bere herriko estropadan, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian. Xanti Zabaletaren taldeak denboraldiko hirugarren bandera irabazi zuen, hasieratik amaiera arte estropada buruan egon ostean. Atzo ere, azken lau estropadek izan duten joera berretsi zen: lehia eta berdintasun handia lau ontzien artean.

Orioko estropada eremua benetan teknikoa izan ohi da; izan ere, olatuek laugarren kaletik lehenengo kalerako norabidea izaten dute. Gainera, kanporanzko bi luzeetan olatuek istribor aldetik jotzen dituzte traineruak, eta, beraz, arraunlariek galtzak bete lan izaten dute ontzia orekatuta eramateko. Zailtasunak zailtasun, patroiek euren abilezia erakusteko eremu aproposa. Atzokoan, behinik behin, Nadeth Agirre Orioko lemazaina moldatu zen hobekien.

Donostiarra ospe txarra duen lehendabiziko kaletik aritu zen; izan ere, gainontzeko kaleekin alderatuta, inguru horretan hondo gutxi egon ohi da, eta olatuen errepunpen ondorioz, eremu hori besteek baino zikinxeago egoten da. Orio bigarrenetik aritu zen; Hondarribia, hirugarrenetik; eta Arraun Lagunak, laugarrenetik. Lau ontziek irteera bizi-bizia egin zuten, baina San Nikolas eta Lugañene egungo ontzi indartsuenek hartu zuten burua. Bigarren minuturako, ordea, Orio zen aurretik. Ohiko erritmoa zeramaten Zabaletaren arraunlariek; minutuko 36 paladakoa. Hondarribia bi segundo zen atzetik, hirura Arraun Lagunak, eta bostera Donostiarra. Azken horiek majo sufritu zuten.

Oriokoak ziabogara ontzi bat baino gehiagoko aldearekin iritsi ziren, eta Agirre patroiak eta Oihane Iraola aurrekalariak ontziari azkar eman zioten bira. Haien ondoren, Arraun Lagunak heldu zen, baina Andrea Astudillo lemazainari ontzia apur bat joan zitzaion, Hondarribiaren mesedetan. Ama Guadalupekoa trainerua donostiarren aurretik atera ziren ziabogatik.

Maniobraren ostean, Oriok bere betiko arraunketan jarraitu zuen. Olatuek laugarren kaletik lehenengora jotzen zuten arren, Agirrek bere kaleari eutsi zion, hots, bigarrengoari. Eta asmatu egin zuen. Atzean, berriz, Arraun Lagunak-ek eta Hondarribiak sekulako borroka izan zuten bigarren posturako lehian. Halere, Donostiako taldeak ezin zuen istriborrerago joan, hondarribiarrak baitzituzten ondoan. Kondenatuta zegoen Astudillo.

Itsasoa oso mugituta ez zegoenez, ezustekoak suertatzeko aukera gutxiago zegoen. Orioren mesederako zen hori. Dena den, oriotarrek ez zuten erritmoa lasaitzeko astirik, eta lanean serio jardun zuten, amaieraraino. Eurena izan zen garaipena. Bitartean, atzean, Hondarribiak Arraun Lagunak-i ez zion aurre hartzen utzi, eta azken metroetan baliatutako olatu bati esker bigarrenak izan ziren berdeak. Arraun Lagunak 40 ehunenekotara sartu zen, eta Donostiarra garailearengandik sei segundora. Horrenbestez, sailkapen nagusian, Oriok bi punturen aldea ateratzen dio orain Arraun Lagunak-i. Hirugarren postuan Donostiarrak jarraitzen du, baina Hondarribia bi puntura gerturatu zaio. Ligako seigarren jardunaldia izango dute gaur (11:40, ETB 1), Getxon (Bizkaia).

KAE 1 eta ETE ligak

KAE 1 eta ETE ligek Zumaian (Gipuzkoa) izan zuten lehia atzo, eta Getariak eta Tolosaldeak olatu aparretan jarraitzen dute. Esperantza ontzia nagusitu zen gizonezkoetan, aurten hirugarrenez. San Pedrori 36 ehuneneko baino ez zizkion atera, eta Pedreña hirugarrenari 22 segundo. Hala, lidergoa sendotu dute getariarrek. Baita Tolosaldeak ere; sasoiko seigarren bandera lortu zuen, Deustu bigarrenari sei segundo aterata. Bihar, KAE 1 ligakoek Orion izango dute estropada (11:30); KAE2koek, aldiz, Portugaleten (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.